Berben esanahia eta tonu egokiak erabilita aurrean duten publi- koaren emozioetara heltzeko gogoz nor baino nor ibiliko dira Aretxabaletako Maider Triviño Maider Mimi, Orendaingo Xabin Fernandez, Mikel Iriarte Joxemiel donostiarra eta Muxikako Asier Galarza Seminarixoan gaur 20:00etan abiatuko duten euskarazko bakarrizketa lehiaketan.
Bergarako Seminarixoan 20:00etan estreinatuko dute gaur 'Algaraka'
Hiru saiotan banatuta, hamabi bakarrizketarik jardungo dute, guztira, lehian; aurrez aipatutakoez gainera, maiatzaren 17an, Urretxuko Labeaga aretoan, Ion Martinez, Gaizka Sarasua, Josu Arrizabalaga eta Joana Arakistain izango dira, eta hirugarren kanporaketa Ander Malbadik, Manex Astigarragak, Joxe Aldasorok eta Amaia Ruiz de Galarretak jokatuko dute maiatzaren 24an, Zumaiako Aita Mari aretoan. Sei minutu izango ditu lehiakide bakoitzak, eta saio bakoitzean irabazle bat aukeratuko dute epaimahaikideek; hau da, kanporaketa bakoitzetik finalista bat aterako da, eta laugarren finalista coach-ek erabakiko dute. Maiatzaren 31n jokatuko dute finala, Seminarixoan.
Zuzeneko musika eta gehiago
Miren Nogales eta Jon Olivares izango dira Algaraka-ko aurkezleak –gaur, Nogalesek jardungo du–, eta Iosu Zubiak, Idoia Torregaraik eta Aner Peritzek jardungo dute epaimahaikide lanetan. "Saio bakoitzean, baina, gonbidatu bat izango dugu; esaterako, Ana Goitia izango da oraingoan, Iker Plazaola oñatiarra izango da Urretxuko saioan eta izen ezagun gehiago izango dira hurrengo saioetan. Gonbidatu horrek, epaimahaikideei laguntzeaz gainera, mikroa hartu eta bere saiotxoa egiteko bidea ere izango du", azaldu du Goienako Ikus-entzunezko zuzendari Oihane Agirrek.
Hitzak izango dira, zalantza barik, Algaraka-ren osagai nagusi, baina ondo landutako eszenografia izango da, eta baita Iker Pirisek gidatzen duen taldeak zuzenean sortutako musika pasarteak ere.
Profil eta ibilbide askotariko hamabi euskal bakarrizketari lehiatuko dira
Adituen laguntzarekin
Profil eta bakarrizketa arloan ibilbide askotarikoak dira parte-hartzaileak, eskarmentua dute batzuek eta hasiberriak dira beste hainbat, baina guztiek izan dute coach edo aditu baten laguntza, taularatu aurretik behar dituzten tresna guztietan trebatu ahal izateko. Nerea Arriolak eta Getari Etxegaraik jardun dute asteon Bilbon eta Errenterian egin dituzten entrenamendu saio horietan. "Banakako coach-saioak egin dituzte, bi zatitan banatuta: prestatu duten gidoiari begiratu diote, lehenengo; eta ikusitako ahulguneak eta indarguneak identifikatu dituzte, ondoren; eta segidan, gorputza eta ahotsa egoki erabiltzeko aholkuak jaso dituzte, bakarrizketari gorpuzkera sendoagoa emateko", azaldu du Oihane Agirrek, eta zera gaineratu du Getari Etxegaraik: "Gustu handiz hartu nuen coach moduan jarduteko proposamena; niretzako ere erronka da, eta plazeraz hartu dut. Izan ere, bakarrizketari amorratua naiz. Ni ere hala hasi nintzen bidea egiten, eta sekulako ilusioa egiten dit orain beste batzuei la- guntzeak. Oso lasai sentitu naiz paper horretan. Plazer hutsa da parte hartzaileen artean halako aniztasuna ikustea".
Estimatutako laguntza izan da lehiakideendako; honela dio Maider Mimi (Maider Triviño) aretxabaletarrak: "Aukera ikaragarria da aditu baten laguntza jasotzea eta oso lagungarriak izan dira jasotako aholkuak. Eskerrak eman gura dizkiet antolatzaileei halako ekimen eder bat bultzatzeagatik".
Aretoetan eta pantailan ikusgai
Aretoetan batutako publikoaren aurrean egingo dituzte bakarrizketariek zuzenean lau saioak; Seminarixoa.eus atarian eskura daitezke gaurko emanaldirako sarrerak, lau eurotan. Baina aurrez aurrez gainera, geroago Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian ikusteko aukera ere izango da, eta baita Primeran plataforma digitalean ere; izan ere, EITBrekin batera ekoiztutako euskarazko bakarrizketa lehiaketa da Algaraka.