Artista poliedrikoa

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 6a, 16:24

100 urte bete dira gaur, maiatzak 6, Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014) artista famatua jaio zela. Debagoienean ere arrastoa utzi zuen artista bizkaitarrak; bereziki, Arantzazu aldean.

Puntua aldizkariaren 409. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Arantzazun ez dute ahaztu Basterretxearen ekarpena, eta, haren jaiotzaren urtemuga ospatzeko, Maus Hausen eskutik Fabulous Basterretxea izeneko arte tailerrak egingo dituzte maiatzaren 12an eta 19an. Tailerrak haurrei bideratuta egongo dira, eta horren arrazoia garbi du Juan Biain Arantzazuko Adiskideak-eko zuzendaritza batzordeko kideak: "Gure ustez, oraingo haurrak etorkizuneko heldu izango dira, eta beharrezkoa da txikitatik artearen esparruan trebatzea".

Basterretxea eta Arantzazu

Arantzazuko kriptako margolanak dira Basterretxeak Debagoienean egindako lan esanguratsuenetakoak. Egungo perspektibatik artelan ederrak diruditen arren, bere garaian zailtasun handiak izan zituen artista bermeotarrak Arantzazuko lanak bukatzeko. Garai hartan bateraezintzat zituzten bi elementu uztartzea egokitu zitzaion, beste zenbait artistarekin batera: arte modernoa eta kristautasuna. "Jorge Oteiza apostoluak zizelkatzen, Carlos Pascual de Lara absidea prestatzen eta Nestor Basterretxea kriptako zirriborroak marrazten zebiltzala, Donostiako Gotzaindegiak haien lanak behin-behinean geldiarazi zituen 1954an eta behin betiko 1955ean", dio Biainek. Espazio sakratu baterako lan desegokiak zirela uste zutelako hartu zuten erabaki hura.

Urte luzeetako debekuaren ostean, azkenean, hiru artisten lanak amaitu zituzten Arantzazun. Basterretxea 80ko hamarkadan itzuli zen Arantzazura, eta, aurrez egindako lana baztertuz, lan berri bat diseinatu zuen: "Lan berri bat proposatu zuen eta lan berri harekin bere burua emozionatzeko gai izan zen. Debeku garaian jasandako mina arintzeko gai izan zen egindako lan berriarekin".

Artista balioanizduna

Arantzazun margolana egin zuen arren, eskultura alorragatik da bereziki ezaguna Basterretxea. "Oso artista poliedrikoa izan zen. Pinturarekin eta grabatuekin egin zezakeen lan, baita eskulturan, diseinuan eta zineman ere", dio Iñigo Arregi eskultore arrasatearrak. Arregiren arabera, herria zen Basterretxearen iturri nagusia: "Euskal Herriarekin lotura handia dute haren lanek, herriarekin konpromiso handia zuen, eta hori beraren lan askotan ikusten da". Herriarekiko konpromiso hori Bai Euskarari-ren logotipoan, Eusko Legebiltzarreko ikurrean eta Oñatin dagoen euskal artzainaren omenezko monumentuan islatzen da.

Arte modernoa lantzen zuen Basterretxeak, baina nortasun handiko lanak egiten zituen: "Etengabe eguneratzen joan behar zela uste zuen, kontzeptu zein material aldetik. Horrenbestez, material eta estilo ugari erabiltzen zituen, baina haren lan guztietan estetika pertsonala antzematen da. Gaur egun, haren lan bati begiratuta garbi ikusten da berarena dela". Horrek euskal eskulturaren erreferente bilakatu du: "Maila horretan Oteiza, Txillida, Mendiburu eta hura bakarrik daude".

Basterretxearen oroitzapen polita du Arregik: "Oso jatorra zen, pertsona zabala eta beti laguntzeko prest zegoena. Ni ere asko babestu ninduen, nire lana ezagutzen zuen. Artista gazteak sustatzen zituen, etorkizuna haiek zirelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak