Korrikako lekukoa eramatea Goienakideen artean zozketatuko dute

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 15a, 15:00

David Garcia, Monika Belastegi –Goienako presidentea–, Maria Jesus Ibabe eta Ane Irazabal lekukoa eramaten.

Eskoriatzan izango du kilometroa Goiena Komunikazio Taldeak, eta, bigarren edizioz jarraian, Goienakideen artean zozketatuko du Korrikako kilometroan lekukoa eroatea.

Martxoaren 20an eta 23an igaroko da 23. Korrika Debagoienetik, eta, azkenekoz Korrika Debagoienetik igaro zenean gerta bezala, aurten ere Goiena Komunikazio Taldeak jarri du bere aletxoa kilometro bateko lekukoa eramateko. Martxoaren 23an helduko da Korrika Eskoriatzara, 02:35 aldera, eta herriko lehenengo kilometroan egingo du lasterka Goienak; hain zuzen ere, Korrikako aurtengo ibilbideko 2241. kilometroan eramango du lekukoa, Eskoriatzan; Zarimutzen hasi eta Santa Kolunba ermitaraino.

Lekukoa, Goienakideen eskuetan

Goienak kilometroa urtero erosten badu ere, aurreko edizioan hasi zen haren lekukoa Goienakideen eskuetan uzten. Aretxabaletan egin zuten lasterka orduan, eta aurreko urteetan Oñatin eta Bergaran ere izan ziren. Ohitura hasi berri horri jarraiki, aurtengo Korrikan ere Goienan urte osoan ekarpen ekonomikoa egiten duten Goienakideen artean zozketatuko dute lekukoa eramatea, egindako ekarpen hori eskertzeko.

"Esperientzia paregabea"

22. Korrika berezia izan zen Goienan; izan ere, komunikazio taldeari zegokion kilometroko lekukoa hiru Goienakidek eraman zuten, lehenengo aldiz. Aurretik, Goienako langileak izaten ziren lekukoaz arduratzen zirenak, baina azkenengo edizioan lekukoa kideen eskuetara bideratu zuten. Kide gazteena eta zaharrena gonbidatu nahi izan zituen komunikazio taldeak, eta zozketa bidez erabakitakoa izan zen hirugarrena: Ane Irazabal, oñatiarra; Maria Jesus Ibabe aretxabaletarra eta David Garcia eskoriatzarra izan ziren, hurrenez hurren, egun hartan Korrikako pankartaren aurrean atzetik zeukaten tropela gidatzen aritu zirenak.

Ordutik hona, bi urte igaro dira, eta "oroitzapen oso onak" dituztela adierazi dute hiru protagonistek; izan ere, Korrikako lekukoa eramatea "ez da edozer gauza" haientzat. Garciak, esaterako, Korrika beste era batera bizitzeko aukera izan zuela adierazi du: "Oso polita izan zen. Beti joan izan naiz tropelaren barruan, atzean, eta, azkenekoz, aurrean joateko aukera izan nuen, lekukoa eramaten. Horregatik hartu nuen parte zozketan, Korrika beste modu batera bizitzeko. Oso gustura aritu nintzen eta oso esperientzia aberasgarria izan zen niretzat". Maria Jesus Ibabek ere esku artean izan zuen Korrikaren lekukoa egun hartan, eta aretxabaletarrak dio "oso egun berezia" izan zela. Edozelan ere, aitortu du "hasiera batean oso urduri eta beldurrez" zegoela eta ez zuela bere burua "gai ikusten" bertan ateratzeko. Nolanahi ere, "ingurukoek lagunduta animatu" zen eta "ilusio handiz" eraman zuen lekukoa eskuetan Aretxabaletako erdiguneko kilometroan: "Lekukoa hartu nuenean beldur eta urduritasun guztiak alde batera utzi nituen eta han zegoen giroarekin eta animo guztiekin primeran ibili nintzen". "Une hunkigarria" bizi izan zuen azkenengo edizioan Ibabek, eta, lekukoa eroaten ez badu ere, "aurtengo edizioan ere bertan" izango dela nabarmendu du aretxabaletarrak. Ane Irazabal izan zen lekukoa eramaten hirugarrena; hain justu, orduko Goienakide gazteena izateagatik eraman zuen lekukoa. Ibaberen eskutik egin zuen Goienaren kilometroa Aretxabaletan eta lekukoa eskuz aldatu ostean hunkituta agertu zen Irazabal. Bi urte geroago, oroitzapen onak besterik ez du oñatiarrak: "Aurrenekoz eraman nuen lekukoa Korrikan. Aurretik, sekula ez nuen izan horretarako aukera, eta eskaintza onartzea erabaki nuen; oso polita izan zen eta merezi izan zuen. Ezagutzen ez nuen jendearekin egon nintzen eta giro paregabea bizi izan genuen. Gainera, lekukoa eroan ostean Maria Jesus Ibaberen ingurukoak eta Maria Jesus bera hunkituta ikusteak ni ere hunkiarazi ninduen".

Parte hartu Goienakideen zozketan!

Bigarrenez jarraian, Goienakideen esku egongo da Goienaren Korrikako lekukoa eramatea. Duela bi urte, David Garciari egokitu zitzaion lekukoa eramatea, zozketa bidez, eta harekin batera izan ziren Maria Jesus Ibabe eta Ane Irabazal kideak; orduko kide nagusienak eta gazteenak. Aurtengo edizioan ere Goienakideen artean egingo du zozketa Korrikako lekukoa eramateko. Hauxe dio Goienakideen dinamizatzaile Itziar Larrañagak: "Oso esperientzia aberasgarria izan zen duela bi urtekoa, eta aurten ere errepikatzea erabaki dugu". Hauek dira zozketan parte hartzeko jarraitu beharreko urratsak.

Jarraibideak

Goiena aplikazioa deskargatu.
Goienakide atalaren barruan zozketen atalean sartu.
• Korrikako lekukoa eramateko zozketan parte hartu.

Zozketan izena emateko epea irekita dago dagoeneko, eta Goienaren kilometroan lekukoa eraman nahi duen pertsona orok martxoaren 19ra arte izango du zozketan parte hartzeko aukera. Zozketa egin ostean, irabazlearekin jarriko da kontaktuan Goiena Komunikazio Taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak