Eskuinarekin gobernatzeko asmorik ez duen ezkerreko alderdi bezala definitu du Miren Echevestek (Irun, 1982) Elkarrekin Podemos. Osasungintzan pribatizaziorako bidea "mugarik gabe" ireki dela dio eta publikoa den zerbitzuak publikoa izan behar duela, "guztiontzako berdina". Langileen egonkortze prozesua egin behar dela dio: "15.000 langile inguru dauzkagu behin-behineko kontratuekin. Has gaitezen dauzkagunak egonkortzetik. Ondoren ikus dezagun non, zenbat eta ze lekutan". Halaber, langile publikoen greben aurrean dio "negoziazio kolektiboa" behar dela eta akordio batera heldu arte ez dela mahaitik altxatu behar.
Legebiltzarra trantsizio energetikoa "presaka" egiten ari dela dio, eta adierazi du Elkarrekin Podemos ez dagoela ados nekazaritza-lurrak energia berriztagarrietako azpiegiturak jartzera bideratzearekin, ezta enpresek kanona ordaintzearekin ere, badaudelako nekazaritzari kalterik egiten ez dioten beste eremu batzuk eta ingurumena bigarren mailan geratzen delako: "Has gaitezen antropizatutako eremuetan ahal dugun instalazio fotovoltaiko gehienak instalatuz".
Etxebizitzari lotuta, gazteen emantzipazioan jarri du azpimarra, prezioengatik ezin direlako emantzipatu batez beste 30 urtera arte. "Nahi badiegu hurrengo belaunaldiei emantzipatzeko aukera bat eman, etxebizitza publikoak eduki behar ditugu", dio.
Hauteskundeen ostean, euren babesa beharrezkoa bada, "eskubide unibertsalen alde egiten duen gobernu-proiektu baten alde" egingo dutela aurreratu du, "iraultza" eta "aldaketa" egin behar direla uste baitute.
Kulturaren arnasgune
Echevesteren ustez, Debagoienak EAEri egiten dion ekarpena kulturaren arnasgune izatearena da: "Debagoieneko edozein herritan Gipuzkoako kultura ikusten duzu. Bertan mantentzen da gure kultura bizirik".