Energia batzordeetan egindakoaren berri eman dute Ikastetxe-Klik proiektuko kideek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mai. 31a, 14:11

Ikastetxe-Klik proiektuaren ikasturte bukaerako ekitaldia egin dute gaur Oñatiko Gaztelekuan. Aretxabaletako, Arrasateko, Eskoriatzako, Bergarako, Elgetako eta Oñatiko hamahiru ikastetxek hartu dute parte 2023-2024 aldian, eta energia eraginkortasuna izan dute hizpide.

Debagoiena 2030 ekimena eta bailarako udalak dira bultzatzaileak, eta ekitaldian izan dira gainontzeko parte-hartzaile guztiekin batera, ikastetxeetan sortutako energia batzordeen lana goraipatu nahi izan baitute. "Ekitaldi xume bat prestatu nahi izan dugu. Egia da ikastetxeetan bestelako hamaika proiektu izaten dituztela, baina hilero-hilero energiari tarte bat eskaintzea eta honek duen inpaktu biderkatzailea kontuan hartuta, iruditzen zaigu merezi duela egindako lana errekonozitzea", azpimarratu du Idoia Illarramendik, D2030eko Gizarte Berrikuntzako Proiektu Arduradunak.

Illarramendiren hitzetan, batez beste, hamar kide batu dira eskoletako energia batzordeetan, eta, beraz, 130 lagun inguruk hartu dute parte proiektuan. Hala, uste du ikasleengan, eta, oro har, ikastetxeetako komunitateengan, inpaktu pedagogiko bat izatea erdiesten dela, kontsumo ohituretan eragiten delako. Eta, hain justu, gauza bera dio Monika Monteagudok, EkoON erakundeko partaidea: "Balio nagusiena guretzako da ikastetxeetan lortu izatea kontzientzia hori bereganatzea: aurrezpenaren alde, eraginkortasunaren alde, neurri oso errazekin nola aurreztu dezakegun beraiek ulertzea, ikastea, eta, azken batean, bizitza pertsonalera eramatea". 

EkoON erakundeak bigarren urtez jarraian garatu du Ikastetxe-Klik proiektua Debagoiena 2030 ekimenarekin elkarlanean, eta balorazioa "oso positiboa" da, energia batzordeetako kideak ikasteko prest daudelako.

Ikastetxeetatik harago

Energia batzordeetako ikasleetako bat da, esate baterako, Auritz Urzelai, Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko bosgarren mailako ikaslea, eta egindakoaren berri eman du: "Argiei dagokienez, led argiak jarri ditugu, argi iguala egiten baitu eta gutxiago kontsumitzen baitu; eta pasilloetan ere sentsoreak jarri ditugu, automatikoki itzali eta pizteko. Uraren arloan, berriz, grifoetan bridak jarri ditugu; horrela, grifoa ukitzerakoan, ur dena bota ordez, gutxiago kontsumitzen da".

Ikasleek, gainera, ikastetxeetan ikasitakoa etxera eraman ohi dute, baina baita herrira zabaldu ere, eta, hala, hori "oso interesgarria" dela dio Ibon Unzetabarrenetxea Elgetako alkateak eta, aldi berean, Elgeta Herri Eskolako energia batzordeko kideak: "Askotan pentsatzen dugu dena dakigula, baina ikasleekin jabetu naiz ni ere gauza askotaz. Areago, izan dut praktikan jartzeko gogoa ere, uste baitut denok egin beharreko gauza bat dela, eta, bide horretan, udaletxea izan behar dela eredu bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak