Urtarril lehorraren ostean, otsail euritsua

Miren Arana Pagaldai 2024ko mar. 1a, 07:02

Urtea hasi zenetik egunik euritsuena izan zen astelehena, eta euri zaparradek Debagoienean kalteak eragin dituzte. Euriteei esker, baina, Urkulu urtegiaren betetze maila igo egin da, eta, gaur, martxoaren 1a, %84,24an dago.

Azken egunetan protagonistak izan dira Debagoien osoan euri zaparradak; izan ere, iragarrita zegoen bezala, joan den astea ezkero etengabe egin du euria, eta, gaur egoerak hobera egingo duen arren, Euskalmet agentziak aditzera eman du asteburuan berriz ere tenperatura jaitsierak eta prezipitazioak izango direla.

Euskalmetek bailaran dituen estazioek bildutako datuen arabera, Arrasaten 53,6 litro metro koadroko, Oñatin 48,3, Elorregin 32,6, Urkulun 29,7 eta Aixolan 49,3 bildu ziren astelehenean; urtea hasi zenetik egunik euritsuena izan da. Ondorioz, Deba ibaia oso hazita izan da eta Elorregin dagoen estazioa martitzenean birritan iritsi zen maila horira.

Urteko lehenengo hilabetea oso euritsua izan ez zen arren –izan ere, hamazortzi egunez ez zuen euririk egin–, datuen arabera egoera aldatu egin da otsailean; prezipitazioei dagokienez, behintzat. Urtarrilean 74,9 litro metro koadroko pilatu ziren Oñatin, eta otsailean, aldiz, 188,8 litro metro koadroko, otsailaren 28ra arte bildutako datuen arabera. Debagoieneko beste estazioetako datuen arabera, joera bera mantendu da: Arrasaten 82,1 litro metro koadroko bildu ziren urtarrilean eta 184,7 otsailean; Elorregin, aldiz, 68,6 lehenengo hilabetean eta 135,9 bigarrenean; eta Urkulun, 68,2 eta 160,3. Aixolan dagoen estazioan jaso dira prezipitazio mailarik altuenak: 94,7 litro metro koadroko urtarrilean eta 195,9 otsailean, hain zuzen ere.

Euriteek eragindako kalteak

Onurak ere izan dituen arren, euriteek kalteak eragin dituzte bailaran. Euri zaparradek Debagoienean eragindako zailtasunen artean, Oñatin izandako zirkulazio arazoak daude; izan ere, menditik jaitsitako urak Otadui zuhaiztia urez bete zuen martitzenean, eta, horren ondorioz, zirkulazioa oztopatu egin zuen, putzuak sortu baitziren errepideetan.

Bestetik, Antzuolan ere izan dira kalteak, martitzeneko gauean zehar ura sartu baitzen ikastetxean. Olatz Lezeta Antzuolako alkateak adierazi zuenez, martitzenean egindako euriteen ondorioz, eskolaren alboan dagoen pinuaren pinaburuek eta adaxkek ur-kanala oztopatu eta hark gainezka eginda sartu zen ura Antzuolako Herri Eskola barrura. Martitzenean bertan jarri zen Udala Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan, txosten tekniko bat egin eta arazoari irtenbide teknikoa emateko asmoarekin.

Aramaion, berriz, Arriola auzotik Etxaguen auzora dagoen landa-bidean kalteak eragin dituzte azken egunetako euriteek.

Urtegia betetzen ari da

2023ko azaroan Urkuluren betetze-maila %51,89koa zen, baina poliki-poliki urtegiaren egoera aldatzen joan da. Urte hasierako lehenengo asteburuak euriteak eta hotza ekarri zituen, eta, hari esker, Urkuluko betetze-maila ia %72koa izatera iritsi zen; urtarrilaren 8rako %71,87an zegoen, hain zuzen ere. Ostean, egoerak okerrera egin zuen eta urtarrilaren 20tik 31era ez zuen euririk egin. Gaur-gaurkoz, Urkulu urtegiaren betetze-maila %84,24koa da; hain zuzen ere astelehenetik eguenera bitartean ia hamar puntu egin du gora. Dena den, 2023ko otsailarekin alderatuta beteago dagoen arren, 2022 eta 2021 urteekin alderatuta hustuago dago Urkulu; orduan, %95,43an eta %98,68an zegoen hurrenez hurren.

Martxo hasiera ere euritan

Euskalmeten iragarpenek diote euritan emango zaiola hasiera martxoari. Gaur, euri apur bat egingo du gaualdean baina orokorrean giro lasaia izango da. Elur-kota 800 eta 1000 metro aldean egongo da goizaldean, eta gora egingo du.

Zapatu eguerditik aurrera, ostera, negu giro makurra gailenduko dela eman du aditzera: "Goiz partean hego-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da; hala ere, ez du hotzik egingo. Egunaren erdialdeko orduetan, baina, haizeak ipar-mendebaldera egingo du indarrez, tenperatura azkar jaitsiko da eta prezipitazioak bazter guztietara iritsiko dira". Gaineratu du arratsalde-gau partean trumoi-ekaitzak izan daitezkeela eta txingorra bota dezakeela. Horrez gain, iluntzean elur-kota 1.000 metrotik behera jaits daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak