55 kilometro eta 140 lekukotik gora izango ditu Korrikak Debagoienean

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 18a, 19:00

22. korrika Arrasatetik igaro zen une bat

Martxoaren 14an irten zen, Irundik, 23. korrika, eta martxoaren 24an amaituko da, Baionan. Bi aldiz igaroko da aurten Debagoienetik: martxoaren 20an eta 23an, hain zuzen ere. Guztira, 55 kilometro egingo ditu ibarreko errepideetan zehar.

Beste urte batez, Korrikak euskararen aldarria zabalduko du Euskal Herrian barrena, eta, noski, baita Debagoienean ere. Irundik irten zen martxoaren 14ean, 16:00etan, eta martxoaren 24an amaituko du ibilbidea, Baionan. 2.700 kilometro izango ditu aurtengo ibilbideak; aurreko edizioa baino luzeagoa izango da, horrenbestez. Debagoienean, berezitasun modura, bi egunetan igaroko da Korrika, martxoaren 20ean lehenengoz eta 23an hurrena. Debagoienean, guztira, 54 kilometro egingo ditu Korrikak, baina horiei Aramaioko Udalak Korrika Leintz Gatzagara sartu aurretik egingo duen kilometroa ere gehitu behar zaie.

 

Korrika Debagoienean

Korrika martxoaren 20an pasako da lehenengoz Debagoienetik. Bergaratik pasako da, 06:45ean. Azkoititik etorriko da, eta Bergarara Elosutik sartuko da. 1483. kilometroa izango da Debagoienean egingo duen lehenengoa. Korrika Antzuolarenak diren lur eremu batzuetatik igaroko da, eta, hori aprobetxatuz, herri hartako zenbait eragilek hartuko dute lekukoa. 07:01 aldera izango da hori, 1487. kilometrotik 1489. kilometrora. Ondoren, San Martinetik erdigunera bideratuko da. Bertan lau kilometro inguru egingo ditu eta Matxiategirantz joango da 07:47 aldera. Bide horretatik Uberara 08:18an iritsiko da, eta bidea egingo du Elgetarantz; hara 08:35 aldera iritsiko da. Elgetatik 08:52an irtengo da, Zaldibarrerantz, eta azken kilometroa 1503.a izango da.

Martxoaren 23an igaroko da bigarrenez Korrika eskualdetik. Aramaio izango da ordezkaritza izaten lehen herria. Aurten Korrika handik ez denez pasako, 2236. kilometroa hartu du Aramaioko Udalak, Leintz Gatzagara sartu aurreko kilometroa. 02:03an izango da kilometro hori, eta Gatzagara 02:09an sartuko da. 02:23an pasako da herrigunetik Korrika, eta Eskoriatzarako bidea hartuko du. 02:35ean sartuko da bertan Korrika, Zarimutz aldetik. 03:01ean Gaztañaduira helduko da. Korrikak zeharkatuko duen hurrengo herria Aretxabaleta izango da. 2247. kilometroa izango da herri horretako lehena. Hain zuzen ere, 03:14an sartuko da. Herri barrura 03:21ean helduko da eta Arrasateko mugara, berriz, 03:27an.

Behin Arrasaten sartuta, 03:40an San Andresera iritsiko da, eta, bidea jarraituz, herrigunera lau minutu geroago sartuko da. Handik Musakola aldera joko du, eta 03:53an iritsiko da. Musakolatik Elorregira joango dira parte hartzaileak, Oñatira bidean. Hain zuzen ere, 04:19an sartuko da Oñatin Korrika. Bidea eginda, 04:50 inguruan helduko da hirigunera, Otadui zuhaiztitik. Olabarrietan gora, Udana aldera joango da. 05:44an, berriz, eskualdeko partaideek lekukoa Urolako kideei pasako diete. Modu horretan bukatuko dira, beste edizio batez, Korrikak Debagoienean izango dituen nondik norakoak.

Babes handia eskualdean

Korrikak babes handia jasoko du Debagoienean. Urtero bezala, hainbat elkartek erosi dute kilometroa, eta lekukoa eramango dute, euskara eta AEK babesteko asmoz. Izan ere, horrenbesterainokoa da Korrikak bailaran duen babesa, hainbat kilometro eragileen eta elkarteen artean banatu behar izan dituzte. Korrikak Debagoienean egingo dituen 55 kilometro horietan, 140 elkartetik gora izango dira lekukoa hartuko dutenak, kilometro kopuruaren bikoitza.

Autobusak Baionara

Martxoaren 24an bi autobus joango dira Debagoienetik Baionara, han izango da-eta Korrikaren amaiera. Bi autobusak beteta daude, eta antolatzaileek, momentuz, ez dute besterik jartzeko asmorik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak