Espainiako Gobernuan Sumar egiten ari den politika progresistak "oso garbiak" direla gaineratu du Andeka Larreak (Bilbo, 1972). Helburu politiko nagusitzat dituzte zerbitzu publikoak, eta horiek "berreskuratu eta indartu" nahi dituzte alderdi guztiekin hitz eginez, baita langileekin eta euskal gizartearekin ere. Osakidetzaz hitz egin du eta azaldu du herri zerbitzu bezala funtzionatzeko herri akordioa eskatzen duela. Funtzionarioen grebei dagokienez, uste du badela garaia langileen sindikatuen eskaerak entzuteko.
Hauteskunde programan Trantsizio Energetikorako Legea "etsigarria" dela dio Sumarrek, Larrearen esanetan, multinazionalei ematen zaielako aukera trantsizio energetikoaren lidergo izateko: "Uste dugu diagnostiko partekatua egin behar dela, trantsizio ekologikoa eta ekonomikoa. Gure programan agertzen dira neurri batzuk oso ezberdinak direnak legearekiko. Kontsumitzeko aukerak eta diru-laguntzak herri komunitateentzat, adibidez".
Etxebizitzei dagokienez, etxebizitzaren alokairuaren prezioak norberaren soldataren %30 izan beharko luke. Horrekin batera, gehitu du etxebizitzaren gaiak politika publikoa izan behar duela eta ezin dela utzi negozio pribatuaren esku.
Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten ziurtasuna dauka Larreak, eta gehiengo absoluturik ez badago prest daude proposamenak eta legeak negoziatzeko; hala ere, "politika kontserbadoreak" egiten dituztenekin ez dute inolako akordiorik izango, "ez badago aldaketa nabaririk politiketan".
Lan-kulturen isla
Debagoieneko kooperatibismoa mundu osoan eredugarria dela azpimarratu du Sumarreko ordezkariak. Tradizio propioak ere nabarmendu ditu; bereziki, euskara eta horren bueltako ondarearen zaintza.