HEMEN DEBAGOIENA

Iker Barbero: "Europako legediak eragin zuzena dauka gure bizitzan"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mai. 31a, 12:37

Ekainaren 9an egingo dira Europako hauteskundeak eta hauteskunde horietako gakoei buruz hitz egin du Iker Barbero EHUko eta LSNEko irakasleak GOIENArekin.

Europako hauteskundeen garrantziaz, Bruselan hartzen diren erabakiez eta hauteskundeen ostean hartu beharreko erabaki nagusiei buruz hitz egin du Zuzenbide irakasle Iker Barberok GOIENArekin.

Zer dago jokoan Europako hauteskundeetan?

Europako Batasuneko proiektu solidarioa eta aurrerakoia izatea. Ikusten ari gara eskuin muturreko ideologia aurrera doala, edo hala esaten dute inkestek. Helburua izan beharko litzateke horma bat ezartzea. Ongizate estatuaren murrizketa dagoeneko martxan dago eta orain erradikalagoa izango litzateke. Nolabait, Argentinan gertatzen ari den bezala; ikusten dugu eredu hori hemen ere ezarriko litzatekeela.

Parte-hartzea %50etik beherakoa izatea aurreikusten da; zein da horren arrazoia?

Ezjakintasuna garrantzitsua da; Europako Batasuneko sistema politiko eta juridikoa oso konplexua da. Normala da jendeak ez jakitea zer bozkatzen duen. Uste dut Europako agintarien lana oso ezezaguna dela. Ez gara konturatzen Europako legediaren %60-70k eragin
zuzena daukala gure bizitzan. Haserrea ere badago. Gizarteak pairatu izan ditu murrizketak, giza eskubideen kontrako erasoak… Europatik gauza onak ere badatoz: diru-funtsak eta dirulaguntzak.

Aipatu dituzun arrazoiek lagundu dezakete boto-emaileak mugiarazten?

Parte-hartzearen gorakada efektu bikoitzetik dator. Eskuin muturrak jakin izan du sare sozialen bitartez kanpaina oso ona egiten. Europako Batasuna eta Europako erakundeak konturatu dira egoera hori dagoela eta sare sozialetan zabaldu dute bideo bat erregimen totalitarioen arriskua ohartaraziz, eta saiatuko da mobilizatzen totalitarismoaren kontrako botoetan.

Zilegitasuna irabazten dabil eskuin muturra?

Zilegitasuna, ez dakit; presentzia, bai. Presentzia aspaldi lortu zuen eta orain ikusi dugu Europako Batasuneko erakundeak baliagarriak direla, eta horretaz baliatu nahi du haren proiektua aurrera eramateko.

Ultraeskuina Europarlamentuan agintzen duen lehen alderdien artean kokatzen bada, ze norabide aldaketa gerta daiteke?

Europako Batasunean eskuin muturra aspalditik da erreferente bat; batez ere, Europako eskumarentzat. Erakunde batzuetan eskuina eta eskuin muturra elkarrekin ari dira lanean, elkarrekin bozkatzen dute. Gorakadaren olatua handia izaten bada, karguen banaketan eragina izango du, eta, agian, batzordean eserleku bat izan dezake, eta horrek immigrazio politikan, politika publikoen kudeaketan eta klima aldaketan eragina izan dezake.

Zein urrats egin beharko luke Europako Batasunak Ekialde Hurbilean bakea lortzeko?

Batetik, adierazpen politikoak daude. Oraindik Europako Batasunak ez daki zein den horren aurrean izan behar duen diskurtsoa. Alemaniak pisu handia dauka eta Alemaniak, historiaren ondorioz, oraindik muga batzuk ikusten ditu Israelen gerra gaitzesteko. Ekonomian ere Israelekin akordio bat existitzen da elkarlanerako eta juridikoki uste dut badagoela tresna bat Israelgo gerra geratzeko. Akordioak eskatzen du giza eskubideak bermatzea, eta ez da hori gertatzen.

Europak militarizatzera egingo du? Derrigorrezko soldaduska bueltatuko da?

Herrialde bakoitzak erabakitzen du hori, baina ikusten ari gara gorakada dagoela gastu militarrean, segurtasunean… Gutxienez, beldur hori sartzen ari da, eta beldurra elementu bezala politikan sartzen denean oso zaila da kontrolatzea. Beldurra kontrolatzen duenak joko taula kontrolatzen du, eta oso arriskutsua da.

Zeintzuk izango dira datozen urteetan hartu beharreko erabaki nagusiak?

Eskuin muturra gailentzen bada, klima aldaketaren kontrako neurriak, estaturik gabeko nazioetan hizkuntzak erabiltzeko zailtasunak eta migratzaileen eskubideen murrizketak izango dira.

Hauteskunde kanpaina nola ari zara ikusten?

Politika oso bortitz bihurtzen ari da. Elkarrizketarako espazio gutxi dago, elementu fidagarriak ez dira erabiltzen, beti ari dira gezurrak edo ustezko datuak erabiltzen. Ezin da gaur egungo politika gezur orokor bat izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak