Puntua aldizkariaren 412. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Musikaren industriak aldaketa handiak izan ditu XX. mende erdialdetik hona, arlo ugaritan, eta, zeresanik ez, musika grabatu eta entzuteko euskarrietan. Baina badago euskarri bat joera berritzaileen aurrean tinko mantendu dena, deskatalogatu ez dena, eta hori binilozko diskoa da. 1948an merkaturatu zuen AEBetako Columbia Records konpainiak, goma-lakaz egiten ziren 78 RPM disko hauskorren alternatiba gisa. Binilozko polikloruro materialaz osatuta daude –horratx izenaren jatorria– eta, ezaugarrien artean, 78 RPMek baino motelago biratzen zuten. Horregatik ahalbidetzen zuen iraupen luzeagoko grabaketak egitea, ordubete pasatxokoak, ekoizle, sortzaile eta zaleentzat abantaila nabarmena.
Sorrerako lehen 25 urteetan ez zuen konpetentziarik izan, harik eta kaseteak hedatu ziren arte. Agerpen hark baino arrasto sakonagoa utzi zuen disko konpaktuaren gizarteratzeak, 80ko hamarkadan. Hala, 40 urtean lehen aldiz binilozko diskoan baino musika gehiago kaleratu zen beste euskarri batean; kasu horretan, CDan. 90eko hamarkadan jo zuen goia formatu horrek; hala ere, XXI. mendean barneratu ahala, medio eta plataforma digitalek pixkanaka lekua hartu zieten analogikoei. Horren erakusle argia da CDen salmentek izan duten beherakada azken 20 urteotan. Kontrara, logika eta pronostiko guztien aurka, iraultza digitalaren albo-ondorioetako bat binilozko diskoaren susperraldia izan da.
Bogan, guztientzat
Zenbakiei erreparatuz, Statista datu-basearen arabera, 2005ean 15.000 binilo-unitate saldu ziren Espainian, 2013an 140.000 eta 2023an 2,1 milioi. Hau da, 20 urtean 140 aldiz hazi da biniloen salmenta. Diskoetxe handiek horren aldeko apustua egiten dutenez, musikari famatuenen lan gehienak biniloan eskuratu daitezke. Baina eskala txikian mugitzen diren taldeek, hau da, zuzenekoak gaztetxe, areto eta tabernetan jotzen dituztenek, oso kontuan izaten dute lan berriak biniloan kaleratzea.
Esaterako, rock estilo askotatik edaten duen Oñatiko Ramada Inn hirukoteak formatu fisiko horretan atera du estudioko bigarren lana: Real Tree. Arrazoietako bat, Juan Valls taldekidearen esanetan, "proiektua mimatzea, gure buruari opari bat egitea" izan da. Baina badaude arrazoi sakonagoak ere: "Erreferentzia musikalak txikitatik jaso ditugu biniloetatik, etxean, gurasoek eraginda. Badauka erritual bat gaur egungo bizimodura egokitzen ez dena, denbora hartu behar duzu, letrak begiratu... Egia da kozinatzen edota dutxan zauden bitartean entzun dezakezula biniloa, baina musika entzuteko era oso kuriosoa izaten jarraitzen du. Gaur egun, streaming-arekin, abestiak entzutea aktibitate gehigarri bat bezala hartzen dugu; korrika egitearen osagarri bezala, adibidez".
TALDEEK AHALEGIN BEREZIA EGITEN DUTE BINILOA KALERATZEKO, ETA ZALEEK ESKERTU EGITEN DUTE
Bestalde, aukera horren alde egiteak etekin ekonomikoei ez begiratzea dakarrela ere gehitu du, baita ahalegin berezia egin behar izatea ere: "Bitartekaritza enpresa batekin harremanetan jarri eta haren eskakizunetara moldatzea dakar, artxiboak parametro berezi batzuetan bidaltzea, eta, noski, zain egotea". Izan ere, biniloak fabrikatzen dituzten lantegi gutxi batzuk baino ez daude hemen inguruan –hurbilena, Urdulizen–, eta badaude Txekiar Errepublikaraino jotzen dutenik ere.
Txukunak eta delikatuak
Binilozaleek badakite halako taldeentzat zer den diskoa biniloan ateratzea. Agoitz Garcia arrasatearrarentzat, adibidez, garrantzitsua da lan baten lehenengo edizioa erostea: "Inguruko zirkuituetan ikusten ditugun taldeek, demagun, Kooltur Ostegunetik pasatzen direnek, kontzertu ostean biniloa salgai jartzen badute, litekeena da lehenengo edizioa izatea. Momentu horretan ez dakite zer-nolako zabalkundea izango duen euren lanak gerora, eta binilozaleon artean badago halako pike sano bat, talde bat oso ezaguna ez zenean album originala eskuratu eta nolabaiteko fama lortzen dutenean gogoratzekoa: 'Begira, disko hau inork ezagutzen ez zituenean lortu nuen..."
15 urterekin eskuratu zuen Garciak lehen biniloa, Deskontrolen Behin eta berriz, eta musika entzuteko moduarekin liluratuta geratu zen: "Hasieratik harrapatu ninduen inguratzen duen guztiak. Gustatzen zait betirako izango den objektu bat edukitzea; gainera, lan txukuna da, eta kontu handia izan behar duzu biniloa disko-jogailuan kokatzerakoan. Maitasunez, samurtasunez tratatu behar da. Disko eta kaseteekin ez da hori gertatzen, eta ez ditut hainbeste balioesten".
Dendak, aleka, baina zutik
Zalantza barik, kontzertuak izaten dira musika-taldeen lanen salmenta puntu nagusienetakoa, nagusiena ez bada. Zuzenekoen ostean sortzen dira zaleen eta musikarien arteko elkarrizketak, eta, askotan, harreman horietan pizten da egitasmo berrietarako txinparta. Horren harira, Vallsek zera gogoratu du: "Ramada Innen lehen lana CDan atera genuen eta aurkezpen kontzertuetan etortzen zitzaigun jendea galdezka ea biniloan bageneukan... Ikusi genuen guri bakarrik ezetz, entzuleei ere gustatzen zitzaiela ideia hura".
Hala ere, kontzertuak iragankorrak dira, une bat irauten dute, eta musika mugimendu batek hori baino gehiago behar du, bizirauteko ez ezik, arnasa patxadaz hartzeko. Zorionez, aleka badira ere, gune finko eta ukigarriak oraindik existitzen dira; hau da, ordutegi batekin funtzionatzen duten eta musikan espezializatuta dauden denda fisikoak. Arrasatear jatorriko Nagel Naldak Angel Txiki anaiarekin batera jarri zuen martxan Vinylora izeneko denda 2019an, Gasteizen.
Pauso hura ematearen zergatia galdetuta, Naldak azaldu du "formatu fisikoa aldarrikatzeagatik" hartu zutela erabakia: "Gero eta denda gutxiago zeudela eta musika mundua norantz zihoan ikusita, erabaki genuen denda zabaltzea, jarrera guztien kontra. Ingalaterran biniloen gorakada gertatzen ari zela konturatu ginen eta dagoeneko bost urte igaro dira zabaldu genuenetik, justu-justu, baina pozik. Gustuko duguna egitea gauza handia da eta".
INTERNETEK ETA SARE SOZIALEK ALDAKETA EKARRI DUTE BINILOEN SALEROSKETAN, BAINA DENDAK GUTXITU DIRA
Euskal Herri osoko bezeroak etortzen zaizkiela adierazi du, adin guztietakoak, eta genero aldetik ere "emakume dezente, %40 inguru". Dendaren berezitasunari buruz, bertan musika mundua, "bereziki gitarrez osatutako musika mundua" islatzen dela aipatu du. Kasu batzuetan, musikariak jartzen dira haiekin harremanetan, baina, normalean, haiek dira taldeengana joaten direnak: "Proiektu berri piloa sortzen dira gaur egun eta bakoitzak bere kabuz egiten du ia-ia dena, horregatik komeni da adi egotea; talde gazte batzuk harritu egiten dira modu fisikoan saltzen dugula esaten diegunean, denda gutxi baitaude orain".
Hori esanda, salerosketa puntu bat baino, zerbitzu osoagoa ematen saiatzen direla gaineratu du: "Hona jendea aholku bila etortzen da sarri, eta kontzertuak edota hitzaldiak ere antolatzen ditugu". Era berean, erosteko ohiturak aldatu direla-eta, oso aktiboak dira sare sozialetan, ia egunero igotzen dute nobedaderen bat: "Interneteko etengabeko presentziak ate asko zabaldu dizkigu. Jendeak gustuko zerbait daukagula ikusten badu, kontaktuan jarri eta erreserbatzeko eskatzen digu, webgunetik erosten digu... Sare sozialak oso tresna erabilgarria dira".
Internet aurretik eta orain
Aurreko mendean, baina, ez zegoen halakorik; beraz, binilozaleek beste baliabide batzuk zituzten. 90eko hamarkadan hasi zen Izaro Aperribai bergararra musika formatu horretan entzuten: "Arkeologo lanak egin behar ziren. Adibidez, lehen biniloa erosteko jira-bira dezente egin nituen: lagun batek rock-and-roll zinta bat oparitu zidan, hainbat talderen kantu solteak zekartzana. Abesti haietako bat zen Sweet Jane, Velvet Underground-en Loaded albumekoa. Ba, hura entzun ondoren erabaki nuen lan hura biniloan erostea".
Bestalde, gogoan du bazegoela Disco Play izeneko katalogo bat, hilero ateratzen zena: "Han gustuko diskoren bat ikusten bazenuen, haren izena idazten zenuen karta batean, kupoi batekin, eta bidali egiten zenien. Postaz erostea hori zen. Gero, dendak ere bazeuden; adibidez, Bergaran Etxepare geneukan. Han erosi nituen Itoizen Espaloian eta Musikaz Blai, Ramones-enak… Horrela joan naiz gauzak ezagutzen. Dendara joan, eta bertako saltzaileak gomendatzen zizunari kasu egin, toki diferenteetara joan eta ikertu...".
Gomendioen ohitura oraindik mantentzen duela aitortu du Aperribaik: "Are gehiago, gaur egun errazagoa da gustuko duzuna partekatzea; kantu-zerrenda bat egin eta lagunei bidali, entzun, kontrastatu... Lehen, jendearekin aurrez aurre egotea zen ahoz ahokoa bermatzeko modu bakarra, baina gaur egun, hazi egin dira moduak".
Agian, irakurle batzuek Elvis Caino DJ bezala ezagutuko dute Aperribai; areto askotan aritu izan da musika jartzen, eta jarraitzen du egiteko horretan, nahiz eta moduak aldatu behar izan dituen: "Duela 20 urte inguru hasi nintzenean, nire bildumako rock eta soul estiloko biniloak eta CDak jartzen nituen, edota biniloak bakarrik, bi plater erabilita. Baina euskarriek oso gaizki bukatzen zuten, izorratu egiten ziren, eta orratz berriak ere erosi behar... Gerora, USBarekin alternatu ditut, edo, niri esatea gustatzen zaidan moduan, kaparrekin".
Begietatik sartzen dira
Entzunaz bakarrik ez, ikusiz ere gozatu egin daiteke biniloekin. Diseinatzaileek eginkizun garrantzitsua dute lana modu erakargarrian aurkezteko orduan; izan ere, badira binilo batzuk haien azalagatik egin direnak bereziki ezagun: hortxe daude Andy Warhol-ek Velvet Underground-i egin zion platanoarena edota Rolling Stones-i egin zion kremailerarena. Gurera etorrita, zigilu berezia daramate, esaterako, Mikel Laboari Jose Luis Zumeta margolariak egiten zizkion azalek. Zeren eta badaude disko-jogailurik eduki gabe biniloak erosten dituztenak, estetikak bultzatuta.
IRUDIEK ERE PISU HANDIA HARTZEN DUTE BINILOETAN, BADIRA-ETA OSO EZAGUNAK DIREN AZALAK
Iban Galanek diseinu grafiko eta ilustrazio lanak egiten ditu Desegin marka artistikoarekin, eta aitortu du noizbait sentitu izan duela bulkada hori. Musikaren eta irudiaren arteko harremana oso barneratuta daukala kontuan hartuta, ez dio muzinik egiten gertuko musika talderen batek kaleratu behar duen binilorako diseinuak egiteko eskatzen dionean. Bitter Honey-ri eta Erromintxelak-i egin zien, eta orain, Txakurrak taldearentzako ari da sortzen. Honela azaldu du nola eraikitzen duten: "Musikarien eta irudigilearen arteko elkarrizketatik abiatzen da ideia orokorra; haien gustuak, kantuen muina, lan osoaren hari eroalea... zeintzuk diren jakiteak laguntzen du azalean, kontrazalean zein galletan nire istorioak sortzen".
Abestiek bezala, ilustrazioek ere euren prozesua eta etapak pasa behar dituzte. Desegin-ek teknika tradizionala digitalarekin konbinatzen du: "Normalean, zirriborroak eskuz egiten ditut eta nahiko garatuta daudenean ordenagailura pasatzen ditut, arkatz digitala erabilita, konposizioarekin jolasten hasteko. Gainera, ordenagailuan egiten duzunean kalitate gutxiago galtzen da, trazu garbia geratzen da beti, irudien tamaina handituta ere".
Hura ere binilozalea izanda, "polita" iruditzen zaio formatu horrek bizi duen "bigarren bizitza". Beste elkarrizketatuek bezala, ez du kolokan ikusten euskarri dotore horren etorkizuna. Maitatua izaten jarraitzen badu, garbi dago ezetz.