Bailarako eskubaloia: jokalarien %57 dira emakumeak

Mireia Bikuña 2024ko ots. 6a, 14:13

Bergara Hiria torneoa jokatu zuten jokalariak: Elgoibar, Gipuzkoako Selekzioa eta Debagoienekoa.

Aloña Mendi, Arrasate Eskubaloi eta Bergarako Eskubaloia dira Debagoieneko hiru eskubaloi klubak. Tradizio handikoak hirurak. 423 jokalari dituzte federatuta eta gehiengoa emakumezkoa da: %57. Portzentaje hori handiagoa da Oñatin: jokalarien %61 neskak dira. Gehiengo hori bereziki antzematen da harrobiko mailetan –infantilak eta kadeteak eta eskubaloi eskoletan.

Puntua aldizkariaren 398. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Eskubaloiko emakumezkoen lehen taldeak 1980ko hamarkadan sortu ziren Debagoienean. 1981erako taldea zegoen Bergaran, 1984rako Arrasaten eta 1985erako Oñatin. Lehen talde haien ostean, bilakaera ezberdina izan du emakumezkoen eskubaloiak herri horietan. Bergaran, gorabehera batzuekin, hainbat denboralditan izan zuten nesken taldea, guztiz desagertu zen arte. Bada, 2017an berriro atera zuten taldea, eta, ordutik, indartsu dihardute. Arrasaten ibilbide mamitsuagoa izan zuten: 2009-2010ko denboraldira arte nesken taldeak eduki zituzten; ostean, hamaika urteko etena izan zuten, berriro kadete mailakoa sortu zuten arte, 2018-2019ko denboraldian.

Aloña Mendiren kasua da ezberdina. 1985ean lehenengo taldea osatu ostean, ez du hutsik egin emakumezkoen txapelketetan. Denboraldi batzuetan senior mailakorik izan ez duten arren, beti izan dute nesken talderen bat lehian, gaur egunera arte.

GUZTIRA, 423 JOKALARI FEDERATU DAUDE DEBAGOIENEAN; 240 DIRA EMAKUMEZKOAK

Gaur egun, 2023-2024ko denboraldian, emakumezkoen hamabost eskubaloi taldek dihardute, infantil, kadete, gazte eta senior mailetan: zortzi Aloña Mendin, lau Soraluce BKEn eta hiru Arrasate Eskubaloin. Guztira, 240 emakumezko jokalari federatu daude: 133 Oñatin, 55 Arrasaten eta 52 Bergaran. "Joera aldatu egin da. Emakumezkoak gehiago dira gizonezkoak baino. Azken horien batz besteko adina 22-25 urteren bueltan dago egun, eta emakumezkoena 16 urtekoa da", esan du Bergarako eskubaloiko taldeko arduradun Josetxo Muniategik.

423 jokalari federatu

Debagoienean hiru klub daude eskubaloian. Infantil mailatik senior mailara arteko taldeak daude bailaran. Gipuzkoako txapelketan eta Euskadikoan jokatzen dute. Guztira, 423 jokalari federatu daude. Horietatik 183 gizonezkoak dira; jokalarien %43. Beraz, emakumezkoak %57 dira. Datu horiek klubetara estrapolatuta ikusten denez, emakume guztien ehunekoa handiagoa da hiruretan. Baina aldea Aloña Mendik ezartzen du: jokalarien %61 dira emakumeak han. Bergaran eta Arrasaten %50ekoa da. Eta kopuru eta batez besteko horietan esanguratsuena harrobiko jokalarien kopurua da. Oñatin infantil mailako lau nesken talde dituzte. "Arazoa izaten da neskak senior mailara iristen direnean mutilek baino lehenago uzten diotela jokatzeari. Unibertsitatera joateko unea heltzen denean, ikasketen aldeko hautua egiten dute", azpimarratu du Aloña Mendiko zuzendaritzako kide ohi Carlos Ugartek. "Neskek oso garbi dituzte lehentasunak: ikasketak; eta ostean, kirola. Unibertsitatera joaten direnean, kluben batean eskubaloian jokatzen jarrai dezakete, ikasten duten tokitik gertu, baina hori mutilek egiten dute. Neskek ez", gaineratu du Arrasate Eskubaloiko presidente Ines Azpiazuk.

Iñaki Mendarozketa:

Aloña Mendiko eskubaloi sailak 325 jokalari ditu 2023- 2024ko denboraldian: 205 emakumezko eta 120 gizonezko. Horietatik 111k eskubaloi eskolan dihardute. Hau da, ez daude federatuta. Gainerako guztiak hamasei taldetan daude banatuta. Infantil mailatik hasi eta senior mailara arte. "Eskubaloia oso errotuta egon da betidanik Oñatin, eta hori igarri egiten da. Jaiotza-tasaren araberakoa izaten da jokalari kopurua, baina etorkizuna nahiko bideratuta daukagula uste dugu. Izan ere, bost talde ditugu infantil mailan. Lau, neskenak", esan du Iñaki Mendarozketa presidenteak.

Kantxa erdia

Iaz berritu zuen zuzendaritza Aloñak, eta hainbat guraso sartu ziren kluba gidatzera. Esku artean hainbat erronka dituzte; horietako bat azpiegiturarena da. Beste hainbat kirol sailekin partekatu behar izaten dituzte Zubikoako kantxak. "Talde gehienak kantxa erdian entrenatzen dira. Entrenamenduei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatu behar dugu".

Gizonek baino lehenago praktikatzeari utzi arren, emakumeek gehiengoa izaten jarraitzen dute eskualdeko eskubaloian. "Nik esango nuke, oro har, taldeko kiroletan emakumeen presentzia nabarmen igo dela; are gehiago, mutilen %80k futbola aukeratzen dute. Beste kirol batzuetan mutilen kopurua asko jaisten da. Bestalde, neskek begi onez ikusten dituzte eskubaloia eta saskibaloia. Normalean, eskubaloia aukeratzen duenak tradizioagatik egiten du; seguruena, gurasoek eskubaloian jokatu dutelako", azaldu du Ugartek.

Aldaketak organigrametan

Debagoieneko kluben datuek erakusten dute eskubaloia emakumeen kirol izateko bidea egiten hasi dela, horrek dakarren guztiarekin. Erakusten du geroz eta neskatila gehiagok egiten duela kirola, eta, bereziki, eskubaloia. Baina horrek ere ekarriko dizkie buruhausteak klubei. "Nik uste dut klubeko organigrametan ere aldaketak ekarriko dituela emakumeen presentziak: zuzendaritza batzordeetan, entrenatzaile, epaile... Arlo horietan guztietan emakumeak behar ditugu. Gure kasuan, Bergaran gizonezkoak gara gehiengoa lan horiek egiten. Adibidez, zergatik gimnasia erritmikoan emakumeak dira entrenatzaile eta zuzendaritzako kide? Salbuespenak salbuespen, nesken kirola izan delako beti", esan du Muniategik.

Carlos Ugarte, Ines Azpiazu eta Josetxo Muniategi, Iturripen.

Jokalari gazteen fluxua

Eskubaloi eskolak izaten dira klubetarako sarbidea ematen dutenak. Eskubaloiaren oinarrizko gauzak ikasteko aukera ematen dutenak. Aloña Mendiren eskubaloi eskolan 111 neska-mutiko dituzte –taldeak mistoak izaten dira–, Arrasate Eskubaloin hogei eta Bergaran 30. "Eskubaloi eskolak izaten dira klubaren zutabe nagusienetako bat. Horrek markatzen du klubaren etorkizuna. Aloña Mendin bost talde ditugu; horietatik lau, neskenak. Horrek gure etorkizuna bermatzen du", dio Aloña Mendi eskubaloi saileko presidente Iñaki Mendarozketak. Arrasate Eskubaloin iritzi bera dute: "Jokalari gazteak behar ditugu. Klubaren piramide-egitura egonkorra izan dadin, jokalari gazteen fluxua behar dugu, etorkizuna bermatuko diguna. Duela sei urte sortutako emakumezkoen taldeek arnasa eman digute, baina ez da nahikoa".

Josetxo Muniategi: "Ezin gara futbolak duen indarrarekin lehiatu"

Bergarako Eskubaloian oso parekatuta daude datuak. Zortzi talde federatu dituzte: lau neskena –infantil mailan bi eta kadete eta gazte mailan bana– eta beste lau mutilena –kadete eta senior mailetan bina–. Talde horietan 102 jokalari federatu daude: 50 mutil eta 52 neska. Gainera, 30 neska-mutikok dihardute eskubaloi eskolan. Datu onak dira, baina, akaso, ez dira nahikoak etorkizuna bermatzeko. "Ezin gara futbolarekin lehiatu. Futbolera joaten diren 60 umeko, hogei dira gainerako kirolendako geratzen direnak", esan du zuzendaritzako kide Josetxo Muniategik.

Oinarri sendoak

Herri mailako klub baten biziraupena jokalari kopuruan dago, eta erronka handia dute Bergaran. "Azpiegitura sendoa lortzeko oinarri sendoak behar ditugu. Gure kasuan, jokalariak, entrenatzaileak, zuzendaritzarako kideak...". Zubikoaren antzera, Labegaraietako kantxa ere gainezka dago. Saskibaloi eta hockey taldeak ere han entrenatzen dira.

Infantil, kadete eta gazte mailetan bina urte jokatzen dute, senior mailara heldu arte; han gura beste urte joka dezakete. Hori izaten da piramide-egituraren ginga, eta talde horiek elikatzen dituzte gainerako taldeek. Bergaran eta Arrasaten mutilen senior mailako taldeak dituzte; neskenak ez. Aloña Mendin, mutilena eta neskena. "Ikasketengatik eskubaloia utzi zuten lau jokalari berreskuratu ditugu aurten. Gazte mailakoekin entrenatzen dihardute. Haiek eta gazte mailatik igotzen diren jokalariak dira senior taldea osatzeko ditugun aukerak; berreskuratutako jokalariak, alegia. Hori da gure erronka", dio Muniategik.

Pandemiaren ondorengoak

2020ko pandemiak mundua geratu zuen. 2020-2021eko denboraldia hala moduz jokatu zen. Klub batzuek partidua jokatu zituzten; beste batzuek ez. Azken horien artean egon zen Aloña Mendi eskubaloi saila. Egoera normaltzen joan zen heinean, taldeak martxan ipini ziren berriro. Hala ere, eskubaloi jokalari batzuek beste kirol modalitate batzuen aldeko apustu egin zuten. "Pandemiak erakutsi zigun beste kirol modalitate batzuk praktikatzen, halabeharrez. Bizikletan ibili, mendian korrika egin eta paseatu... Modalitate indibidualetan hasi ziren asko. Guztiok egin ginen kirolari, eta, berriro taldeak osatzeko unea heldu zenean, batzuek eskubaloia utzi zuten", gogoan du Carlos Ugartek.

ARRASATEN, BERGARAN ETA OÑATIN DAUDE ESKUBALOI ESKOLAK, 161 JOKALARIREKIN

Era berean, pandemiak eragin zuzena izan zuen eskubaloi klub batek eskatzen duen eta arestian aipatu den piramide-egituran: eskubaloiaren oinarrizkoak ikasteko adinean zeuden jokalariek –infantil mailakoak eta eskubaloi eskolakoak– denboraldi eta erdi galdu zuten, horrek dakarren guztiarekin. "Eskubaloian sakontzeko urte inportanteenak galdu zituzten, eta hori igarri egiten da kantxan. Gaur egun kadete eta gazte mailetan dauden jokalariak dira, eta gabeziak dituztela antzematen da", kontatu du Azpiazuk.

1985eko Aloña Mendiren nesken taldea.

Azpiegituren gainean

Debagoieneko eskubaloi kluben etorkizuna bermatuko duena jokalari kopurua izango da, eta hori jaiotza-tasak markatuko du. Era berean, jokalari kopuruaren arabera, talde gehiago edo gutxiago izango dituzte Oñatin, Bergaran eta Arrasaten. Hiru herrietan azpiegitura gabezia dute: Zubikoan, Iturripen eta Labegaraietan entrenatzen dira, baina beste diziplina batzuekin partekatu behar dituzte kantxak. "Ez da erraza entrenamenduen ordutegia kudeatzea. Ahalik eta talde gehien gurako genituzke, baina kantxa ordutegi mugatua daukagu, eta entrenamendu duinak egiteko zailtasunak", azpimarratu dute hirurek.

Ines Aspiazu: "Harrobiko taldeetarako jokalari gazte gehiago behar ditugu"

Arrasate Eskubaloi taldean diharduten jokalarien %51 emakumezkoak dira: 55, hain zuzen ere. Sei talde federatu dituzte Arrasaten, infantil mailako neskak eta mutilak, kadete mailako neskak, gazte mailako neskak eta mutilak eta senior mailako mutilak. Azken horretan dago jokalari kopuru handiena: 21. Guztira, 52 jokalari gizonezko dituzte. Gainera, beste hogei jokalarik dihardute eskubaloi eskolan: bederatzi neska eta hamaika mutil. "Datuak ez dira txarrak, baina jokalari gazte gehiago behar ditugu. Mutiletan kadete mailako talderik ez dugu eta horrek trantsizioa zaildu egiten du. Biziraun gura badugu, harrobiko jokalariak behar ditugu, infantiletatik seniorrerako arteko bidea egin dezaten", dio Ines Azpiazuk. Izan ere, hori da Arrasate Eskubaloik duen erronketako bat: etorkizuna bermatzea.

Zuzendaritza berria

Zazpi pertsona daude zuzendaritza batzordean: bost gizonezko eta bi emakumezko. Duela bi urte berritu zuten, eta indartsu daude klubaren alde borroka egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak