Puntua aldizkariaren 409. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Gipuzkoako Herri Arteko Pilota Txapelketak 1968an hasi zuen ibilbidea. 45 herrik eman zuten izena orduko hartan, eskuz binaka lehiatzeko. Antzuolako, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Elgetako, Eskoriatzako eta Oñatiko pilotariek parte hartu zuten. Oraingo asteburuan hasiko du 56. aldia, eta hemezortzi herrik eman dute izena. Horietako bi dira bailarakoak: Oñati eta Bergara. Biek ala biek hasiko dute txapelketa gaur, barikua, etxetik kanpo. Oñatiarrek Amezketaren kontra jokatuko dute eta bergararrek Amasa-Villabona izango dute kontrario.
Hiru kategoriatako bikoteak
Zergatik halako ezberdintasuna parte-hartze kopuruan? Txapelketaren izenak ondo zehazten duen moduan, Gipuzkoako herrien arteko lehia da. Amateur mailako txapelketa nagusia, eta hainbat berezitasun dituena: pilotariek ordezkatzen duten herrian jaioak izan behar dute, eta hiru mailatako bikoteek aurkeztu behar dute. Hasierako urteetan, infantilak, gazteak eta nagusiak; eta azken urteetan, kadeteak, gazteak eta nagusiak. "Zorte apur bat behar da garai berean hiru kategorietako pilotariak edukitzeko. Harrobiarekin ondo lan eginda ere, kanpoko beste faktore batzuk daude. Aretxabaletak 39 alditan parte hartu du, eta aurten ez. Gazte mailako bikotea falta zaigu", esan du Aretxabaletako pilota taldeko kide Juan Mari Errastik. Iritzi berekoa da Reyes Azkoitia: "Ume gutxiago jaiotzen dira orain, eta egungo zuzendaritzakoak larri ibiltzen dira bikoteak osatzeko. Ni ibili nintzen garaian, nagusien bikoterako hamabi pilotari genituen, eta egun, bi bakarrik daude".
MIGUEL ETXANIZ: "BI PILOTARI IZAR GENITUEN TALDEAN: ARAZKONAGA ETA GALLASTEGI"
Lehena, Bergararendako
1968ko Herri Artekoa mugarri bat izan zen Bergarako pilotarendako. Lehen txapelketa hura irabazi egin zuen Bergarak, Urretxu finalean menderatu ostean. Talde hartako kide zen Miguel Etxaniz, nagusien mailako atzelaria. "Bi atzelari izar genituen taldean: infantil mailako Antxon Arazkonaga eta gazte mailako Alvaro Gallastegi. Ez dut inor ikusi Arazkonagak 15 urte zituela frontoian egiten zuena egiten. Eta Gallastegi probintzia osoko pilotaririk onena zen. Biei aurrelari fidagarriak jarri zizkieten. Nagusien mailan, Txomin Garitano eta ni neu. Talde polita genuen. Txapelketa ona egin eta finala Urretxuren kontra. Txapelketako partidu guztiak irabazi ostean, finaleko puntua galdu egin zuten Gallastegik eta Altunak. Hortaz, gure esku egon zen puntu erabakigarria. 22-8 irabazi genuen".
Lau final galdu Oñatik
70eko hamarkadaren bigarren erdian, Arrasate izan zen Herri Artekoa irabazi zuena: 1976an eta 1979an, hain zuzen ere. Azkoitia eta Segurarekin batera, urte haietako herri indartsuenak izan ziren. Lehenengoan Segura menderatu zuen eta bigarrenean, Oñati. Oñatiarrendako lehenengo finala izan zen, Eibarko Astelenan jokatutakoa. "1979ko eta 1980ko finalak jokatu genituen, Arrasateren eta Azkoitiaren kontra. Garai hartako herri indartsuenak ziren, eta ia ez genuen aukerarik izan. Lehena 2-1 galdu genuen eta bigarrena, 3-0. Urte onak izan ziren. Pilotari talde sendoa zegoen orduan. Pilota gosea zuten eta kantxan igartzen zen", gogoratu du Esteban Ugarte pilotazale oñatiarrak.
JOSE LUIS BARRENA: "PILOTARI GAZTEOK ARDURA HANDIA GENUEN, ETA EZ ZEN ERRAZA KUDEATZEA"
Belaunaldi aldaketa etorri zitzaion Oñatiri, baina heldu ziren pilotari berriak eta sendoak. Eta berriro gai izan zen beste bi finaletara heltzeko: 1986ko eta 1987koa. Biak galdu zituen, eta biak Donostiaren kontra. Lau finaletan egon zen Jose Luis Barrena: "Oroitzapen oso onak ditut, baina inoiz irabazi ez izanaren arantza geratu zait. Bereziki, azpimarratu gurako nuke nolako presioa jasaten genuen orduan. Zure herriarengatik jokatzen zenuen, eta irabazten bazenuen zure herriarengatik irabazten zenuen. Pilotari gazteenek ardura handia zuten, eta ez zen erraza hura kudeatzea, adibidez, 15 urterekin".
Izan ere, Herri Artekoaren beste ezaugarrietako bat talde-lana da. Hiru bikote lehiatzen dira, eta puntu guztiak dira garrantzitsuak kanporaketak gainditzen joateko. Bikote bakarrak irabazita, ez dago saririk.
"Ez da erronka erraza"
Aretxabaletak 39 aldiz hartu du parte Herri Artekoan. Azkena, 2022an. Aurten ere ez da egongo. Urte onak bizi izan ditu, baina goia jo zuen 2001eko finalerako sailkapenarekin. Nagusien mailako partidua 22-18 irabazi arren, ezin izan zuen Soraluze gainditu. "Erronka ez da erraza. Alde batetik, maila ezberdinetako hiru bikote aurkeztu behar ditugu. Eta, beste alde batetik, bikote orekatuak izan behar dute. Kanporaketak gainditzen joateko, bi, behintzat, bai. Are gehiago, final bat irabazteko. Zorteak ere badu lekua final batean, baina, ordurako, etxeko lanak eginda izan behar dituzu", kontatu du Juan Mari Errastik.
IBAI BOLINAGA: "UARKAPE LEPO BETE ZEN, ETA KALEAN PILOTAZ EGITEN ZEN BERBA; ZORAMENA"
Errasti izan da eta da Aretxabaletako pilota taldeko entrenatzaile, eta aulkitik jarraitu du herriaren bilakaera txapelketa horretan. Baina, behin, 1980an tokatu zitzaion takoak ipini eta kantxara irtetea. "Federatu fitxa urtero egiten nuen, taldeko pilotarien artean bajaren bat-edo bazegoen ordezko jokatzeko. Behin bakarrik jokatu nuen. Beraz, bi aldeak ezagutzen ditut".
Arrasate txapeldun
Herri Arteko Txapelketak Debagoienean izan dituen hurrengo bi mugarriak Arrasatek eta Bergarak ipini zituzten. Txapelketaren hasierako urteetan protagonista izandako bi herriak berriro ere lehen lerroan kokatu ziren XX. mendeko 10eko hamarkadan. Arrasatek danbatekoa eman zuen 2007an, Atano III.a pilotalekuan, orduko faboritoa, Azpeitia, mendean hartuta. Nagusien mailako partiduak zehaztu zuen irabazlea. "Nik banekien talde hark potentzia handia zuela. Bost urte egin nituen pilotari haiek entrenatzen, eta argi nuen urteren batean zerbait oso ona egingo genuela. 2007ko finala jokatu zuten pilotari guztiak ziren kirolari oso onak. Gaitasun handiekin; eta kantxan erakutsi zuten. Hori bai, guztiak hasi ziren 8 bat urterekin pilotan, eta lan handia egin zuten. Hor dago kakoa: lana, lana eta lana. Ni entrenatzaile ibili nintzen garaian, egunero, asteburuak barne, bost ordu pasatzen nituen frontoian, umeekin lanean", azpimarratu du 2007an txapelketa irabazi zuen taldeko entrenatzaile Mauri Zubillagak.
Kadete mailako bikoteak irabazi zuen Arrasaterendako final hartako lehen puntua: Bolinaga-Agirregabiria bikoteak, hain zuzen ere. Egun, mendi lasterketak egiten dituzte biek ala biek. 2007an, Donostiako finalean egon ziren. "Oroitzapen ezin hobeak ditut. Are gehiago, nire kirol ibilbideko oroitzapen politena dela esango nuke. Finala irabazi bai, baina txapelketa osoa izan zen gogoangarria. Pilotari guztien artean giro ezin hobea izan genuen: titularrak eta ordezkoak. Baita Zubillagarekin eta zuzendaritzakoekin ere. Eta, bereziki, gogoan daukat Uarkape lepo beteta, finalaren aurreko kanporaketetan. Herritarrek pilotari buruz egiten zuten berba kalean. Ikaragarria izan zen", esan du Ibai Bolinagak.
Bigarrena Bergarak
REYES AZKOITIA: "AURREIKUSPEN GUZTIAK GAINDITU ZITUEN 2009KOAK; BAITA GUREAK ERE"
Bi urte geroago, 2009an, Bergara izan zen protagonista. Andoain, Azkoitia eta Donostia gainditu ostean, finalerako sailkatu zen. Aurkaria, Hernani. Ezuste handia izan zen Bergarak egindako lana. Kanporaketak gainditzen, Atano III-ko finalerako sailkatu zen Reyes Azkoitiaren taldea. Bergarak jokatutako ia kanporaketa guztietan moduan, nagusien puntuak erabaki zuen txapelduna. Aurretik, kadete mailakoa irabazi zuen Bergarak. Ostean etorri ziren ospakizunak. "Herrira itzuli ginenean bizi izandakoa izugarria izan zen. Une haiek gogoratuz oilo-ipurdia ipintzen zait oraindik. Herri Arteko Txapelketan, kanporaketak gainditzea eta noraino iristeko gai ginen ikustea zen urtero gure helburua. 2009koak gure aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Gipuzkoakoa irabazita, Euskal Herrikoa jokatu eta hura ere irabazi egin genuen. Lorpen handiak eta hunkigarriak, duda barik", kontatu du Azkoitiak.
Beñat Rezusta zen kadete mailako bikoteko atzelaria: "Taldeko gazteenak ginen Mikel Gallastegi eta biok, eta entrenatzeko giro aparta topatu genuen taldean. Gainera, kuadrilla berekoak gara. Anaia ere gazte mailako kidea zen, eta muguruzatarrak, lehengusuak. Talde on bat eratzeko faktore guztiak elkartu ziren urtea izan zen. Maiteen dudan txapelketako bat da, duda barik".
Beste herrietan
Sarreran aipatu moduan, Antzuolak, Eskoriatzak eta Elgetak ere parte hartu dute Herri Artekoan: Eskoriatzak 25, Antzuolak 21, Elgetak hamazazpi eta Eskoriatzak 25 aldiz. XX. mende bukaerara arte jokatu zuten erregulartasunez lehenengo biek. Elgetak 1988an parte hartu zuen azken aldiz. "70eko hamarkadan pilotari oso onak genituen: Alberdi eta Ibarluzea infantiletan; Juaristi, Basauri eta Osoro gaztetan; eta nagusietan, Retolaza, Juaristi eta Alberdi. 1976an finalerdietara heldu ginen, eta Segurara autobusa joan zen Elgetatik. Faboritoak ginen, baina tantoen aldeagatik galdu genuen. Gipuzkoako txapeldunak genituen infantiletan eta gazteen mailan. Herri Artekoaz harago, pilotari onak egon ziren herrian. Belamendi anaiak, Alex Aranzabal, Jon Iturricastillo, Elkoro anaiak eta Javier Irazabal, adibidez. Giro ederra zegoen herrian pilotaren bueltan", gogoratu du Juan Luis Uberak.