Guztira 884 pertsona artatu ditu iaz Gurutze Gorriak gure bailaran. Eta nabarmendu behar da gizartearen beharrak aldatzen joan diren heinean, euren jarduna ere moldatzen joan direla. Izan ere, iaz esaterako, Gurutze Gorriak zaurgarritasun handiko egoeran zeuden 524 pertsona artatu zituen guztira eta baita desgaitasun edo osasun-arazoren bat zuten 76 adineko ere.
Larrialdiei eta sorospenei dagokienez, 41 prebentzio-zerbitzu egin zituzten aurreko urtean kirol-ekintzetan, batzarretan, festetan eta bestelako ekitaldietan. Eta beste proiektu batzuei ere eman die jarraipena. Esaterako, haurrei zuzenduta, eskola-materialaren eta jostailu-hezitzailearen banaketak egin dituzte. Eta beharra dutenendako, gurpil-aulkiak, makuluak edota taka-takak bezalako laguntza-produktu batzuk doan mailegatzeko zerbitzua eskaintzen ere jarraitu dute.
Boluntarioek egiten duten lana goraipatu eta eskertu ere egin dute eta gaineratu dute Debagoienean 89 boluntario daudela.
Debagoieneko beste datu batzuk ere jakitera eman dituzte; Gurutze Gorriak 1.845 bazkide, 25 enpresa bazkide eta 8 ongintza-enpresa ditu bailaran.
Ate irekiak, maiatzaren 19an
Gurutze Gorriak 40 urte beteko ditu aurten eta bertako profesionalen jakintza hedatuz jarraituko dute, besteak beste. Aurretik ere egin izan duten moduan, hilaren 19an, domeka, Elorregiko euren instalazioetan ate irekien jardunaldi bat egingo dute eta jardueretako bat izango da Bihotz Biriketako Bizkortzearen tailer bat egitea. Herritar denei zuzenduta egongo da.