ALBISTEAK

Eusko Legebiltzarrerako Debagoieneko zerrenda-kideak aurkeztu ditu EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mar. 6a, 15:13

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako Debagoieneko zerrenda-kideak aurkeztu ditu gaur EAJk Bergarako batzokian, Bakartxo Tejeria zerrendaburuarekin batera. Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, EAJren berdintasunaren aldeko konpromiso "historiko eta ukaezina" aldarrikatu dute hautagaiek, besteak beste.

Bergarako Irizar jauregiaren atarian elkartu eta Irala kalea zeharkatu ostean, batzokiaren kanpoaldean hartu du hitza Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak "EAJren eredua" azpimarratu du: "Oinarri sendoak eraikitzeko lan egitea, pausoz pauso aurrera egitea, helburu argiekin eta emaitza frogagarriekin".

Ildo horretatik, azken hamarkadetan erakundeetatik eta politikatik berdintasun-politiken lidergo instituzionala bultzatu duten EAJko ordezkarien lanaren garrantzia azpimarratu du: "Eurei esker, Euskadi Europako eskualdeen artean, genero-berdintasunaren indize handiena duten lurraldeen artean lehen lerroetan kokatuta baitago gaur egun. Duela mende bat baino gehiago Emakume Abertzale Batzako emakumeekin hasi zen defentsa, eta gaur egun ere jarraitzen du", gaineratu du.

Tejeria: "Funtsezko zerbitzu publikoak hobetzen jarraituko dugu"

Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi du funtsezko zerbitzuko publikoak hobetzen jarraituko dutela: "Lau hamarkada baino gehiagoan eraikitzen joan garen funtsezko zerbitzu publikoak hobetzen jarraituko dugu; ekonomia eta kalitatezko enpleguaren sorrera bultzatzen; kohesio eta justizia soziala indartzen; eta euskaldunok erabakitzen duguna errespeta dadin lan egiten, hori baita gure etorkizuneko bermerik onena". Euskal kooperatibismoa ere izan du hizpide Tejeriak :"Kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzen duen produkzio-ereduaren adibidea; gure ongizate-sistema indartzen jarraitzea ahalbidetzen duen aberastasuna". Zentzu horretan, "jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua eragiteko beharrezkoak diren baldintzak sortzearen garrantzia" azpimarratu du: "Ingurune politiko, instituzional, fiskal eta sozial egonkor eta fidagarria, honek gure produkzio-sarearen lehiakortasunari mesede egiten dio-eta".

Etxegoien: "100 urte dira feminismo abertzalea sortu zela"

Zerrendan hamargarren doan Marijo Etxegoien oñatiarrak ere hartu du hitza, berdintasunaren aldeko aldarrikapena oinarri. Aurreko belaunaldien ekarpenari eta garrantziari eman nahi izan dio balioa, lehenik eta behin, eta azpimarratu du EAJren zein alderdiko emakumeen berdintasunaren aldeko konpromisoa "historikoa eta ukaezina" dela, Emakume Abertzale Batzaren "lan aitzindaria eta aurrerakoia" gogora ekarrita.

Gaur egungo EAJko emakumeek, Emakume Abertzale Batzaren lekukoa hartu eta "emakume hauen ikuspegi sozial, berdinzale eta progresistaren ondorengoak" direla defendatu du Oñatiko hautagaiak: "Feminismoa ez da orain sortu Euskal Herrian, 100 urte dira feminismo abertzalea sortu zela, gaur egun baino iraultza handiagoa egin zuten gure aitzindariak".

Lete: "Debagoieneko ordezkaritzarik onena da"

Eusko Legebiltzarrerako EAJren Gipuzkoa zerrendari dagokionez,  sei gizon-emakumek osatzen dute Debagoieneko ordezkaritza.  Hala, Mikel Lete Gipuzko Buru Batzarreko kideak, bailaratik "esperientzia asko eta konpromiso handia" duten hautagaiak aurkeztuko direla nabarmendu du: Debagoieneko ordezkaritzarik onena da, ilusioz eta indarrez aurkitzen dena, gure bailararen eta Euskadiren alde lan egiteko gogoz".

Honako hauek dira sei zerrenda-kideak:

  • Elena Lete (7. postuan) 58 urte. Bergara. 2017an afiliatua. Arkitekto Teknikoa. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendua eta Hirigintza Zuzendaria (2013-2015). Bergarako Alkatea (2016-2019). Legebiltzarkidea.
  • Aitor Urrutia (8. postuan) 50 urte. Eskoriatza. Zuzenbidean Lizentziaduna. Antzuolako Udalean zinegotzia (2019-2023). Eskoriatzako Uri Buru Batzarreko presidentea. Legebiltzarkidea.
  • Marijo Etxegoien (10. postuan). 49 urte. Oñati. Zuzenbidean Lizentziaduna. Emakume eta gizonen berdintasunaren gaineko Masterra. Aholkulari juridikoa Emakunden. Oñatiko Udalean zinegotzia (2003/2007 – 2015/2023).
  • Agurne Juldain (22. postuan) 44 urte. Arrasate. Psikologian Lizentziatua. Sarea Fundazioa: Bidean Heziketa Zentro Okupazionalaren arduraduna. Arrasateko Udalean zinegotzia.
  • Josu Ezkurdia (23. postuan) 56 urte. Eskoriatza. Eskoriatzako UBBko kidea. Ingeniaria. Gipuzko Buru Batzarreko Burukidea (2016-2020). Aberri Batzarreko kidea. Eskoriatzako Udalean EAJ-PNVko taldearen bozeramailea. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Administrazio Kontseiluko kidea.
  • Maite Agirre (29. postuan) 36 urte. Bergara. Bergarako udaleko zinegotzia 2015etik. Aberri Batzarreko kidea. Emakume eta gizonen berdintasuneko Masterra. Enpresen administrazio eta zuzendaritzan Gradua eta Finantza zuzendaritzan eta Zuzendari idazkaritzan Diplomaduna. Aberri Batzarreko ordezkaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak