Puntua aldizkariaren 400. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Otsailaren 11n, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta baita Emakume Medikuen Munduko Eguna ere. Biak harremanetan daude, medikuntza zientziari lotuta soilik uler daitekeelako eta emakume medikua emakume zientzialaria ere badelako. Emakume Medikuen Eguna Elizabeth Blackwell mediku ingelesa omentzeko sortu zuten, hura izan baitzen medikuntza titulua eskuratu zuen lehenengo emakumezkoa, 1849ko urtarrilaren 11n, AEBetako Geneva Medical College unibertsitatean. Blackwellek erronka gogorrei aurre egin behar izan zien, konbentzionalismoz betetako garaian ez baitzen begi onez ikusten emakumeen papera gizonen pribilegioa baino ez zen alor batean. Hark hasitako bideari segika, asko eta asko izan dira munduan barrena medikuntza arloan egindako lanagatik errekonozimendua jaso duten emakumeak.
Egun, gizonezko mediku klasikoaren iruditerian erabateko iraultza bizi da. Gaur egun medikuaren aurpegia ez baita gizonezkoarena, emakumezkoarena baizik. Ospitaleetan, osasun zentroetan eta zerbitzuetan mediku emakumeak dira gehiengoa, eta joera hori islatzen duten datuak badira; esate baterako, 2020-2021eko ikasturtean medikuntza graduan matrikulatu ziren emakumezkoen portzentajea %74,3koa izan zen. Joera hori ez da berria, 1991-1992ko ikasturtean %61 izatetik urtez urte igotzen joan den datua delako, gaur egun medikuntza aukeratzen duten emakumezkoak %75 izateraino. Debagoienean lan egiten duten edo debagoiendarrak diren bost medikurekin izan gara, euren esperientziaz.
Emakumezkoekin lan egitera bideratutako espezialitate bateko medikua da Oihane Lapuente Ocamica (Bilbo, 1988), eta horrek haren aukeraketan pisurik izan ote zuen galdetuta, dio balitekeela: "Urologia ginekologiaren antzerakoa da eta burutik pasatu ere ez zitzaidan egin espezialitate horretan aritzea". Halere, aukeraketan eragina izan zuten bi arrazoi nagusi aipatu ditu. "Espezialitate mediko-kirurgiko bat egin gura nuela argi nuen; kontsultan egoteaz gain, ginekologo batek ekografiak eta ebakuntzak egiten ditu, eta hori kristorena iruditzen zitzaidan", azaldu du. "Bestetik, ama emagina da eta obstetriziak ikaragarri erakartzen ninduen".
Lapuenteri familiatik datorkio osasun arloarekiko maitasuna. Aitaita herriko medikua zuen eta ama eta izeba, emaginak. Beste izeba bat erizaina zuen eta hirugarren bat laguntzailea, eta hark beti izan du argi osasun alorrera dedikatu gura zuela. Gaur egun, Debagoieneko ESIko ginekologoa da.
Konprometitua
"ZORIONEKOA NAIZ EMAKUMEEKIN LAN EGITEN DUDALAKO ETA LAGUN DITZAKEDALAKO"
Edozein emakumezkoren ongizatean garrantzi handia duen espezialitatea da ginekologia, eta, Lapuenteren ustez, hura emakumezko izatea positiboa da: "Iruditzen zait emakume izanda errazago jartzen naizela haien lekuan. Pazienteen kezka asko bizi izan dituzulako edo bizi ditzakezulako, eta saihestezina da pazienteekin gehiago enpatizatzea". Bilbotarra zorioneko sentitzen da, ondotxo baitaki haren lanak sekulako eragina duela emakumeen bizitzetan eta emakumeei laguntzea oso aberasgarria delako harentzat. Euskal Antisorgailu Elkarteko kide ere bada Lapuente, emakumeek hainbat metodo –DIUak, inplanteak...– lortu ahal izateko duten oztopo ekonomikoa desagerraraztea eta osasun- sistemaren finantzaketa lortzea helburu duen elkartekoa.
Medikuntzan emakume izatea
Espezialitate gehienetan gertatzen den moduan, ginekologian ere emakumezko medikuak gehiago direla dio Lapuentek; are gehiago, ebakuntza-geletan ere ez dago desberdintasunik, haren esanetan: "Ginekologiako erresidentzia Txagorritxuko ospitalean egin nuen, eta ez han eta ezta Debagoieneko Ospitalean ere ez dago desberdintasunik emakumezkoen eta gizonezkoen presentziari dagokionez". Gainera, estereotipoak ere aldatzen doazela dio. "Osasun alorrean medikua gizonezkoa da eta emakumea, erizaina edo laguntzailea. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira; halere, onartu behar dut ginekologian eman nituen lehen urteetan paziente askok galdetzen zidatela noiz iritsi behar zuen medikuak, erizaina nintzela uste baitzuten. Hori ez zaie gertatzen nire lankide gizonezkoei". Horrekin lotuta, ez du ahaztuko BAME (MIR) egin ondoren nola joan zen ospitaleetara espezialitateei buruz galdetzera eta oraindik gizonak nagusi diren espezialitate kirurgiko batean emakume egoiliar batek esan ziola hura emakume izanda gizonezko lankideen lan bikoitza egin behar izan zuela nabarmendu ahal izateko. "Horrek amorru handia eman zidan". Halere, ginekologiako espezialitatean, emakumezkoak gehiengoa izanik, ez du horrelakorik antzeman.
Laster bost urte beteko ditu mediku lanetan Irantzu Elorza Sagastak (Arrasate, 1994) –lau egoiliar gisa eta urtebete pneumologo gisa–. Arabako Unibertsitate Ospitaleko pneumologia zerbitzuko medikua da. Zientziaren arloa izan du gustuko beti arrasatearrak; bereziki, neurozientziarena. Interes horrek bultzatuta eta nota onek ahalbidetuta erabaki zuen Medikuntza ikastea. Batxilergoko bigarren urtean erabaki zuen Medikuntzaren alde egitea, eta oso pozik dago egindako aukeraketarekin. Medikuntza ikasketak amaituta espezialitatea aukeratzerakoan, pneumologiaren alde egin zuen, eta horretaz ere ez da damu. "Oso espezialitate zabala iruditzen zait; denetariko pazienteak ikusten ditugu – gazteak, helduak, arazo akutuak dituztenak, kronikoak...– eta oso gauza espezifikoak ditugu espezialitatean: arnas aparatuko proba funtzionalak, pneumologia interbentzionista, bentilazioa... Oso pozik nago".
Negua, sasoi zailena
Abendu erdialdetik otsail erdialdera izaten da sasoi zailena pneumologiako zerbitzuan. Birusen denboraldia da eta ospitaleratzeak izugarri handitzen dira, "ia neguro ospitalea kolapsatzeraino". Arnas aparatuko gaixotasunek kausa asko dituzte, baina horietako asko tabakoarekin erlazionatuta daudela dio Irantzu Elorzak. Pneumologiako pazienteen gehiengoa gizonezkoa da, "klasikoki erretzaileak gizonezkoak" izan direlako; hala ere, tendentzia aldatzen doa, emakumezkoak erretzen hasi zirenetik. "Lan esposizioekin erlazionatutako gaixotasunetan ere gizonezkoak dira nagusi, eta horrek berdin jarraitzen du. Gainontzeko arnas gaixotasunetan ez dago generoaren araberako banaketarik".
"KONFIANTZAZKO ERLAZIO BAT SORTZEKO ESFORTZU ESTRA BAT EGIN BEHAR IZATEN DUGU ORAINDIK"
Generoa eta pneumologia
Inoiz emakume izateagatik desberdin tratatua izan ote den galdetuta, dio emakumezkoa eta gaztea izategatik gertatu izan zaiola ospitaleratuta dauden pazienteek eta familiek ikaslea edo erizaina dela pentsatzea. "Pentsatzen dut nire lankide gizonezkoek ez dutela arazo hori izaten, orokorrean", gehitu du. Horren arrazoia klasikoki mediku papera gizonezko heldu batek bete izan duelako dela uste du, eta gizarteak buruan irudi hori daukala oraindik ere. "Alde horretatik, eta gazte izanik, gainera, posible da berezko mesfidantza bat sentitzea paziente batzuek. Konfiantzazko erlazio bat sortzeko esfortzu estra hori egitea gure erronka handienetakoa dela iruditzen zait".
Goi postuak, gizonezkoenak
Bestalde, zerbitzuan gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak nahiko parekatuta daudela dio: "Baliteke emakumezkoak zertxobait gehiago izatea, baina gutxigatik". Halere, goi postuak –zerbitzuburuak, zuzendaritza...– oraindik ere gizonezkoenak direla uste du, nahiz eta medikuen gehiengoa emakumezkoa izan. "Poliki-poliki, aldatzen doa, baina ez zait iruditzen proportzionala denik", dio. Osasun sisteman genero ikuspegitik hobetzekoak badirela uste du Elorzak; aipaturikoa, alegia, emakumezkoak goi postuetan egotea bultzatzea, eta, batez ere, "emakumezkoa izateak gaixotasunetan izan dezakeen eragina aztertzen duten ikerketak bultzatzea".
Txikitatik Medikuntza ikasi nahi zuela argi izan du Irati Madinak (Oñati, 1999 ). "Amak askotan esan izan dit ez neukala besterik buruan. 2 urte nituela gelakide bati eta bioi ateratako argazki batean azaltzen naiz lagunaren tripa auskultatzen jostailuzko fonendoskopioarekin". Familian eta inguruan ez du medikurik izan, eta hori "alor horretan arraro samarra" izatea dela aitortu du: "Medikuen artean ohikoa izaten da gertuko ahaideren bat osasun langilea izatea". Madina Medikuntzako seigarren mailan dago eta gaur egun Donostiako Ospitalean dabil hainbat zerbitzutan praktikak egiten".
Emakumezkoak gehiengo
Bai ikasketetan eta baita praktiketan ezagutu dituen zerbitzuetan mediku gehienak emakumezkoak izan dira. Salbuespen batekin, "kardiologia zerbitzuan emakumeen eta gizonezkoen arteko ratioa berdintsua baita, gizonezkoen gailentze barik". Gainera, dio balitekeela zirujauen artean gizonezkoak gehiago izatea, baina gaur egun emakumezko askok aukeratzen dituztela kirurgikoak diren espezialitateak. "Are gehiago, ebakuntza-geletan –osasun arloan orokorrean diren bezala– emakumezkoak gehiago direla esatera ausartuko nintzateke".
"DONOSTIAKO OSPITALEA AUKERATU NUEN, IKASGAI GUZTIAK EUSKARAZ DAUDELAKO"
Gaur egun, Donostian
Oñatiarrak Medikuntzako graduko lehen hiru urteak Leioan egin ditu –gradua sei urtekoa da–, eta hurrengo hiru urteak egiteko Donostiako Unibertsitate Ospitalea aukeratu zuen. "Donostiara etortzea erabaki nuen, besteetan ez bezala ikasgai guztiak euskaraz" egiteko aukera baitago han. Irakasleei dagokienez, gizonezkoak zein emakumezkoak izan ditu, baina Izaskun Zeberio hematologoa bereziki kuttun duela aitortu digu: "Hematologoa da, odoleko zelulekin lotutako gaixotasunak artatzen ditu, eta hura, zehazki, globulu zuri edo leukozitoen gaixotasunetan da aditua. Donostia Ospitaletan duela gutxi ezarritako terapia berri baten bultzatzailea izan da: CAR-T terapia. Horrez gain, irakasle bikaina eta pazienteekin asertiboa eta enpatikoa da".
Espezialitatearen afera
Medikuntzako ikasleari gehien egiten zaion galdera aukeratuko duen espezialitatearen gainekoa da. BAME (MIR) azterketa da espezialitate aukeraketan baldintzatzaile nagusia, eta hori egin arte ez luke espezialitate batekin tematu gura, baina Pediatria eta Ginekologia dira gustatzen zaizkionetako batzuk. "Oñatiko bizimodua asko gustatzen zait, eta nahiago nuke anbulatorio edo eskualdeko ospitale batean lan egin, herrian bizi ahal izateko. Espezialitate batzuk ospitale handietan baino ez dira egoten, eta hori ere hartuko dut kontutan aukeraketa egiterakoan", dio.
Txarrak ere saria
Medikuntza gradua luzea, gogorra eta estres handikoa izatera irits daiteke, baina oñatiarra ez da inolaz ere damu: "Oso gradu polita da, eta bizi izaten diren momentu txarrek ere beti dakarte ondoren saria". Etorkizuneko Medikuntzako ikaslearendako ere izan du mezua. "Atzera eginez gero, ez nuke aukeraketa aldatuko; eta zuk, etorkizunean kide izango zaitudan horrek, berdina egitea espero dut", erantsi du.
Maite Unzurrunzaga (Bergara, 1978) familia medikua da 2006a ezkero, eta gaur egun Legazpiko osasun zentroan ari da. Jendeari laguntzeko grinak bultzatuta hasi zen bergararra Medikuntza ikasten, haren bokazioa horixe zela jakinik. Unzurrunzaga medikuntzak izan duen aurpegi aldaketaren lekuko izan da. "Nik praktikak egin nituenean mediku gehienak ziren gizonezkoak, eta orain, berriz, gehienak gara emakumezkoak. Txagorritxun egin nituen praktikak; orduan gizonezkoak hamar-hamabost ziren eta emakumezkoak, berriz, bat edo. Orain, berriz, erabat aldatu da egoera: ikasketetan nabarmen gehiago dira emakumezkoak, eta medikuntzan, orokorrean, ere bai". dio. Datu bitxi moduan, lan egiten duen Legazpiko osasun zentroan ez dago gizonezko bakar bat, denak dira emakumezkoak, izan mediku, izan erizain, izan administrazioko langile. "Lehen, emakumezkoak ez zuen ikasteko aukerarik eta etxean gelditzen zen; ikasteko aukera izan duenean, hor agertu da, eta osasun arloan emakumezkoaren presentzia handia da".
Erronkak, orokorrak
Emakume medikuak bizitza profesionalean dituen erronka nagusiak zeintzuk diren azaltzeko eskatuta, Unzurrunzagak dio beste lanbidetan egon daitezkeen berdinak direla. Erronka nagusia amatasunarekin lotutakoa da, beste lanpostuetan gertatzen den bezala, baina osasungintza publikoan ausartuko nintzateke esatera egoera ona dela eta amatasunarekin zerikusia duten baimen guztiak eman egiten direla".
"KASU GEHIENETAN, MEDIKUNTZA BOKAZIOZKOA DA, MEREZI DU BORROKA EGITEA"
Alde horretatik, instituzioen aldetik inoiz ez duela generoaren araberako tratu desberdintasunik sentitu dio: "Berdin tratatzen gaituzte, emakume zein gizonezko izan". Aldiz, mediku paziente harremanean, "bereziki adin batetik gorako jendearekin", gertatu izan zaio egoiliar mutil bat izan badu ondoan harengana zuzentzea berarengana zuzendu beharrean. "Halere, gutxitan", dio.
Familia medikuen falta
Ez dira garairik onenak mediku izateko. "Familia medikuak falta dira eta jendea ez dago gustura, haserre iristen dira asko eta asko kontsultara", dio. "Ez dugu ordezkorik, oporrak ez dira ordezkatzen, lankidea bajan baldin badago norberak egin behar du haren lana...". Ez da espezialitate guztietan egoera bera. Badira jendea langabezian dagoen espezialitateak, baina familia medikuen kasuan falta handia dago. "Azpiegitura handia behar da jendea formatzeko, eta mediku tutoreak ere falta dira. Ni egoiliarren tutore naiz, eta tutore eskasia ere badago. Jende askok erretiroa hartu du eta hartuko du datozen urteetan, eta erreleboa falta da", dio.
Halere, hori da haren bizitzako lanbidea: "Kasu gehienetan, medikuntza bokaziozkoa da, merezi du borroka egitea, lana badago eta gustatzen zaizuna egitea inportantea da; azkenean, gure bizitzako ordu gehienak lanean pasatzen ditugu".
Bergararrak ez dio zalantzari tarterik uzten. Medikuntza munduko "lanbiderik politena" dela dio, eta ez du haren burua inoiz beste ezertan imajinatu. Giza gorputzak, eboluzioak, zientziak... liluratuta bizi da txiki-txikitatik. "Ez neukan beste ezer buruan, pediatra izan nahi nuela eta pediatra izan nahi nuela. Bokazio hori sentitu izan dut txiki-txikitatik eta nire helburua lortu arte lan egin izan dut beti, gogor; helburua oso garbi nuen", dio Jone Amasorrainek (Bergara, 1990), Mendaroko Ospitaleko pediatrak.
Medikuntzak pazientearen onurarako lan egiten du, eta dio horrek lasaitasun eta poz handiak ematen dizkiola. "Ume bat sendatzen duzunean, izan haur jaioberri bat, bularreko haur bat edo ume koxkor bat, urte asko ematen dizkiozu bizitzeko, eta hori da gehien gustatzen zaidana. 5 urterekin gaixotasun larri batetik sendatzen duzun ume horrek 80 urtera arteko bizitza izan dezake, eta hori izugarria iruditzen zait. Hori medikuntzari esker gertatzen da, zientziari esker eta aurrerapen guztiei esker. Zerbait magikoa iruditzen zait".
Pazientearekin sortzen den harremana ere bada bergararrarendako pediatriak duen beste gauza politetako bat. Umearen garapen osoa ikusten du pediatra batek, eta asko disfrutatzen du haur horrekin sortzen den harremanarekin eta baita gurasoekin sortzen denarekin ere. "Une zailak ere badaude, noski, baina, orokorrean, oso dinamikoa eta polita da. Familiarekin ere sortzen da halako lotura bat; nolabait, familiaren parte bilakatzen zara".
"UMEAREN GARAPEN OSOA IKUSTEA ETA FAMILIAREKIN SORTZEN DEN LOTURA OSO POLITA DA"
Erronkak
Mediku pediatren alorrak emakumezko aurpegia du, zalantza barik. "Egia da adin batetik gora gizonezkoak badirela, baina datorren jende gaztea emakumezkoa da. Emakume portzentajea handiagoa da gure espezialitatean, ikasleak ere gehiago baitira", dio. Ez du uste, gainera, postua eskuratzeko orduan aukera desberdinak dituztenik: "Probak oso objektiboak dira, ez da kontuan hartzen gizonezkoa edo emakumezkoa zaren". Gaineratu du emakume izateak ez diola lanean egoera deserosorik sortu, baina bai gazte izateak: "Inoiz galdetu izan didate: 'Baina zu zara medikua?'. Gaztetasunarekin lotuta, ez emakume naizelako. Bestetik, ideiak oso garbi izan ditut beti, emakume izateagatik ez dut inoiz zeozer ezin nuela egin sentitu". Halere, onartu du genero ikuspegiarekin zerikusia duten proiektu eta iniziatibak badituztela lanean. "Lantzen ditugu emakumezkoen eta gizonezkoen rolak ospitalean, pazientearekiko harremanak genero ikuspegitik..."
Orekaren bila
Medikuntzak poz handiak ematen dizkio, baina onartu du zailtasunak ere badirela; bereziki, amatasunari eta kontziliazioari lotutakoak. "Mediku egoiliar nintzela izan nintzen ni ama lehenengoz, guardia askorekin, lan askorekin... Niretzat pertsonalki amatasuna izan da erronkarik handiena. Medikuntza oso ogibide bokaziozkoa da, beti saiatzen gara gure %100 ematen. Etxera zoaz pazienteak buruan, gauzak errepasatzen dituzu, 24 orduko guardiak dira... Beraz, erronka ez bakarrik niretzat, baita umeen zaintzan ordutegi arraroetan laguntzen gaituztenendako ere. Oreka bilatzea oso zaila da", azaldu du.