Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan egon guran, lagunarteko lehia estua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko mai. 24a, 08:03

Gipuzkoa Bertsotan bigarren itzulira pasatu diren Debagoieneko bertsolariak. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasearen bigarren itzulia abiatuko dute bihar, zapatua, Antzuolan eta Pasaian egingo dituzten saioekin; Debagoieneko zazpi bertsolarik jardungo dute txartelaren lehian

74 bertsolarirekin abiatu zuten Gipuzkoa Bertsotan-eko sailkapen faseko lehen itzulia. Eskoriatzan egin zuten estreinako saioa, apirilaren 25ean, eta Oñatin azkena, maiatzaren 17an. Bi multzotan banatuta, hamabi kanporaketa jokatu zituzten, guztira, eta haietatik 48 bertsolarik lortu zuten bihar abiatuko den bigarren fasera pasatzea.

48 bertsolari, zortzi saiotan banatuta, udazkenerako txartelaren lehian

Debagoieneko bertso eskoletako ordezkariei dagokienez, bederatzi bertsolarirekin abiatu zen Gipuzkoa Bertsotan izena duen sailkapen fasea eta honako hauek egin dute, oraingoz, aurrera: Haizea eta Oihana Arana Eskoriatzako ahizpek; Ane Zuazubiskar arrasatearrak; eta Oñatiko Maider Arregik, Aitor Tatiegik, Urko Egañak eta Urko Arregik.

Aurreko saioan, "gustura"

Salbuespenak salbuespen aurreko saioan egindako akatsak edo hobetu beharrekoak alboratu barik, orokorrean "gustura" dira Debagoieneko ordezkariak lehen itzuliak emandakoarekin. "Ez nuen espero hain ondo egingo nuenik, eta aurrera jarraitzeko indarra eman dit", dio Haizea Aranak, eta zera gaineratu du haren ahizpa Oihanak: "Lehen itzulia, orokorrean, polita izan da. Saio ezberdinak entzun dira, bertsolari oso ezberdinak izan gara. Esango nuke, helburu pertsonalez gaindi, helburu kolektibo batzuk ere betetzea ekarri duela lehen faseak, eta kontentu nago". Eta zera dio Ane Zuazubiskarrek: "Sailkapen fasera jendea oso prestatuta iritsiko zela espero nuen, eta hala topatu dut; lehen itzuliko saioarekin gustura nago, neurriko urduritasun-puntuarekin aritu nintzen, baina gozatu egin nuen bertsotan".

Lehenengo itzuliko urduritasunak gaindituta, "gogotsu" daude debagoienekoak

Aurreko kanporaketan bizitako urduritasuna nabarmendu du Aitor Tatiegik ere: "Orokorrean, nahiko urduri hasi ginela uste dut, baina esango nuke saioak hanka-sartze handi barik joan direla eta bertsolarien arteko maila nahiko parekatuta egon dela". Eskualdean "bertso-maila ona" dagoela nabarmendu du Oñatiko Txinparta Bertso Eskolako Urko Egañak: "Horren erakusle da zenbat pasatu garen". Eskola bereko Urko Arregik dio orokorrean "saio nahiko gorabeheratsuak" izan direla: "Bertsolari batzuk oso fuerte ikusi ditut, gehienbat, gazteak, eta gustatu zait hori".

34 txartel jokoan

Lehenengo itzulian moduan, bi multzotan banatuta jokatuko dituzte bigarren itzuliko kanporaketak, eta, guztira, zortzi saio izango dira. "Bertsolariok trankilago aterako gara kantura, gauzak zehaztuta ez baina ezberdin ikusten direlako etapa honetan. Bestetik, ariketak zailagoak dira; seiko motza dago, besteak beste, eta horrek eragin dezake hanka-sartze gehiago izatea". Udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txartelak jokoan, Urko Arregik, Ane Zuazubiskarrek eta Urko Egañak "lehia estua" aurreikusten dute.

Antzuolan eta Pasaian bihar

Bertsokide bertsuak izango dituzte batzuek; hori da, esaterako, bihar Antzuolako Torresoroa aretoan lehiatuko diren Haizea eta Oihana Aranaren kasua. Hauxe dio Haizeak: "Berriz egokitu zait ahizparekin kantatzea, eta ez dakit ilusioa edo grazia ematen didan. Lehenengo fasean bezala, esango nuke ez nagoela nire onenean, baina gogotsu nago saio txukuna egiteko". Ahizparekin lehiatzeak "alde onak eta txarrak dituela" dio Oihanak: "Baina gustura nago Haizearekin eta Antzuolan kantatzearekin. Gustatzen zait Debagoienean kantatzea".

Pasaiako Donibane Kulturgunean jardungo du Zuazubiskarrek bihar, eta Arrasatekoak ere bertsokideak errepikatuko ditu. "Eskertzen dut hori, eta uste dut horrek emango digula saio polita egiteko aukera".

Etzi, Alegian eta Usurbilen

Etzi, domeka, Alegian eta Usurbilen ere saio bana jokatuko dute. Maider Arregi eta Urko Tatiegi izango dira Usurbilekoan. "Pozik nago berriz Maiderrekin abestuko dudalako. Saio parekatua izango dela uste dut", dio Tatiegi oñatiarrak.

Bertso saioen egutegia eta aretoak

Gipuzkoa Bertsotan-eko lehen itzulian egin zuten moduan, bi multzotan banatuta jokatuko dituzte kanporaketa saioak; zortzi saio egingo dituzte, guztira, eta horietako bost aretotan lehiatuko dira Debagoieneko bertsolariak.

  • Antzuola Maiatzaren 25ean, zapatua, 17:00etan, Torresoroa antzokian. Eskoriatzako Haizea eta Oihana Aranak hartuko dute parte.
  • Pasaia Maiatzaren 25ean, 17:00etan, Donibane Kulturgunean. Arrasateko Ane Zuazubiskarrek kantatuko du.
  • Alegia Maiatzaren 26an, domeka, 17:00etan, Elizpe zinema-aretoan.
  • Usurbil Maiatzaren 26an, 17:00etan, Sutegi aretoan. Oñatiko Aitor Tatiegi eta Maider Arregi izango dira taularen gainean.
  • Ataun Ekainaren 1ean, zapatua, 17:00etan, Herri Antzokian.
  • Elgeta Ekainaren 1ean, 17:00etan, Espaloia Kafe Antzokian. Oñatiko Urko Arregik hartuko du parte.
  • Hernani Ekainaren 2an, domeka, 17:00etan, Biteri kultura etxean. Oñatiko Txinparta bertso eskolako Urko Egañak abestuko du.
  • Soraluze Ekainaren 2an, 17:00etan, Herri Antzokian.

Bihar, zapatua, abiatu eta ekainaren 2ra bitartean egingo dituzten kanporaketa saio guztietarako sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri: sarrera arrunta zazpi eurotan; eta bost eurotan, berriz, 6 eta 18 urte bitartekoendako eta Bertsozale Elkarteko bazkideendako.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak