Bertsozale asko joango da gaur, zapatua, Gasteizko Principal antzokira Arabako bertsolaritzako txapel preziatua nork jantziko duen ikusteko gogoz; haien artean, astean Arrasate Irratiko Zaku bete kontu saiora gonbidatu dituzten Arrasateko Patxi Goikolea bertsozalea eta bertso-eskolen bultzatzaile beteranoa eta Ane Zuazubiskar bertsolaria. Gertutik ezagutzen ditu Aramaioko hiru finalistak Zuazubiskarrek, eskola berean jarduten dute bertsotan; Goikolea aspaldi ez da bertso-eskoletara joan, baina gertutik jarraitzen du eskualdean dagoen eta datorren bertsolarien harrobi.
Patxi Goikolea: "Alde oso txikia dago batez besteko puntuetan; beraz, edozein izan daiteke irabazle"
Goi mailako bertsolariak
Aurreikusi moduan, txapelketa "anitza, gaztea eta jasoa" izan da eta finala ere halakoa izango dela uste dute solaskideek. "Ez nintzateke ausartuko esatera zein izango den lehenengo eta zein bigarrena; izan ere, bertsolari bakoitzak txapelketan zehar jasotako batez besteko puntuei begiratuta, alde oso txikia dago lehenengotik seigarrenera. Horrek esan gura du seigarrena ere txapelduna izan daitekeela", dio Patxi Goikoleak, eta zera gaineratu du Ane Zuazubiskarrek: "Zenbakietan argi dago oso estu sailkatu direla denak, baina finalak finalak dira eta puntuetatik harago jakin egin behar da egoten, eta egoteko tokia topatu behar da. Ez da kontuan hartu behar bakarrik bertsolariak botatzen duen bertsoaren kalitatea, garrantzitsua da aurrean daudenek, publikoak eta epaileek, bertsoak nola hartzen dituzten, asko eragiten du-eta horrek. Esango nuke azkeneko urteetako joerei jarraituta orekatu egin dela apur bat; hau da, garai bateko txapelketetan ibiltzen zirenak eta belaunaldi gazteagokoak heldu direla finalera".
Bihotzak aginduta, Aramaiora
Kinielak zabalik daudela diote biek, nahiz eta bihotzetik jardunda txapela Aramaiora ekartzea gustatuko litzaiekeela aitortzen duten. "Manex oso erregularra da" dio Goikoleak. "Nik, erregularra dela baino gehiago, erregular dabilela esango nuke", dio Zuazubiskarrek, zera gaineratuta: "Aramaioko saioan oso fin hasi eta oso zorrotz amaitu zuen, eta esango nuke bere burua entrenatuta eta finalean gustura abesteko sumatzen duela. Peruk, berriz, Aramaiokoan ez zuen gozatu, nire ustez, baina freskuratik egiten du bertsotan, bertsoak behar duen sakontasuna kendu barik". Goikoleak hauxe dio: "Txispa dauka eta gutxien uste duzun lekutik ateratzen du hark bertsoa", Amilburu bertsotan ezagutzen ez duela aitortuta. "Poliki-poliki urduritasunari neurria hartzen doa Paula; oso gustuko dut pertsonaiaren azalean nola sartzen den eta baita duen umorea ere".
Ane Zuazubiskar: "Azkeneko urteetako joerei jarraituta, orekatu egin da finalisten zerrenda"
Bertsokide "konpletoak"
Aramaiokoekin batera izango diren beste hiru bertsolariei buruz galdetuta, zera dio Goikoleak: "Asier Otamendik egoki egiten du bertsotan, neurriz dotore beti eta errimaz ere oso ondo. Iñaki Viñaspre ondo ezagutzen dut, eta gustuko dut, nahiz eta azkar samar ibiltzen den sarritan eta horrek kalte egin ahal dion; eta Aroa Arrizubieta ere oso gustuko dut, etorri oneko bertsolaria da, esaera ona eta zorrotza du. Hiru urteko tartean garapen handia izan du bertsotan Aroak, gauza asko esateko kapazitate handia du eta urduritasuna ondo menperatzen du. Kontrakoa gertatzen zaio, nire ustez, Viñaspreri, pertsona urduria da eta bertsotara eramaten du hori, eta azkartasunean sakrifikatzen du batzuetan teknika".
40. urteurrena aurten
Publikoaren erantzun ona izan du gaurkoak ere; horren erakusle da Bertsosarrerak.eus atarian apenas geratzen direla sarrerarik.
Arabako bertsogintzan egin duen ibilbidea aitortzeko, Xabi Rico Iturriotzi egokitu diote gaurko irabazleari txapela janzteko ohorea.
Finalean izango diren Aramaioko bertsolarien ahotik
1.-Ze sentsaziorekin zoaz finalera?
2.-Zelako saioa aurreikusten duzu?
3.-Irabazteko faboritotik baduzu?
Manex Agirre: "Finalerdian egin nuena biziberritu nahiko nuke"
1.-Ilusioarekin noa finalera; aukera polita da. Baditut bizkarrean final batzuk eta pozik nago beste bat gainean dudalako, txapelketan zerbait egin dudan erakusle da. Finalerdian egindakoa Principalen biziberritzeko gogoz nago. Eguna gerturatu ahala, urduritzen noa, igartzen da tentsioa, baina, esandakoa, pozik nago.
2.-Urte hauetan edozer ikasi badut da saioaren eskema mentala egin dezakezula baina oso zaila dela asmatzea eta irakurtzea zer izango den gero. Sei bertsolari oso ezberdinak gara, batzuek esperientzia gehiago dugu eta gutxiago beste batzuek; hala ere, denok dakigu zer den final bat. Denak eragingo du emaitzan, gure aldarteak eta aurrean izango den publikoaren harrerak ere bai.
3.-Uste dut ez dagokigula guri faboritoa aukeratzea, publikoaren pribilegioa da hori. Guk nahikoa dugu gure burua begiratzearekin eta zaintzearekin. Beste bostak asko gustatzen zaizkit eta uste dut bakoitzak bere onena ematen badu saio elegantea izango dela. Publikoari utziko diogu lan hori.
Paula Amilburu: "Nire helburu nagusia ez da txapela irabaztea"
1.-Finalera gogotsu noa ni ere, eta aurrez egindako lana edo landu dudan guztia erakusteko asmoarekin. Finalera begira, helburu pertsonalak ditut, eta, noski, txapelketa helburu polita da, baina, modu pertsonaletik begiratuta, ez dut uste txapela irabaztea denik, errealista izanda, nire helburua aurten.
2.-Gaur Gasteizko Principal antzokian jokatuko den saioa, orokorrean, ona izango dela aurreikusten dut; orokorrean, txapelketa ere hala izan dela uste dut. Nire esperantza da ea gaurko saioan umoretik asmatzea lortzen dugun; uste dut taularen gainean izango garen sei bertsolariok kapazak garela umoretik asmatzeko, baina ea zelan ateratzen zaigun, zelako gaiak egokitzen zaizkigun, zelako eguna duen bakoitzak...
3.-Egia esan, txapela nork irabaziko duen ez dakit esaten, eta ez dut faborito garbirik. Beste gauza bat da nork irabaztea nahiko nukeen. Hori galdetuz gero, bada, Manexek edo Peruk, baina auskalo zer gertatzen den!
Peru Abarregi: "Principalera bueltatzea puntazoa da"
1.-Iruditzen zait ardura gauzak ondo egiteko gogoarekin joanda benetan plaza gozagarria dela gaurkoa. Txapelketako aurreko bi saioak beste presio puntu batekin bizi izan ditut eta Principal antzokira bueltatzea puntazoa da niretzako. Kolektiboki saio polita egitea lortzea gurako nuke.
2.-Seion aldetik, saio dibertigarria eta ona izan daitekeela aurreikusten dut. Orokorrean txapelketa ona izan dela iruditzen zait eta finaletik kanpo geratu diren bertsolari asko maila handikoak direla; bada, horrek esan gura du finalera heldu garenok ere bagarela nor bertsotan. Gustatuko litzaidake helburu kolektibo bat izatea finalera begira, ea kapazak garen antzokia beteko duen jende horri final ederra eskaintzeko.
3.-Ez, ez naiz izen bat esatera ausartzen. Onerako edo txarrerako, Arabako txapelketa buelta batera jokatu da eta finala ere egun bakarrekoa izango da. Iruditzen zait denok ditugula txapela irabazteko aukerak; beraz, bakoitzak bere onena eman beharko du.