Puntua aldizkariaren 406. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Hasi dira eraikitzen etorkizuneko herriak, eta hainbat puntu hartu behar izaten dira kontuan lan horretan, izan irisgarritasuna, segurtasuna, mugikortasuna edo ingurugiroa. Pertsonengan oinarritutako herriak eraiki gura dituzte, pertsonak gustura bizi daitezen. Herri inklusiboak izan behar du, pertsona mota guztiendako atsegina den bizilekua. Ertz asko ditu eta faktore asko izan behar dira kontuan: generoa, jatorria, maila soziala, eta arazo funtzionalak, esaterako, herri bat ez dutelako bertako herritarrek bakarrik osatzen, baizik eta herri horrek pertsona mota guztiendako eskaintzen dituen zerbitzuek, izan hirigintza arlokoak, hezkuntzakoak, kirolekoak, ongizatekoak zein kulturakoak. Hirigintza inklusiboaren baitan batzen dira guztiak eta ikuspegi hori oinarrizkoa da herrien eraikitze lanetan.
Irisgarritasun unibertsala lortu gura
1997ko abenduan sartu zen indarrean EAEn Irisgarritasuna Sustatzeko Legea, eta arlo hori ikusteko modua zorroztu zen ordutik aurrera. Irisgarritasun lanak, arrapalak, maldak eta espaloietako koskak kendu eta igogailuak jarri, adibidez, dira hirigintza inklusiboarekin zuzenean lotzen diren ekintzetako bi. Herri guztietan egiten dira lan horiek eta udal guztiek sartzen dute aurrekontuetan partida handiago edo txikiago bat irisgarritasun lan horiek egiteko. Hirigintza inklusiboa, baina, ez da bakarrik irisgarritasun lanak egitea: herria pertsona guztiendako erosoa izan dadin egin beharreko lana ikuspegi orokorragotik begiratzea da.
Herrian zelan bizi gura dugun kontzeptuarekin dago lotuta hirigintza, eta herria nola haziko den. Orokorrean hartuta, herri bakoitzaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak jasotzen du hori, eta lanketa horretan inklusibitatea ere bada kontuan hartu beharreko aldagaia. Eraikuntzak ez ezik, ingurumena zein hizkuntza jaso ditzake, esaterako, plan horrek, eta oinarrietako bat da irisgarritasun unibertsala lortzea, herria inklusiboa izan dadin bertara doan pertsona ororendako.
Urte askotarako erabakiak
Hirigintza inklusiboak, berez, herria pertsonendako atsegina eta erosoa den espazioa izatea du helburu, eta hori kontuan hartzea eta ikuspegi horrekin lan egitea da garrantzitsua, esparru hori ondo ezagutzen duten eta egoitza Zarautzen duen Projekta Urbes enpresako Patxi Galarraga arkitektoaren ustez. Euren aholkularitzarekin egin dute Oñatin, esaterako, haur eta gazteendako jolastokien diagnosia eta plana, baita Bergarako kiroleko eta aisialdirako kanpoko espazioen mapa ere; gaur egun, Arrasateko Udalarekin ari dira elkarlanean, Gudarien plazak etorkizunean izango duen erabileraren eta itxuraren gainean. "Hirigintzan hartzen diren erabakiak, normalean, hamarkadak iraungo duten erabakiak izaten dira; egindako lan horiek aldatzea ez da hain erraza izaten gero. Horrelako proiektu bat diseinatzen denean hirigintza inklusiboaren ikuspegitik egiteak bere garrantzia dauka. Erronka izaten dira zailtasun horiek, eta trebatu egin behar da. Herri gehienetan herritarrei galdetuz gero zer arazo duten, adibidez, aparkaleku falta da askotan agertzen den erantzunetako bat. Arazoa izaten da aparkatzeko tokia lau minutura dagoelako, ez etxe ondoan. Gizartearen arazoak minutu askotakoak izaten dira, ez laukoak bakarrik. Erakunde publikoek konpromisoa eta formakuntza behar dituzte gai horren inguruan, eta teknikariek jakintza zientifikoa aplikatu beharko lukete".
PATXI GALARRAGA: "ERAKUNDEEK KONPROMISOA ETA FORMAKUNTZA BEHAR DUTE
Sareak egiteko espazioak
Eurekin batera landutako proiektuen adibideak jarrita, Oñatin jolaslekuen inguruan egindako lanak eta emaitzak hasierako helburuaz gain lortu dezakeen emaitza aipatu du Galarragak: "Kanpoko jolastokien kasuan, esaterako, espazio horiek harremantzeko espazioak ere badira; hainbat herritarrek egingo dute topo leku horietan eta euren arteko sare sozial bati emango diote bide". Kalisteniako guneetan ere ikusten dela inklusibitatea dio Galarragak: "Aire librean daude eta edonork erabil ditzake horietan egoten diren elementuak".
Bergaran, kanpoan dauden aisialdirako espazioen lanketan jardun zuten, guztiendako izatearen arrazoia bazterrean utzi barik. "Labegaraietako espazioa, esaterako, zabala da, elementu eta gune ezberdinak ditu eta erabiltzaileak ere askotarikoak dira. Han elkartzen direnen artean sortzen dituzte batzuetan, esaterako, taldeak futbolean aritzeko; bertan jaiotakoak zein kanpotik etorritakoak elkartzen dira han. Egia da jolas elementua baloia den gehienetan mutilak direla espazio hori okupatzen dutenak, baina jolasleku askotan hasi dira lanketak egiten, adibidez, pistak har ez dezan espazioko zatirik handiena".
Galarragaren esanetan, hirigintza inklusiboak ikuspegi feminista ere hartu beharko luke kontuan. "Herriko gune ilunak identifikatu eta horiek argiztatzea, esaterako, toki askotan egin da. Baina argia egon arren, zer-nolako eraikinak daude kale horietan? Hutsik edo beteta daude? Eraikin horietako baxuak zabalik daude? Erabiltzen dira?... Beste galdera batzuk ere sortzen dira horrelakoetan. Zaintzaren arloa ere hor dago; emakumeak dira zaintzaile lanetan ari diren gehienak...".
Piktogramak, lagungarri
Hirigintza inklusiboa lantzerakoan galdera askoren erantzuna bilatu behar den ideiarekin ados dago Iñigo Ruiz arkitekto oñatiarra ere: "Auzo berri bat egitean, esaterako, nolako etxebizitzak, zein tamaina edo altueratakoak eta kopurua kontuan hartu behar da, baina baita auzo horretan bizitzea erosoa izatea zerk bihurtuko duen ere. Herrigunera edo ikastetxera zein osasun zentrora joateko, adibidez, modurik dagoen ikusi behar da, bidegorririk, espaloirik edo autobus zerbitzurik dagoen. Egiten diren etxebizitzetan ere baxu batzuk komertzioetarako utzi beharko dira, nahiz eta gero ikusi egin behar den norbaitek negozioren bat jarri gura duen edo ez". Ruizek gaineratu duenez, errazago egiten dira horrelako lanak lursail hutsetan, eta zailagoa da lana dagoeneko eraikita dauden kaleetan: "Egoera erreala hori da, gehienetan; gure herriak eraikita daude eta horrek zaildu egiten du hirigintza inklusiboa txertatzea, baina ikuspegi hori eduki beharra dago". Eta eraikita dauden espazioetan arazoak ez dira konpontzen koskak bakarrik kentzen. Umeak, nagusiak, ikusmen arazoak dituztenak, aulki gurpildunean daudenak, aniztasun funtzionala dutenak, kanpotik datozenak... denak dira herritarrak eta beharrak asko dira. Pertsona nagusien artean, adibidez, komun publikoen eta eserlekuen eskaerak sarri entzun izan dira herri batean edo bestean.
Autismoa duen ume baten ama da Mirian Hernandez arrasatearra, eta piktogramak eurendako oso tresna erabilgarriak direla dio, ulermenerako. Zebra-bideetan margotu zituzten Bergaran lehenengo eta Oñatin gero, baina udal eraikinetan, dendetan eta bestelako tokietan ere behar direla dio hark: "Gure kasuan, adibidez, etxean ere asko erabiltzen ditugu, sekuentzian kasu batzuetan. Eta igerilekuan, igogailuetan eta liburutegian, esaterako, oso lagungarriak izango lirateke. Igerilekuan piktogrametan agertuko balitz aldagela zein den, igerilekuak non dauden edo non dutxatu daitezkeen, horrek segurtasuna emango lieke, adibidez, autismoa dutenei. Dendetan zer saltzen duten jakiteko ere oso lagungarriak zaie. Arrasaten, adibidez, egin genien planteamendua dendariei, Ibai-arte elkartearekin harremanetan jarrita. Piktogramak dendaren kanpoan jartzea zen proposamena, haiek marrazki horretan identifikatu dezaten komertzioa. Txatxilipurdi elkarteko ludotekan eta ikastetxean badituzte jarrita, esaterako, eta kalean eta zerbitzu publikoetan jartzea ere garrantzitsua eta eskertzekoa da. Hizkuntza ulertzen ez dutenendako edo irakurtzeko zailtasunak dituztenendako ere baliagarriak dira piktogramak". Herriko dendariekin egin duten moduan, udal ordezkariekin egoteko asmoa dute MondraTEA elkarteko kideek, piktogramak eraikin edo zerbitzu publikoetan ere jartzeko.
MIREN HERNANDEZ: "PIKTOGRAMAK LAGUNGARRIAK DIRA ULERMENERAKO, ETA BEHARREZKOAK"
Ikuspegi globala
"Benetako inklusioa lortzeko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko" lan egiten duen Garagune elkarteak adimen- desgaitasuna duten helduei eguneko arreta-zerbitzua eskaintzen die eta Bergaran eta Arrasaten ditu egoitzak. Hango hezitzaileek diote irisgarritasun lanak egin arren oraindik ere badaudela kontuan hartu beharreko puntuak, trabak "askotarikoak" direlako. "Adibidez, nahiz eta kalea zabala eta aldaparik edo trabarik gabekoa izan, tabernetako terrazek espazio handia hartzen dute eta horrek zaildu egiten du aulki gurpildunean doanaren eta haren laguntzailearen egunerokotasuna. Espaloietan topatu ditzakezun zutabeak ere ez dira lagungarri askotan. Bestalde, Arantzazuko Santutegiaren aurrean dauden harrizko eserlekuak ere, esaterako, oztopo dira ikusmen urritasuna dutenendako. Baita esertzeko eta zutitzeko zailtasunak dituztenendako ere; ez dira batere erosoak esertzeko, baxuegiak dira. Autobusak ere ez dira batere aproposak... Ez da erraza denen onurak betetzea, baina kontuan hartzea edo sentsibilizazio hori izatea, behintzat, asko da", dio Garaguneko Isabel Medina koordinatzaileak.
Hezkuntzan, kirolean eta aisialdian garai batean baino gehiago lantzen dira inklusioa eta sortzen dira ekintzak; Auzoko modukoak, esaterako. Hirigintza inklusiboak hartzen ditu, baina, denondako erosoa eta trabarik gabeko herria eraikitzeko kontuan izan beharrekoak, egin beharrekoak.