Zigor Enbeita: "Finalean hiru aramaioar, gutxienez, izango dira"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ots. 23a, 13:54

Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalerdia jokatuko dute bihar, zapatua, Aramaioko  kultura etxean, 17:00etan hasita –sarrerak agortuta daude–; abian den txapelketari buruz jardun du Arabako txapeldun birritan izan den Zigor Enbeitak.

2003ko eta 2006ko Arabako Bertsolaritza Txapelketak irabazita, dagoeneko lehiaketetatik erretiratuta dago Arrasaten bizi den Zigor Enbeita (Abornikano, Urkabustaiz, Araba, 1971) bertsolaria; hala ere, gertutik ari da aurtengo txapelketaren nondik norakoak jarraitzen.

Gordeta dituzu orain dela urte batzuk irabazi zenituen txapelak?

Bada, ez daukat ez bata ez bestea; oparitu egin nituen biak. Taberna bat zuen anaiak, eta han jarri genuen lehenengoa, hark hala gura zuelako, eta bestea Izarrako zaleek eskatu zidaten, beste taberna batean jartzeko; hortaz, hor zehar ibiliko dira nire bi txapelak.

Txapel gehiagoren bila joateko etapa bertan behera utzi zenuen; zergatik?

Denak dauka hasiera bat eta amaiera bat, eta jakin egin behar da amaierak egiten. Txapelketek eman baino gehiago kendu egiten zidatela konturatu nintzenean erretiratu egin nintzen, orain dela zortzi urte; beraz, azkeneko bietan ez dut parte hartu.

Aramaion izango da bihar, zapatua, lehenengo finalerdia; zer diozu taularen gainean izango diren bertsolariei buruz?

Ekaitz Samaniego sorpresa da beti, umore beltz puntua dauka; saio duina egiteko gai dela uste dut. Eli Zalduak ondo egiten du bertsotan, eta uste dut bide onetik doala. Iñaki Viñaspre Arabako Lizaso da, ezta? Askotan esaten diot segundo bat gehiago hartzeko, azkartasunak akatserako bidea ematen du-eta askotan; haren maila ematen badu, aurrean ibiliko da.

Eta gertuko dituzun Manex Agirrek eta Peru Abarrategik osatuko dute biharko seikotea.

Biak txapeldunak, biak lagunak eta bertsolari oso onak biak. Peruk berea ematen badu, aurrean egongo da, eta Manexi buruz zer esan... plaza-gizona da eta asko lantzen du. Uste dut bi horiek direla, Viñasprerekin batera, txapelerako kandidatuak.

Martxoaren 2an Dulantzin jokatuko den bigarren finalerdian beste hiru aramaioar izango dira.

Hiru horiek ere lagunak ditut. Paula Amilburuk ea zer ematen duen; onena eta txarrena eman dezake. Oso ondo egiten du bertsotan eta asko gustatzen zait duen umore puntua; nerbioak kontrolatzen baditu, saio txukuna egin dezake. Xabi Igoa beti hor dago; oso ondo egiten du bertsotan, baina puntutxo bat falta izaten zaio batzuetan. Aitor Ugartek gaztetatik oso ondo egiten du bertsotan, azkeneko urteetan haren bilakaera apur bat geratu bada ere, baina langilea da eta aurrera egingo du.

Aholkurik eskatuz gero, zer gomendio emango zenieke?

Zaila da, baina gozatzera ateratzeko eta dakiten moduan egiteko, esperimenturik egin barik; esperimentuak bertso eskoletarako utzi behar dira.

Azkeneko urteetan gogor dabil Aramaioko Bertso Eskola; zer du?

Lana, ez dago beste sekreturik. Aramaiok 1.000 biztanle inguru ditu eta plazan ibiltzeko goi mailako bertsolari asko ditu; bertso eskolak lan asko eta ondo egin duelako da hori.

Eskola bat baino harago, lagunartea ere izateak badu, zure ustez, emaitzetan eragina?

Askotan elkartzen naiz eurekin afari baten bueltan bertsotan egiteko. Oso giro polita dago, nagusiak eta gazteak denak elkartuta egoten dira eta asko erakusten diete elkarri. Zabalik dagoen kuadrilla da, gainera, atzetik datozen gazteak erakartzeko joera dute eta.

Aramaioko eskola erreferente da Araban?

Gaur egun esango nuke baietz. Lehen, Gasteizkoa zen Arabako bertso eskolen sortzailea; Amurriokoa ere hor egongo zen, baina gaur egun Aramaiokoak indar handia du.

Zertan eragiten du bertsolaritzak, orokorrean, Arabako euskalgintzan?

Haurra nintzela herriz herri bertsotan hasi nintzenean, jende askok ez zigun ulertzen, euskaraz ez zekitelako askok; hala ere, errespetuz eta isilik entzuten ziguten. Ikastolek ere eragin dute euskalgintzan, baina uste dut Arabako elkarte potenteenak izan direla bertso eskolak; gazte asko erakarri dituzte.

Bertsolari moduan erretiroa hartuta duzu?

Ez guztiz; saio baterako deitzen didatenean gustura joaten naiz beti bertsotan egitera.

Parte-hartzaileen ahotik

Manex Agirre:

"Biharko saioa potentea izango dela aurreikusten dut. Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta gure Peru indartsu ikusten ditut, gerra handia emateko moduan. Final-laurdenak sendoak izan dira, gorabeherak izan diren arren saiotik saiora; ez nuen ondo hasi nirea, baina ondo bukatzea lortu nuen. Publikoak, orokorrean, oso ondo erantzun du, aretoak bete egin dira finalaurrekoetan".

Peru Abarrategi:

"Urduri samar nago, baina gogotsu, aldi berean, finalerdia delako eta Aramaion jokatuko delako. Finalerako txartela lortzen saiatuko gara denak; polita izango da. Finalaurrekoan nahiko txukun ibili nintzen, nahiko konstante ikusi nuen neure burua, eta gustura geratu nintzen, bakarkako lanean, azkeneko bertsoan, poto batek ihes egin zidan arren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak