Bakarrizketen loraldia

Mireia Bikuña 2024ko mar. 29a, 10:23

Formatu txikiko ikuskizunak dira, baina oihartzun handia lortzen dute. Umorea euskaraz egiteko bidean, geroz eta gehiago dira bakarrizketen aldeko hautua egin dutenak. Maiatzean, Algaraka umorezko bakarrizketa lehiaketa abiaraziko da Bergaran.

Puntua aldizkariaren 405. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Lehen stand-up ikuskizunak XX. mende erdian egin ziren Ameriketako Estatu Batuetan. Pertsona bakarra taula gainean, mikrofono batekin, eta, akaso, jarleku batekin. Gai zehatz bati buruz, egunerokotasuneko gertaera bati buruz, politikari, kirolari edo kulturari buruz... berba egiten, ikus-entzuleak aurrez aurre edukita. Diziplina hartatik sortu ziren El club de la comedia eta Paramount Comedy. Euskal Herrira XXI. mendearen hasieran heldu zen. Lehen saiakerak egin zituzten Nagore Aranburuk, Mikel Pagadik eta Jon Plazaolak. "Gu izan ginen lehenak stand-up formatuan umorea euskaraz egiten. Umorea euskaraz beti existitu izan da. 2000. urte hasieran hasi ginenean, El club de la comedia zen erreferentziazko saioa. Orduko hartan, ez zeuden Ingalaterran edo AEBetan ekoizten ziren bakarrizketetara heltzeko erremintak. Oso gutxi ginen bakarrizketa komikoak euskaraz egiten genituenak. Oraingo loraldiak izugarrizko ilusioa egiten dit. Gazte jendea animatu da, erreleboa dago, eta ni neu laguntzeko prest nago, edozertan", esan du Jon Plazaola aktoreak.

GETARI ETXEGARAI: "GUK EZIN DUGU GURE DUGUN GUZTIA ESAN"

Lehen haziak

Lehen ahalegin hura ez zen guztiz errotu, eta hainbat urte pasa behar izan dira oraingo loraldi honetara heldu ahal izateko. Barre librea saioak, lehenengo, eta Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketak, ostean, hazia erein dute, eta dagoeneko hasi dira loreak irteten. "Umore gazia egiteko aukera ematen dute bakarrizketek. Baina esango nuke Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan egiten den umore mota horrek badituela muga batzuk. AEBetako bakarrizketatan ez dute filtrorik, eta Gobernuaren kontra astakeria galantak botatzen dituzte. Guk ezin dugu hori egin: ezin dugu gura dugun guztia esan. Dena den, umorea eta politika apur bat egiteko balio digu, eta oso pozik nago", azpimarratu du Getari Etxegarai aktoreak.

Estiloa, kontatzeko modua...

Mireia Gabilondo bergararrak idatzitako testu batekin egin zuen lehen bakarrizketa Getari Etxegaraik. Gidabaimenaren gainekoa zen testua, eta gogoan du oso gaizki pasa zuela. "Zuzenean grabatzen zen saioa, eta ni bitan zuri geratu nintzen. Oroitzapen oso txarrak ditut. Baina garbi daukat bakarrizketa baten arrakasta testu on batean datzala. Testu on batekin ausartu zaitezke mikro aurrean ipintzera. Eta, hori eginda, askotariko bakarrizketariak daude. Adibidez, Antton Telleria oso ona da, baina tonu lasaia erabiltzen du kontaketarako. Ez da ahalegintzen dibertigarria izaten. Beste batzuk histrionikoagoak dira". Iritzi berekoa da Plazaola. "Bide asko daude publikoarengana heltzeko. Bogan dauden umoristei dagokienez, nork bere estiloa dauka. Berba egiteko nork bere tonua dauka. Niri dibertsitatea gustatzen zait, estilo ezberdinak txalotzen ditut. Guztiak dira baliagarriak. Dibertsitatean dago dibertsioa. Aniztasun horrek ematen dio distira gure komediari. Nire aholkua? Norberak topa dezala bere bidea".

JON PLAZAOLA: "NIRE AHOLKUA? NORK BERE BIDEA ETA ESTILOA TOPA DITZALA"

'Algaraka' umorezko bakarrizketa lehiaketa

Geroz eta lore gehiago ematen hasi da landatutako haziak azkenaldian. Geroz eta bakarrizketari gehiago daude, eta, haiendako erakusleiho izan dadin, Bergarako Jardun euskara elkarteak, Bergarako Udalaren eta Goiena Komunikazio Taldearen laguntzarekin, Algaraka umorezko bakarrizketa lehiaketa abiarazi du. Maiatzeko lau egubakoitzetan izango da. Lehenengo kanporaketa eta finala Bergarako Seminarixoan jokatuko dira, maiatzaren 10ean eta 31n; bigarren kanporaketa, Urretxuko Labeaga aretoan, maiatzaren 17an; eta hirugarren kanporaketa, Zumaiako Aita Mari aretoan, maiatzaren 24an. Izena emateko epea zabalik dago. Hautagaiek 2-3 minutuko ikus-entzunezkoa sortu eta bidali beharko dute apirilaren 19a baino lehen, komunikazioa@algaraka.eus helbidera. Guztira, 1.850 euro banatuko dira saritan. Publikoak saritzen duen bakarrizketariak Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberria nekazaritza-etxean gaua eta gosaria irabaziko ditu. Miren Nogales eta Jon Olivares aktoreak izango dira aurkezleak.

Idoia Torregarai umorista usurbildarra epaimahaiko kide izango da: "Bakarrizketaren osotasuna begiratuko dut: planteamendua, originaltasuna, estiloa eta, bereziki, publikoarekin konektatzen duen, eta, hala bada, nola lortzen duen. Eta, jakina, oso garrantzitsua izango da niri barre eginaraztea". Era berean, Oñatiko kulturgile eta Debagoieneko Antzerki Plataformako kide Josu Zubia eta bertsolari zarauztar Aner Peritz egongo dira bakarrizketak epaitzen.

Kepa Errasti: "Bakarrik zaude jendearekin, horrek dakarren guztiarekin"

Baloiei dien beldurrari buruzko bakarrizketa izan zen Kepa Errasti aretxabaletarrak egindako lehena. EITBko Barre librea saioan izan zen. "Oso ondo gogoratzen dut. Posdatarik gabeko gutunak antzezlanean egiten ditut bakarrizketak, baina stand-up formatukoak oso ezberdinak dira. Bertigo apur bat sartu zitzaidan lehen aldian. Egia da, era berean, oso aberasgarria dela oholtzatik jaitsi eta ondo joan dela ikusten duzunean. Ez naiz erosoegi sentitzen. Izan ere, beti bilatzen edo eskatzen da publikoak barre egitea, eta oso zaila izaten da hori", dio Errastik.

Amildegi ertzean

Hitzak dioen moduan, bakarrizketaria bakarrik egoten da publikoaren aurrean, horrek dakarren guztiarekin. "Norberak dauka gertatzen ari denaren kontrola. Bakarrizketaren hariak mugitzen ditu, baina ezustekoaren bat dagoenean ere norberak arduratu behar du hori konpontzen. Barre librea-n, gure artean komentatzen genuen bakarrizketa bat dela amildegi ertzean egotea bezala. Ondo irtenez gero, poztasuna; baina labainduz gero, zuloa".

Amonarrizen txisteak

Jon Plazaola gogoratzen du Errastik bakarrizketak egiten, baina ondo gogoan dauka Kike Amonarrizek txisteak kontatzen zituen kasetea: "Txisteak eta bakarrizketak ez dira gauza bera, baina loraldi honen hazietako bat izan daiteke".

Ana Goitia: "Bakarrizketariak bere buruaz barre egiten jakin behar du"

Ana Goitia arrasatearra 40 urterekin hasi zen bakarrizketak egiten, Barre librea-ren gonbidapenari esker. Ostean etorri ziren Catarsi Feministaren aurkezpenean –Arrasateko gaztetxean egin zuen– eta Antton Telleriarekin eta beste umorista batzuekin Lizardi elkartearendako egindakoak. Eta oso garbi dauka: bakarrizketak egiten jarraitu gura du. "Etxean egon naiz umore onez inguratuta: aitaita Roke, aita, anaia Alex... Ni neu ere oso umoretsua naiz, baina Barre librea-n egindako lehen bakarrizketaren ondotik jakin nuen hau zela nire bidea. Inoiz baino erosoago sentitzen naiz umorea egiteko modu honekin", kontatu du.

Ezaugarriak

Ulerterraza, egunerokotasunean oinarritutakoa eta originala izatea dira Goitiak bakarrizketa baterako zehazten dituen ezaugarriak. "Kontatzeko modua ere oso inportantea da. Publikoa zuk kontatzen duzun horrekin identifikatuta sentitzea. Beste aldekoa gozatzen eta barrezka ikusteak bizitasuna ematen dit".

Goitiak uste du edonork ezin duela bakarrizketari izan. "Mikroaren aurrean jartzen denak norbere buruari barre egiten jakin behar du. Hori barik, oso zaila da lotsak kentzea. Era berean, espiritu kritikoa eta sormen handia edukitzea ezinbestekoak dira. Nork bere bakarrizketak idaztea ere oso inportantea da, benetan sentitzen duzuna komunikatu ahal izateko".

Mikel Laskurain: "Oholtzan inprobisatzen jakitea ezinbestekoa da"

Kale-antzerki asko egindakoa da Mikel Laskurain bergararra, eta horrek eskarmentua eman dio bakarrizketak egiteko orduan. Ez zaio askorik gustatzen formatu hori, baina ikusi izan dugu halakoak egiten. "Nik nahiago dut osoak diren antzezlanak ikustera joan. Argiak, eszenografia, aktore asko... dituzten obrak, alegia. Baina kontziente naiz bakarrizketek loraldia bizi dutela", azpimarratu du.

Laskurainek uste du edozein aktore izan daitekeela bakarrizketari, baina ezaugarri batzuk landuta: "Aulki batekin eta mikrofono batekin egiten diren bakarrizketetan inprobisatzen jakin behar izaten da, eta, akaso, guztiek ez dute balio ikus- entzuleen aurrean bakar-bakarrik egoteko".

Barre eragitea helburu

Erraza ez den arren, bakarrizketa baten helburua barre eragitea izaten da beti. Horretarako, bakarrizketak ona izan behar du. Ezaugarri batzuk behar ditu: "Hagaxka magikorik ez dago, baina, nire ustez, dramaturgia eta gidoi onak, erritmoa, sorpresak eta ikus-entzuleen profilaren araberakoa izatea ezinbestekoak dira".

Gilak telefonoarekin egiten zituen bakarrizketak gogoan ditu Laskurainek. Txiste kontalarien lana ere azpimarratzen du, eta bakarrizketarien maila berean ipintzen ditu bertsolariak: "Haiek ere bakarrizketan aritzen dira, inprobisatuz, jende mordoaren aurrean".

Kaitin Allende: "Polita da jendaurrean gozatzen hasten zarenean"

Kaitin Allende arrasatearra kazetaria da, komunikatzailea, eta azkenaldian bakarrizketak egiten dihardu, aurrez ikastaro batzuk hartu ostean: bakarrizketak nola egin, interpretazioa nola landu, ahotsa nola erabili...: "Ikastaroen ostean, indarra hartu eta oholtza gainera igo nintzen. Irratian jende askorendako egiten duzu berba, baina ez dituzu ikusten. Bakarrizketan, barre egiteko gogoz dagoen publikoa daukazu aurrean. Sentsazio kontrajarriak bizi izan ditut, baina polita da gozatzen hasten zarenean. Egun, gozatu egiten dut".

Laugarren bakarrizketarekin

Allendek berak idazten ditu bakarrizketen gidoiak, eta egunerokotasunean oinarritzen da horiek idazteko. Unean bizi dituen egoerak hartzen ditu abiapuntu. Konfinamenduak lagundu zion horretan: "Martxan hasi orduko, etxean sartu gintuzten, eta etxean bertan hasi nintzen bakarrizketak grabatzen. Orain arte, lau ikuskizun sortu ditut. Egun, zahartzaro hiperaktiboari buruzkoarekin nabil".

Oso garbi dauka edonork ez duela balio bakarrizketak egiteko: "Aktore batek ederto egingo du bakarrizketa dramatiko bat, baina umorezkoa bada... Komikoa izatea ezinbestekoa da, eta komunikatzaile ona ere bai. Edonork ezin du edozer gauza egin. Zergatik ez dute egiten sukaldari guztiek telebistako saio bat? Bada, guztiak ez direlako Argiñano".

Asier Kortabarria 'K': "Formatu soila da, baina, aldi berean, oso heterogeneoa"

Aier Kortabarria Asier K bergararrak barrutik dihardu bizitzen bakarrizketen loraldia. Iaz, Dokako Karkarkar probalekuak ipini zituen martxan Hiru Damatxo ekoiztetxeak. Horko kide da Kortabarria. "Gaztea irratirako stand-up formatuko saio bat ekoiztu dugu: Zutunik. Barrea eragiteko helburua duen formatu hori hauspotzen laguntzeko modua da. Era berean, ni neu ere hasi naiz bakarrizketak egiten. Beraz, umorea egiteko formatu honetako bi aldeak ari naiz ezagutzen", aipatu du.

Probatu, eta gustatu

Bakarrizketak kontsumitu ditu Kortabarriak, eta hiru saio ikusi ostean, probatzea erabaki zuen: "Eroso sentitu nintzen; ziur aski, publikoaren harrera oso ona izan zelako. Egia da egun guztiak ez direla berdinak. Norbera ez dago berdin. Plazak aldatu egiten dira. Publikoa ere bai. Kanpoko faktore asko ezin dira kontrolatu".

Plazak eta publikoaren profila aldatzen diren heinean, bakarrizketaren gaiak eta lanketa aldatu egiten dira. Baina Kortabarriak garbi dauka umorista berari grazia egiten dion produktua izan behar duela: "Beste batzuei barrea eragiteko abiapuntua norberak ere barre egitea da. Bestalde, bakarrizketak zintzoa eta umila izan behar du".

Soiltasuna da arrakastaren kakoetako bat. "Soila eta heterogeneoa da. Elementu gutxirekin emaitza oso ezberdinak ateratzen dira. Taulara igotzen denak bere barrua azaleratzen du, barrea eragin guran".

Iker Plazaola 'Plaxa': "Erraza dirudi, baina atzean dagoen prozesua izugarria da"

Iker Plazaola Plaxa oñatiarra militantziagatik hasi zen bakarrizketak egiten. 2022an Antton Telleriaren gonbidapena jaso zuen, eta gaur arte. "Gustuko dut umorea egiteko diziplina hau, eta pozik bizi dut egun bizi duen egoera. Pozik, baina sendotu egingo ote den zalantzarekin. Etorkizunera begira, egoera bitxia irudikatzen dut: oraindik ez daukat oso garbi zein norabide hartuko duen oraingo olatuak. Beraz, zalantzak bai, baina esperantza ere bai", kontatu du.

XX. mendearen hasieran bakarrizketak egiten hasi zirenak ahaztu barik, Plaxa-k uste du oraingo olatuaren arduraduna Antton Telleria dela. Nekatutak bakarrizketarekin areto guztietan egon da. "Begiak ireki dizkigu, eta euskaldunok umorea egin dezakegula erakutsi digu".

Ñabardurarik gabe

Bakarrizketak egitea erraza dela dirudi. Mikrofono aurrean ipini eta berba egiten hasi. Baina ez: "Atzean dagoen ikerketa- prozesua itzela da. Edo oso ondo egiten duzu edo oso gaizki. Ez dago ñabardurarik. Oso muturrekoa da. Ongi edo gaizki".

Era berean, bakarrizketariari kontakizun propioa egiteko aukera ematen dio diziplina horrek: "Norberak kontatzeko duen estiloaz harago, asko dauka egiatik. Bakarrizketa guztiek dute egitura bat: hasiera, mamia eta bukaera. Baina beste ezaugarri batzuk ere behar ditu, ezinbestean: publikoarekin hartu-emana, gorabeherak kontakizunean, sorpresak eta ezusteak..."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak