DATUETATIK TIRAKA

Arrasate da BPG handiena duen eta lanpostu gehien dituen herria Debagoienean

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mai. 10a, 12:13

Bi kasuetan, Oñatik jarraitzen dio zerrendan; gainera, Gipuzkoako hirugarrena eta hamargarrena dira. BPG txikiena duten Debagoieneko bi herriak, berriz, Aramaio eta Leintz Gatzaga dira; era berean, bi herri horiek dira lanpostu gutxien dituztenak.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) aberastasunaren gainean kaleratutako datuen arabera –2021ekoak dira–, Arrasate da Debagoienean Barne Produktu Gordin handiena daukana, 1.007.656.000 eurorekin, eta bigarrena Oñati da, 636.828.000 eurorekin. Datu esanguratsua bigarren hori; izan ere, biztanleria kopuruari erreparatuta, Bergarak biztanle gehiago ditu. Hala, Oñatin biztanle gutxiagorekin diru gehiago sortzeko ahalmena erakusten du. Era berean, bi herri horiek Gipuzkoako BPG handiena duten hamar herrien artean daude: Arrasate hirugarren tokian eta Oñatin hamargarren tokian, hain zuzen ere. EAEko lehen hamar herriei erreparatuta ez dago Debagoienekorik.

Mondragon Unibertsitateko Ekonomia irakasle Julen Bollain izan zen Hemen Debagoiena saioan datu horien gaineko irakurketa egiten, eta logikotzat jotzen ditu: "Arrasatek du biztanleria handien, eta, beraz, enpresa gehiago daude, logika baten barruan sartzen da. Bigarren postuan Oñati dago, eta egia da Bergarak baino biztanle gutxiago dituela, baina Oñatiren ehun produktiboak berezitasun batzuk ditu, eta, alde horretatik, puntan dauden sektore ekonomikoak izaten dira horrelako datuak ematen dizkigutenak". Gainera, BPG aztertzeak tranpak dituela dio: "Egia da Euskal Autonomia Erkidegoko lehen hamar herrien artean ez dagoela Debagoienekorik, baina, noski, Oñati eta Arrasate ezin daitezke konparatu Bilbo eta Gasteiz bezalako hiriekin". Bestetik, bailarako BPG txikiena duen herria Leintz Gatzaga da, 2.874.000 eurorekin, eta Aramaio dago ondoren, 19.537.000 eurorekin.

'Per capita' handiena, Oñatik

Barne Produktu Gordina biztanle kopuruaren arabera banatuz gero, hau da, per capita BPG kontuan izanez gero, Oñatik du handiena, 55.823 eurorekin, eta Elgeta da bigarrena, 55.730 eurorekin. Balantzaren beste aldean ez dago aldaketarik; hala, Leintz Gatzagak du Debagoieneko per capita BPG txikiena, 12.888 eurorekin, eta Aramaio dago ostean, 13.192 eurorekin. Hala eta guztiz ere, datu horrek ez du herri horren aberastasun maila adierazten; herrian sortzen den diruaren eta biztanle kopuruaren arteko kalkulua besterik ez da.

Bollainek dio per capita-ren datuak "garrantzitsuak" direla, baina hor ere B aldea dagoela adierazi du: "Barne Produktu Gordinak, nahiz eta aberastasuna neurtu, ez digu esaten herri batean edo herrialde batean dagoen desberdintasun maila nolakoa den. Horregatik, oso garrantzitsua da BPGz haratago dauden neurgailuak erabiltzea, herrietan dauden desberdintasunak nolakoak diren erakusteko; esaterako, lanpostu kopuruan badira beste indize batzuk herri batean dagoen desberdintasun maila erakusteko".

Lanpostu kopurua herrika

Herriek dirua sortzeko duten ahalmena ulertzeko, lanpostu kopuruei ere erreparatu beharra dago. Logikari jarraituz gero, Arrasate da biztanle gehien dituen udalerria, eta, era berean, baita lanpostu gehien dituena ere: zehazki, 14.222 dira. Bigarren tokian, berriz, Oñati dago, 7.806 lanposturekin; BPGrekin gertatu bezala, gainera, Bergararen aurretik dago Oñati, nahiz eta biztanle gutxiago izan. Txanponaren beste aldean, aldiz, lanpostu gutxien dituzten udalerriak daude; hurrenez hurren, Leintz Gatzaga –51 lanpostu– eta Aramaio –318 lanpostu– dira.

Udalerri bakoitzean dagoen lanpostu kopuruak, ordea, ez du bermatzen lan horiek bertako herritarrek egiten dituztenik, eta, beraz, biztanleek herrian lan egiteko izango luketen aukerari erreparatzea ere posible da. Hala, udalerrietako biztanleek herrian lan egiteko aukera izango balute, Elgeta da nabarmentzen dena Debagoienean: hain justu, %86,50ekoa da lanpostu kopurua Elgetako biztanleriarekiko; alegia, hamarretik zortzi elgetarrek baino gehiagok izango lukete herrian lan egiteko aukera –ondorioz, lanpostu kopurua biztanleekiko aintzat hartuta, herrian aberastasuna sortzeko portzentaje handiena duena ere bada–. Aramaio da, aldiz, herritarren lanpostuak udalerrian bertan egotea gutxien ahalbideratzen duen herria: hamarretik bik –%22,04k– du, zehatz, horretarako aukera.

Dibertsifikazioa

Hain zuzen, lanpostuei lotuta, Koldo Azkoitia Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradunaren hitzak jaso zituzten Hemen Debagoiena saioan, gaur egun bailarako enpresen egoera nolakoa den jakiteko: "Debagoienak talde kooperatibo asko ditu eta industriarekiko pisu handia dute. Horietan kapitala errotuta dago lurraldean, eta horrek berme bat ematen du etorkizunera begira. Enpresa industrialak ere tradizio handikoak dira eta ondo kokatuta daude merkatuan. Gainera, kasu gehienetan, ondo kapitalizatuta dauden enpresak ditugu".

Dena dela, etorkizunera begira hainbat erronka azpimarratu ditu; horietako bat, dibertsifikazioa: "Gure sektoreetan dibertsifikazioa gutxitu egin da, eta, gaur egun, automozioaren dependentzia handia dugu; ia enpresen erdia horra bideratuta dago. Gainera, eraldaketa sakonean murgilduta dagoen sektorea da, eta etorkizunera begira birplanteaketak beharko dituena. Beraz, dibertsifikazio baten beharra egongo da, eta, horretarako, negozio ereduen beste azterketa bat egitea eskatuko du". Bollainek bat egiten du dibertsifikazio falta dagoela aipatzean, eta gaineratu du une "egokia" dela ikusteko "non gauden eta non lehiatu nahi dugun etorkizunean".

Krisi demografikoa

Bestetik, enpresek duten erronka nagusienetakoa "talentua lantzea" edo pertsonak "etorkizuneko lanpostuetarako prestatzea" dela dio Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradunak, eta hori krisi demografikoarekin lotzen du: "Orokorrean, biztanleria beherantz doa; hala, hurrengo hamarkadetan eragina izango du, lan merkatua uzkurtu egingo delako. Horrek eragina izango du enpresetan. Ahalegina egin behar dugu bertakoak behar bezala prestatzen; izan ere, jende askok hartuko du erretiroa. Lanpostu kritikoak dituztenak dira, eta zailtasunak izango ditugu haiek ordezkatzeko. Arazo larri baten aurrean gaude".

Julen Bollainek gaineratu du etorkizunean BPG eta lanpostuen beharrak ez direla eskutik joango: "Geroz eta digitalagoak gara eta, agian, geroz eta lanpostu gehiago suntsituko dira. Jendea prestatu beharra dugu datozen lanpostuetarako, baina jakitun izan behar dugu lanpostu suntsiketak ere egongo direla. Gaur egun, oraindik zaharkituta dauden industriak ditugu, eta buelta bat eman behar diegu horiei. Enpresen oinordetzak mahai gainean jarri behar dira, eta uste dut horri aurre egiteko lan handia egiten ari direla eskualdeko Mankomunitatea eta Garapen Agentzia".

Enpresen elkarlana sustatu

Erronka horiek, baina, enpresa handiei zuzendutakoak dira; horregatik, Debagoienean Bailara elkartea sortu da erronka horiei aurre egiteko. Egun, hamasei enpresa txiki eta ertainek osatzen dute elkartea, eta, hilabete gutxiko jarduna badu ere, erronkei elkarlanean aurre egiteko helburu irmoa erakutsi dute hasieratik. "Azkenaldian arreta hiriburuetan zegoen jarrita inbertsio eta interes aldetik. Hori dela eta, Bailararen helburua Debagoieneko enpresak ezagutzera ematea da. Horretarako, mapa birtual bat sortu dugu, enpresak zer egiten duten jakiteko, eta elkarri laguntzeko", dio Alaitz Osak, Bailara elkarteko presidenteordeak.

Dena dela, aurretik aipatutako krisi demografikoari ere erreparatzen diote Bailara Elkartetik eta horregatik talentua erakartzeko erronka dutela ere azpimarratu du: "Agerikoa da azkenaldian enpresak kezkatuta daudela talentuaren inguruan, izan enpresa handia, ertaina edo txikia. Talentua nola erakarri, nola fidelizatu eta nola mantendu. Ikusten da demografia ere behera egiten ari dela; beraz, egoerak ez du hobera egingo. Horren harira, guk ere proiektu bat abiarazi dugu horretarako".

Dena dela, Osak aitortu du bailaran enpresa handietan jende gehiago dagoela erronka horiei nola aurre egin jakiteko edo bideratzeko. Hori dela eta, Bailara elkarteak enpresen arteko elkarlana sustatu nahi du erronkei aurre egiteko: "Enpresa ertain eta txikietan oso bestelako egunerokotasuna izate dute, eta aurretik aipatutako erronkak alde batera uzten dira. Hori dela eta, taldean jarduten badugu erronka hauei aurre egiteko unean, indartsuagoak izango gara". Julen Bollainek garrantzitsutzat jo ditu Bailara ekimena bezalako elkarteak: "Enpresa handiek, esaterako, jasangarritasuna aztertzeko sail bat izan dezakete; txikiek, ordea, ez. Horrek esan gura du trantsizio ekologikoak ere eragina izango duela enpresa txikiarengan, nahiz eta haiek aztertzeko beta gutxiago izan. Beraz, horrelako tamaina duten enpresei laguntzen dieten ekimenak oso beharrezkoak dira, aurrera joateko modu bakarra komunitatean egitea delako".

Antzuolak errenta handiena

Herrien eta herritarren aberastasun maila jakiteko, errenta osoari dagokion datuak hartu behar dira kontuan: lanaren errenta, kapital higigarriaren eta higiezinen errentak, jardueraren errentak eta transferentziak. Hain zuzen ere, Antzuola da errenta oso handia duen herria, 27.629 eurorekin, eta Oñati dago bigarren, 26.948 eurorekin. Aldiz, errenta oso txikia duten herriak Arrasate –23.391 eurorekin– eta Aramaio –23.976 eurorekin– dira.

Gizonezkoek errenta handiagoa

Generoari dagokionez, gizonezkoen eta emakumezkoen aldeari erreparatuz gero, Antzuolan dago arrakala handiena; izan ere, gizonezkoek emakumezkoek baino 14.655 euro gehiago jasotzen dituzte errentan. Alderik txikiena, berriz, Eskoriatzan dago, 6.545 euroko aldearekin; bi kasuetan, ordea, gizonezkoak gailentzen dira.

Emakumezkoen errenta osoari begiratuta, Oñatin dago handiena, 22.326 eurorekin, eta txikiena Leintz Gatzagan, 18.729 eurorekin. Bollainek dio nahiz eta azken urteetan aurrerapausoak eman diren oraindik arrakala "handia" dagoela eta "neurriak" hartu beharko liratekeela: "Sektore maskulinizatuak eta feminizatuak daude, eta bailarak sektore maskulinizatuetan pisu handia du. Hemen aurrera egin ahal izateko, instituzioen eta gobernuaren aldetik arautu beharko litzateke. Eta ikusi da neurri feministak aurrera eraman diren tokietan arrakala jaitsi egin dela".

Pobrezia

Aberastasunari lotuta pobrezia aipatzea ere "garrantzitsua" dela azaldu du Bollainek, eta hemen ere badagoela dio: "Gaur egun nahiko errekurtso ditugu pobrezia amaitzeko, eta gorritu egin beharko genuke. Egia da Debagoienean beste eskualde batzuetan baino pobrezia txikiagoa dagoela, baina hor dagoen gaitza da, eta uste dut erakundeek ez dutela egiten nahikoa hori amaitzeko. Zoritxarrez, pobrezia ezingo da amaitu gehiegizko aberastasuna dagoen bitartean". Arrakala horri lotuta, gaineratu du, lehenik, "gehiegizko pobrezia" amaitu beharra dagoela pobrezia amaitzeko, eta ez direla inoiz gehiengo sozialaren askatasunari lotutako "aurrerapausoak" emango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak