Batetik, Energiaren Euskal Entitatearen zuzendari Iñigo Ansola alderdikidearekin batera klima aldaketarekin lotutako erronka eta apustuez jardun zuten martitzenean Arrasaten.
Otsailean onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak dakartzan helburuak izan zituen hizpide. "Asmo handiko etorkizuneko apustuak egiteko garaia" dela esan zuen, eta horretarako "gaitasuna" behar dela. "EAJk badu erabaki estrategikoak hartzeko gaitasuna", esan zuen. Ansolak azpimarratu zuen energia kontuetan herritarrak erdigunean kokatu behar direla, eta, horren adibide, Leintz bailarako Ekiola energia kooperatiba jarri zuen. Agurne Juldain hautagaiak ere, EAJk egindako lanari balioa emateaz gain, norbanakoaren ekintzen garrantzia azpimarratu zuen.
EAJren eredu sozioekonomikoa
Bestetik, EAJren eredu sozioekonomikoaren gainean hitz egiteko, Bergarako Larramendi industrialdean batu ziren hautagai jeltzaleak atzo. Maria Eugenia Arrizabalagak esan zuen Euskadiko gizarte eredu aurreratua jeltzaleek erakundeetan bultzatutako politikei esker lortu dela, eta EH Bilduren kritikak gaitzetsi zituen.
Elena Letek, bestalde, Larramendiko industrialdea jarri zuen jeltzaleen eredu sozioekonomikoaren adibide. Letek esan zuen udaletatik hasi behar dela "politika industrialak egiten; enpresak herrira etortzeko industriarako lurrak eta baldintzak" sortu behar direla azpimarratu zuen.