Korrikaren aplikazioa, komunitatea sortzeko helburuarekin

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko mar. 15a, 16:00

Batura Mobile enpresako Gotzon Artzelus, telefonoan aplikazioa erakusten.

Estreinakoz garatu du Goiena jabe den Batura Mobile enpresak Korrikako aplikazioa. Bertatik zuzenean jarraitu ahal da korrika eta momentu bakoitzean ikusi ahalko da non dagoen eta zeinek daraman lekukoa. Komunitatea sortzeko asmoz ere egin dute.

Aurrez ere Korrikak eduki izan du aplikazioa, baina aurten lehenengo aldiz garatu du Goiena parte den Batura Mobile enpresak. "AEK-k azaldu zigun euren estrategian aplikazioak, euskarri digitalak, garrantzi handia izatea nahi duela, eta gura izan dute Korrikarako aplikazioa sortu, ez bakarrik Korrikako egunetarako, baizik eta gerora ere komunitatearekin harremana sortu eta bidean egingo diren laguntzaileekin hartu-emana izateko", adierazi du Batura Mobile enpresako Gotzon Artzelusek. Aplikazioa, beraz, ikuspegi horrekin garatu dute.

Otsailean aurkeztu zuten eta atzora arte Korrika hasteko atzera kontaketa ikusi ahal izan da. Orain, furgonetan gailu bat daramate, hain justu ere, aplikazioaren bitartez edozein herritarrek ikusi ahal izan dezan Korrika non doan eta nork daraman testigua. 

Laguntzaileen atala

Garrantzi handia daukan beste tarte bat laguntzaileen atala da. Bertan, esaterako, laguntzaile direnek aukera daukate hainbat zozketatan parte hartzeko. AEK-tik komunitatea sortu eta horiek mimatu gura izan dituzte, eta horretarako sortu dute aplikazio berritu hori. Izan ere, Korrika amaitzen denean, aplikazioak bizirik arraituko du.

Erronka

Urtebete behar izan dute aplikazioa sortu eta garatzeko, eta Artzelusek esan du eurentzat erronka handia izan dela. Hain zuzen, gaineratu du euskarazko aplikazioak ez direla hainbeste eta Batura Mobilek dezente dauzkala garatuta: "Esaterako, Itzuli neuronalaren aplikazioan guk parte hartu genuen, Elhuyar hiztegiarenean ere geu gabiltza, Korrika-n ere bai... Ez daude euskarazko aplikazio asko mugikorretarako, eta ildo horri jarraitzeko guretzako oso garrantzitsua izan da. Lantaldeak ilusio handiarekin hartu du proiektua eta ikusten ari gara deskargak gehituaz doazela Korrikako egunak gerturatu ahala". Orain, herritarrak gonbidatu dituzte aplikazioa deskargatzera eta erabiltzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak