Bidegi auzia dela eta, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak atzera bota du Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko epaitegiaren erabakia, EH Bilduren helegite bat aintzat hartuta, eta peritu ikerketa independente bat egiteko agindua eman du. "Ezinbestekoa da exijitutako peritu txosten judizial berria egiteko orduan ahalik eta independentzia eta gaitasun juridiko handiena bermatzea", adierazi du Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernuko bozeramaileak.
EH Bilduk, Gipuzkoako Foru Aldundian zenean, bi kereila aurkeztu zituen AP-1eko autobideko lanetan diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik: Arlaban eta Eskoriatza arteko tarteari dagokiona da bata, eta Azpeitiko epaitegiak artxibatzeko erabakia hartu zuen 2023ko irailean; EH Bilduk, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta horren emaitza da auzitegiaren erabakia. Areago, epaitegi berak bigarren kereila artxibatzea ere erabaki zuen otsailaren 9an, Arrasate-Eskoriatza artekoa, baina EH Bilduk helegitea jarriko dio, Oskar Bordes batzarkideak jakinarazi duenez. "Egia argitzea nahi dugu EH Bildutik, uste baitugu herritarrek eskubide osoa dutela diru publikoa nola erabili zen ezagutzeko, berme guztiak izango dituen prozesua izateko".
Prozesuarekin, beraz, aurrera
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hartutako azken erabakiari dagokionez, Berasaluzek nabarmendu du "erabakiak luzatu" egingo duela "jada berez luzea den prozesu baten amaiera": "Herri akusazioak proposatuko duen peritu txosten berriak espero dugu balioko duela egiaztatzeko, berriz ere, kereilarekin aurkeztutako txostenek akats ugari dituela, eta akats horiek agerian utziko dutela hamarkada batez luzatu den prozeduraren izaera politikoa".
EH Bilduk, berriz, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren eta Maria Ubarretxena Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegiturako diputatuaren jarrera salatu du: "Beraien karguei zor zaien inpartzialtasunari muzin egin diote, eta irmoa ez den epai baten aurrean egonik, nahiago izan dute alderdikeriaz gidaturiko estrategia aurrera eraman. 2023ko irailean esan bezala, argi dugu kasu hau ez dela inoren aurkakoa, egia ezagutzearen aldekoa baizik".