830 metroko tunel batek lotuko ditu Arrasate eta Elorrio

Julen Murua Mesonero 2024ko ots. 7a, 16:27

Sei milioi euroko aurrekontua izango du Debagoiena eta Durangaldea lotuko dituen trazadura berriaren proiektua idazteak, eta Kanpanzarren gainaldea zeharkatuko duen 830 metroko tunel bat izan da hori aurrera egiteko giltzarria

"Kanpanzar gaina zeharkatuko duen 830 metroko tunel bat" izango da Arrasate eta Elorrio lotuko dituen errepide berriaren "giltzarria", Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako diputatuaren hitzetan. Izan ere, atzo elkartu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian Pradales eta Maria Ubarretxena, Gipuzkoako Bide eta Azpiegituren diputatua, Elorrio eta Arrasate lotzen dituen N-636 errepidea "osorik hobetzeko aukeratutako konponbidea" aurkezteko.

Proiektuaren aurkezpenean murgildu aurretik, Pradalesek nabarmendu nahi izan zuen bi lurraldeen arteko proiektua bada ere "herri proiektu" batez hitz egingo zutela aurkezpenean: "Beasain-Durango errepidea historikoki herri proiektu gisa ikusi izan delako". Ildo beretik, Ubarretxenak adierazi zuen "oso proiektu ilusionagarria" dela, eta "lurralde eta herrialde mailan hurrengo hamarkadetarako asmo handiko ekimenak planteatzeko bidea" irekiko duela aurkeztu zuten proiektu berriak.

Aurkeztutako ibilbide berria Elorrioko saihesbidearen amaieran hasiko da, eta, diputatuek jakinarazi zutenez, "diseinatutako irtenbidea egungo errepidetik aldenduko da". Bide berriak Iguria auzotik hasi eta Kanpanzar bitarteko bihurguneak saihestuko dituela adierazi zuten, han egitea aurreikusten den tunelari esker, eta, era horretara, "konektibitatea eta bide-segurtasuna hobetzea" izango dute helburu. Kanpanzarko tunelak "Gipuzkoako aldean izango du irteera, Epeleko lotunean. N-636 errepideko Epeleko tartearekin lotura zuzena izango du, eta AP-1/AP-8 autobideko Arrasateko sarrerarako zuzeneko sarbidea". Diseinatu duten errepide berriak hiru errei izango ditu, horietako bi goranzko noranzkoan, eta han arituko diren ibilgailuek orduko 80 kilometroko abiadura-muga izango dute. Horrek "zirkulazio arina eta segurua" bermatuko duela adierazi zuten diputatuek.

Proiektua idazteak, sei milioi euro

Ubarretxenak eta Pradalesek jakinarazi zuten bi erakundeen arteko hitzarmen bat sinatuko dutela eraikuntza-proiektuaren idazketan aurrera egiteko; 6 milioi euro inguruko kostua eta 42 hilabeteko gauzatze-epea izango du horrek. Obra osoaren kostua, berriz, 120 milioi euro ingurukoa izango da eta aurreikuspena da 2031erako erabilgarri egotea. Errepide berriari esker "Arrasate inguruko herritarrak Bilbora edo Loiuko aireportura asko jota 40 minutuan" iritsiko direla gaineratu zuen Ubarretxenak.

Konektibitatea eta segurtasuna

Elorrioko lotunea berriro konfiguratzeak eta biribilgune eta bide berri bat sartzeak "sarbide- eta irteera-mugimenduak" erraztuko dituztela eta "tokikoen eta lurraldeen arteko konektibitatea nabarmen" hobetuko dela jakinarazi zuten Ubarretxena eta Pradalesek. Izan ere, Bizkaiko foru diputatuak gehitu zuen "egungo errepidetik egunero 7.700 ibilgailu" igarotzen direla eta "%16 ibilgailu astunak" direla. Gaineratu zuen horrenbeste kamioik zirkulatzeak esan nahi duela "Debagoienean, Goierrin eta Durangaldean jarduera ekonomiko handia" dagoela eta "lehiakortasun sozioekonomikoa" kontuan hartu beharreko kontu bat dela.

Konektibitateaz gain, errepidearen segurtasuna bermatzea ere izan da proiektuaren ardatzetako bat: "Egun dauden ezkerretarako birak eta trenbide-pasaguneak kenduz, trazaduraren segurtasuna hobetu egingo da". Trazadura berria aukeratu ostean, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek "proiektua idazteko eta ondoren behin betiko onartzeko faserantz" joko dutela adierazi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak