Arielak ordaintzen zirenekoak

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko api. 23a, 14:31

Hiru mikelete Elgetako arku-etxeko postuan. Irudia: Bergarako Udal Artxiboko Toribio Jauregi funtsa.

Probintzia arteko muga-lekua da Debagoiena, eta azter daiteke ze eragin duen horrek gure nolakotasunean. Gaur, ordea, hiruzpalau belaunaldi egingo ditugu atzera, izan zelako garai bat non errealitate horrek goitik behera zeharkatzen zuen egunerokoa. Mikelete postuen eta arielen sasoira egingo dugu.

Puntua aldizkariaren 407. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Ahanzturan gelditutako kontuak dira, besteak beste, 36ko gerra aurrekoak direlako eta erregimen frankistak ahalegin berezia egin zuelako foru eskubideekin lotutako edozer ezabatzeko. Jakinekoa da garai haietan aldundiek hainbat eskumen zituztela, eta agente foralak ere bazeuden: mikeleteak. Askotariko ardurak izan zituzten; horien artean, 1856. urtetik aurrera, probintzien arteko mugen zaintza eta probintziako arielen kobrantza: arbitrioak. Mugako bost mikelete-etxe izan ziren, gutxienez, Debagoienean. Hiru gelditzen dira zutik.

Estrategikoki kokatutako muga-postuak

Gure lurraldeari dagokionez, Gatzagainen, Gesalibarren, Oñatiko Katilluiturri eta Estepasakon inguruetan, Kanpanzarren eta Elgetan kokatu ziren Gipuzkoako mugen zaintzarako mikelete-etxeak. Jorge Cabanellas ikertzaileak informazio argigarri asko jasotzen du Los últimos miqueletes de Guipúzcoa liburuan. "Mugako postu horietan mikeleteek zergak kobratzen zituzten, probintzia mugakideetako produktuen sarrera kontrolatzen zuten eta kontrabandoa jazartzeko eskumena zuten mendietako pasabideak zainduz", azaldu du.

Muga-postu haien kokapena aztertuz gero, argi ikusten da laukizuzena irudikatzen duten bi lerro osatzen dutela: alde batetik, Elgeta-Kanpanzar-Gesalibar-Arlaban lerroa; eta, bestetik, Arlaban- Estepasakon-San Adrian lerroa –tuneleko etxea mikelete-postua izandakoa da–. Orduko errepide sareak ez zuen zerikusirik gaur egungoarekin, eta postu haiek joan-etorri gehien zituzten bideak zaintzeko jarri ziren.

JORGE CABANELLAS, IKERTZAILEA: "HAINBAT ZERGA ZEUDEN, ETA MUGETAN ARIELAK ORDAINTZEN ZIREN"

Kataia esaten diote Elgetan mikelete-etxeari. Antza denez, kate bat egoten zen arku-etxean, eta mikeleteen kontrola pasatzeko gelditu beharra zegoen. Kate bat aipatzen du, baita ere, Patxi Goikoleak Gesalibarko postuari buruz ari denean. Gertu, eta Aramaioko lurretan baina muga-mugan zegoen amaren jaiotetxea, Unzuetagaina izenekoa eta Cuatrovientos izenez ezaguna. Taberna zuten han. "Komeria handiak ibiltzen zituzten ardoarekin. Debekatuta zegoen Arabatik Gipuzkoara pasatzea; kontrabandoa zen".

Bidesaria zuten hainbat produktuk

Aldundien diru-iturri nagusietako bat izan ziren arielak, eta sasoi batean gatzak bezala ardoak ere bidesaria zuen mugan. "Foru- agenteek probintzia mugakideetatik Gipuzkoara oinez, zaldiz edo gurdiz iristen ziren pertsona guztiak miatzen eta erregistratzen zituzten", azaldu du Cabanellasek.

"Debekatuta zegoen etxerako ardoa ekartzea ere", dio Goikoleak. Ez zuen garai hura bizi izan, baina nagusiagoek kontatuta dakizki hainbat pasarte xelebre. "Taberna zen eta mikeleteak Cuatrovientos inguruan ibiltzen ziren zelatan. Egun batean, aitaita Patxik ikusi egin zuen non zeuden gordeta, eta pentsatu zuen jo behar ziela adarra nolabait. Handik gutxira agertu zen Santa Ageda inguruko 15 urteko mutil bat ardo bila. Aitajaunaren eguna zela-eta ospakizuna egiteko ardo bila bidali zuela. Aitaita Patxik esan zion ezingo zuela ardorik eraman, mikeleteak zelatan zeudelako, baina laguntzeko eta korrika egiteko prest bazegoen joko zietela adarra bien artean. Esan eta egin! Prestatu zuten lastoz betetako fardel handi bat, eta mutila mikeleteen paretik pasa zen pisu handia zeraman plantak egiten. Berehala irten ziren gordelekutik haren atzetik, baina azkarra zen gaztea, eta nahikoa bidea egin zuela pentsatu zuenean lurrera bota zuen fardela, eta handik hanka egin. Mikeleteak laster konturatu ziren ziria izan zela. Fardel handi hartan ez zegoen ezer".

Ahotsak.eus atarian jasota daude antzerako hainbat pasadizo. Pilar Azkarretazabal aretxabaletarrak senarraren aitajaunari buruzkoak kontatu ditu: "Mantxua esaten zioten. Tratantea zen eta taberna zuten, eta mando batekin egiten zituen Gasteizerako joan-etorriak. Mikeleteak atzetik ibiltzen ziren beti, eta haiek nahasteko beste aldera jartzen zizkion ferrak mandoari. Hala, mikeleteek uste izaten zutenean gorantz egin zuela, hura beherantz zetorren, eta alderantziz".

PATXI GOIKOLEA, BERTSOLARIA: "AMAREN BASERRIA TABERNA ZEN ETA MUGAN ZEGOEN; BETI ZEUDEN ZELATAN"

Ardoa eta halako produktuak nahi zituztenek alondegietan erosi behar zituzten. Orduko Aldundiaren kontrolpean. Eta zergak gehituta saltzen zen. Onerako zein txarrerako, mikeleteak ospetsu egin ziren lurralde osoan; izan ere, diru gutxiko garaietan, zergak ordaintzea zama handia zen familia askorendako, eta kontrabandoa, berriz, etxeko ekonomiari arnasa emateko modua.

Txanponaren beste aldean dago Oñatiko Katilluiturri postuko Carlos Garate mikeletearen kasua. Oñatiko Udal Artxiboko agirietan jasota dago nola 1903ko neguan baimena eskatu zuen eguraldi gogorrak eraginda ahul iristen zirenei ardo pixka bat emateko. "Eman nahi ez izatea, agian, karitatera huts egitea litzateke, ibiltaria gaitzetsiz horrek dakarren zoritxarrera", dio idatziak. Korporazioak onartu egin zuen eskaera.

Mugetako mikelete-etxeen kokapena

Eskaleen eta gaizkileen kanporatzea

Probintziakoak ez ziren eskaleak eta gaizkileak lurraldetik kanporatzea izaten zen muga postuetako mikeleteen beste funtzio esanguratsuenetako bat. Cabanellasek azaldu du mikeleteak 1932an hasi zirela atxiloketen eta kanporatzeen hileroko txostenak egiten. "Bertan jasotzen zen pertsona bakoitzaren izena eta jatorria, atxiloketaren lekua eta arrazoia, kanporatzeko motiboa, eta baita ere zenbatgarren aldia zen lurraldetik kanporatua zela". Atxilotuaren jatorriaren arabera, Elgeta eta Gatzagain ohiko kanporatze-gune izan ziren.

TXARO TOMASENA, 'KATAIA'-N JAIOA: "BOST URTEZ BIZI IZAN NINTZEN ARKU-ETXEKO BI ETXEBIZITZETAKO BATEAN, BEHEKOAN"

Ahotsak.eus atariko Blas Ugalde bergararraren lekukotzak baieztatzen du kanporatze haien gaineko informazioa. Ugalderen osaba Bergarako mikeletea zen, eta kontatzen du nola eramaten zituzten eskaleak eta gaizkileak –"ijitoak", dio hark– probintziako mugetara kanporatuak izateko. "Esate baterako, Deskargan hartu eta Elgetara eramaten zituzten. Elgetan Elorriokoek jasotzen zituzten, eta, horrela, probintzia batetik bestera. Ijitoak, gehienetan, karroetan izaten ziren, eta mikeleteen lana izaten zen bide osoan zaintzea, kanporatuak zirela ziurtatu arte. Osabak oinez egiten zuen bidea punta batetik bestera. Eta gero, buelta oinez. Pentsa!".

Mikeleteen bestelako eginkizunak

Muga postuen ezaugarrien eta kokapenaren arabera bestelako zereginak ere izaten zituzten bertako mikeleteek. Telefonorik apenas zegoen garaietan telefono zerbitzua eskaintzen zuten, esaterako, Gesalibar eta Elgetako mikelete-etxeetan. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialeko sukurtsalak ere egon ziren bi postu haietan. Aldundiak 1896an sortu zuen banketxea. Sukurtsal asko Aldundiaren zergak biltzeko bulego ere izan ziren.

Mikeletea zen Anton Agirreren aita. Ahotsak.eus-erako kontatu zuen nola etortzen zen Bergarako postuko kapitaina sidekar eta guzti Eskoriatzara Santa Agedako fraideei eta mojei dirua eraman behar zitzaien bakoitzean.

Ez da arrastorik gelditzen, baina bai Cabanellasen liburuak bai Dominika Elorza arrasatearraren testigantzak Kanpanzarko mikelete-etxeko eskolaren berri ematen dute. "Inguruko umeek bertan jasotzen genituen lehen eskolak. Mikeleteetako batek ematen zituen". Mikelete hori Eugenio Legaristi zen: "Lehen jaunartzea egin arte ikasten genuen bertan. Jaunartzea egiteko doktrina ikasi behar zen, eta Arrasateko parrokiara jaisten ginen orduan".

NEREA VILLA, INTXORTA 1937: "ERREGIMEN FRANKISTAK LASTER DESAGERRARAZI ZITUEN MIKELETEAK"

Elgetako arku-etxean jaiotakoa da, berriz, Txaro Tomasena. Sukurtsaleko langilea zen aita. Gerra osteko kontuak dira; aita, hortaz, ez zen mikeletea. Tomasenak ondo gogoratzen du jaiotetxea. "1943an eskaini zioten Elgetako sukurtsala irekitzea aitari. Gu gainean bizi ginen, eta gauzaina edo serenoa, familiarekin, gure gainean. Etxebizitza oso handia zen, dena egurrezkoa eta zirrikituz betea. Etxe erdi ez genuen erabiltzen, berotzea oso zaila zelako". Tomasenatarrek zortzi urte egin zituzten Elgetan. "Aita oso gaizki jarri zen bronkioetatik eta leku-aldaketa eskatu zuen".

Gaur egungo arku-etxea gerra ostekoa da ia osorik. Eduardo Urtizberea komandante mikeletea jarri zuten sektoreko buru 1936an, eta mikelete-etxean jarri zuen aginte-postua. "Elgetako bonbardaketetan suntsitu zuten frankistek. Han zegoela zauritu zuten, gainera, Urtizberea, eta horren ondorioz hil zen. 1937ko apirilaren 24an hartu zuten postua frankistek, eta eraikina tropa mairuen zaintzapean geratu zen. Jausten azken mikelete-etxea izan zen. Francok abuztuan desegin zuen Gipuzkoako mikeleteen unitatea. Asko gerran hil ziren edo preso eraman zituzten. Gutxi batzuek bakarrik lortu zuten ihes egitea", adierazi du Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Nerea Villak.

Bailaran mugako hiru mikelete-etxe daude oraindik ere zutik

Probintzia arteko mugak zaintzeko eraikitako hiru mikelete-etxe daude gutxienez zutik gaur egun Debagoienean, eta desagertuta daude Kanpanzarkoa eta Arantzazu eta Araba arteko mugan egondako bi. Azken horiek aterpetxe moduan agertzen dira Oñatiko Udal Artxiboko agirietan. Katillluiturrikoa eraikitzeko baimena 1894koa da, eta 1907ko dokumentuetan agertzen da Estepasakonen, San Juan de Artiatik gertu berria egiteko enkante prozesuaren berri. 800-1000 metroko altueran kokatuak, neguak gogorrak izango ziren bertan.

Gesalibarko mikelete-etxea

Zubi baten ondoan eta Arabako muga zaintzeko eraiki zuten Gesalibarko etxea. 149. zenbakiduna, banku-sukurtsala eta 2-69 lineadun telefonoa izan zituen. Aldundiak 2004an atera zuen enkantera, eta esku pribatuetan da orain. Oraindik ere ikusgai du Errepublika garaiko armarria fatxadan.

Elgetako mikelete-etxea edo 'Kataia'

Bergara-Durango errepidea egin zuen konpainiak altxatu zuen 1833 aldera, bidesaria kobratzeko. Mikeleteen sasoian arielak kobratu ziren han. Sukurtsala eta telefonoa izan zituen. 36ko gerran frankistek ia osorik suntsitu zuten. Aldundiaren jabetzakoa, kultura etxea da gaur egun.

Arlabango mikelete-etxea


Gatzagainen dago –Gure Ametsa jatetxe parean–, eta eraikita zegoen 1916rako. Eraikinaren fatxadan daude oraindik Gipuzkoako armarria eta mikelete-postuaren zenbakia: 155a. Gaur egun, mikeleteen postua ez da Aldundiarena, erosle pribatuei saldu baitzitzaien. Pare bat kilometrora dago Arabako miñoien postua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak