Euskal kultura eta historia daude Korrikaren iruditerian

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko mar. 16a, 09:00

Garazi Berrizbeitia, Gorka Zubizarreta eta Iban Galan diseinatzaileak. (Argazkia: Arteman).

Arteman komunikazio agentziak landu du, hirugarrenez, Korrikaren leloa eta iruditeria. Urte eta erdiko lana izan da eta euskal kultura eta historiaren iruditeria kolektiboan inspiratu dira aurten. Gustura daude herritarrek egin dioten harrerarekin.

Hirugarren urtez diseinatu du Goiena parte den Arteman komunikazio agentziak Korrikarako iruditeria. Lan horretan ibili dira Garazi Berrizbeitia, Iban Galan eta Gorka Zubizarreta diseinatzaileak. Baina iruditeria bakarrik ez, leloa ere eurek sortu dute; Zubizarretak eta Asier Lekuek, zehazki.

Prozesuaren hasiera

Urte eta erdi inguru behar izan dute prozesu guztia aurrera eramateko. Lehenengo, Harro herri leloa sortu zuten; honela azaldu du Zubizarretak: "AEK-koek zehazten digute helburu xedea zein izango den, norengana bideratuko den hurrengo Korrika eta zein mezu orokor nahi duten helarazi. Eta horren bueltan hasten gara lanean; leloa sortzea izaten da lehen lan potoloa. Ideia zaparrada batzuk egiten ditugu lehenengo, hitz-jokoekin hasten gara, eta sorkuntza fase oso polita izaten da hori". Behin leloa zehaztuta, irudi proposamenak lantzen hasi ziren.

Iruditeriaren ezaugarriak

Honela deskribatu du Zubizarretak aurtengo iruditeria: "Aurten inspiratu gara euskal kultura eta historiaren iruditeria kolektiboan. Hor hainbat elementu jarri ditugu: ekarri ditugu, adibidez, Pablo Picassoren Gernika-ko iruditeriaren zati batzuk; ikonografia aldetik, Jose Luiz Zumetaren elementu batzuk erabili ditugu; Mikel Laboaren iruditeria ere sartu dugu; eta baita beste hainbat atal gaurkotasunetik gertuago daudenak. Adibidez, Irulegiko Eskua. Horiez gain, agertzen dira Korrikarenak diren hainbat elementu: lekukoa, petoa eta furgoneta. Eta bukaeran saiatu gara atzeko plano alai baten bidez festa iradokitzen duen irudi koloretsu bat egiten, gura duena konpromisoz eta ilusioz etorkizunera begira dagoen herri harro baten irudia sortu", adierazi du Gorka Zubizarretak. Behin betiko irudi hori zehaztutakoan, hainbat euskarritara egokitu dute.

Egindakoarekin pozik

Korrikaren spota ere eurek egin dute: "Behin hurrengo Korrikarako leloa eta iruditeria aurkeztu eta gizarteratutakoan, alde batetik, lasaitasuna hartzen duzu, eta, bestetik, jakin nahi duzu zer esaten den sarean eta kalean. Urduritasun puntu bat egoten da, eta harrera aurten inoiz baino hobea izan da. Umetatik ilusioz bizi izan dut Korrika, eta erronka potoloa izan da", adierazi du Zubizarretak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak