Eider Mendoza: "Debagoieneko garraio publikoaren arazoei konponbideak eman zaizkie"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urt. 26a, 18:02

Urte erdia pasa da Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusi izendatu zutenetik; orain artekoa errepasatu eta datozen erronkei buruz hitz egin du GOIENArekin.

2023ko ekaina ezkero da Eider Mendoza (Azpeitia, 1974) Gipuzkoako diputatu nagusi, eta GOIENAk elkarrizketa egin dio telebistako platoan, urte erdiaren balorazioa eta agintaldi honetako erronkak hizpide hartuta.

Lehen emakumea zara diputatu nagusi karguan. Zer ekarri du horrek eta nola daramazu?

Lehen diputatu nagusi emakumezkoa 2023an izendatzea bada zerbait. Esan nahi dut urte askotako atzerapena daramagula gizarte bezala. Eider Mendoza izatea lehen diputatu nagusi emakumezkoa zirkunstantziala da; emakumezko bat izateak benetako garrantzia dauka.

Foru Gobernu berriak ez du bere lehen aurrekontua aurrera atera. Adostasun faltak oposizioko alderdiekin izan ditzakezuen harremanen nolakotasuna erakusten du?

Elkarrizketak hastean, beste alderdi politikoekin adostasunera iristeko helburua genuen eta hasieran ikusten genituen aukerak denekin aurrera ateratzeko. Denborak aurrera egin zuen heinean, hauteskunde giroak erabat kutsatu zuen kontua eta ikusi genuen ezinezkoa izango zela aurrekontua aurrera ateratzea. Horrek ez du baldintzatuko etorkizuna, guk jarraituko dugu beste alderdi politikoekin hizketan eta harremanak sendotzen. Denon esku dago gipuzkoarron ongizatea hobetzea eta ditugun erronkei aurre egitea. Egokitzapen batzuk egin beharko ditugu, baina oso aurrekontu ona da ditugun beharrei aurre egiteko eta erronka horiei ere eusteko.

"Lehen diputatu nagusi emakumezkoa 2023an izendatzea bada zerbait"

Erronka sozialean pertsonen zaintzari garrantzi handiagoa emateko apustua berretsi duzue, lankidetza publiko komunitarioaren sistema indartuz.

Guk beti esaten dugu Gipuzkoan daukagun sistema aitzindaria dela eta eredu dela Europan, ekimen sozialean oinarritutako zerbitzua eskaintzen dugulako. Badauzkagu hirugarren sektoreko irabazi asmorik gabeko hainbat eragile. Haiek hasi zuten ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin (GFA), eta batera eskaintzen ditugu zerbitzuak. Pentsatzen dugu badaukagula erronka zerbitzu hori gero eta pertsonalizatuagoa izan eta etxean bezala egoteko. Erronka horren adibide da Pasaian sortuko den Adinberri egoitza. Han sortuko dira berrikuntza, ikerketa nahiz ezagutza, eta guztia lurralde osora hedatuko da. Sortuko eta birmoldatuko ditugun egoitzak eredu berrian oinarrituko dira. Arrasateko Iturribide eta Oñatiko San Martin egoitzetan lanean ari gara eredu berrietara egokitzeko egoitzak.

Zertan igarriko da aldaketa?

Gelak askotan bakarkakoak izango dira. Konpartituak izan daitezke, baldin eta horretarako gogoa baldin badu egoiliarrak. Askoz ere pertsonalizatuagoak izango dira. Zure altzariak izan ditzakezu, adibidez. Aurreko batean, Zarauzko Santa Ana egoitzan egon ginen, eta han nabarmena zen espazio indibidualak sortzeaz gain, espazio partekatuak ere badaudela; esaterako, familiarekin urtebetetzeak ospatzeko. Komunitatearekin lotura sortzen da: herrian bertan egonda, plazan egonda, haurrak etorrita bertara...

Alderdi ekonomikoari dagokionez, zein da Zubietan egingo den Mugikortasun Berriko Mubil zentroaren egiteko nagusia?

Mubil estrategia martxan da, Tolosan; orain, Zubietan egoitza berria edukiko dugu. Ikusten genuena zen gure BPG (PIB) industrialean pisu handia zuela automozioak eta bazeudela enpresa txiki eta ertain asko ez zeukatenak inolako gaitasunik bakarka estrategia berrietara egokitzeko. Mugikortasun berria dago, adimentsua, eta gure sektorea horretara egokitu beharra zegoen. Berrikuntza handia gertatuko da, han izango dute gaitasuna enpresa horiek gauza berriak testatzeko, gainontzekoekin elkarlana sortzeko… Han dagoen azpiegitura Europa osoko hegoaldean ez dago. Azpiegitura hori Gipuzkoan bakarrik dago. Gure herriari arnasa handia emango dio, eta aukera punta-puntan kokatzeko.

Enpresa txikiei, ertainei, handiei, autonomoei... nola lagunduko diezue?

Badugu erronka enpresa munduari laguntzeko, ahal dugun neurrian, modernoa izateko, berrikuntzan oinarritzeko… Debagoiena horretan eredugarria da. Aurrekontuak ez ditugu onartu, baina ikusten genuen beharrezkoa genuela une honetan autonomo nahiz enpresa txiki eta ertainei, baserritarrei... laguntza ematea, eta hor dekretu foru arau bat onartu dugu gure Gobernu Kontseiluan, eta otsailean eramango dugu Batzar Nagusietara. Zertarako? Hurrengo errenta kanpainan laguntzak eduki ditzaten. Baita familiek ere. Jarri dizudan adibidea da fiskalitatearena, hori delako gure eskumen handienetako bat.

"Indarkeria jasan duten emakumeei bideratutako zentroa Arrasaten irekiko dugu"

Euskararen aurkako oldarraldiari kalean eman dakiokeen erantzunetik harago, zer gehiago egin beharko litzateke?

Epaitegietako erantzunak eta erabakiak ez ditugu ulertzen, konpartitzen… Kontra gaude; gure eskubideen kontra joaten dira erabat. Hemen badago adostasun oso zabala alderdi politiko guztien artean, eta horietan oinarritzen dira legeak euskara defendatzeko eta sustatzeko. Badago lanketa sakon bat erakunde guztien eta euskararen inguruko eragileen artean gure hizkuntza defendatzeko. Geratzen zaiguna da benetako militantzia gutako bakoitzari; euskararen ezagutza-maila handia da, eta erabilera ez da igo neurri berean, baina gutako bakoitzak badu zeregina euskara sendotzeko eta erabilera asko igotzeko.

Debagoienean garraio publikoa kezka iturri da. Ze neurri hartuko ditu Aldundiak?

Lanketa handia egin da GFAren eta Debagoieneko alkateen artean. Azahara Dominguez diputatuak harreman estuak izan ditu alkateekin hasieratik. Hemengo arazoei konponbideak eman zaizkie: ikuskaritza kontrola erabatekoa izan da eta gaur egun eskaintzen den zerbitzuan esan dezakegu zeuden arazo haiek gainditu direla. Egun egon daitezkeen arazoak parekatu daitezke lurraldean egon daitezkeen arazoekin. Alkateek ere hala adierazi diote Mugikortasun diputatuari izan duten azken bileran. Gainean egon gara arazoen berri izan genuenean zerbitzua hobetzeko, autobusak berritzeko, zalantzaren bat balego zuzenean deitzeko GFAra…

"Legealdi honetan egingo dugu Bergara eta Antzuola arteko bidegorria"

Bergara eta Antzuola arteko bidegorri zatia noizko aurreikusten duzue prest izatea?

Eskoriatza eta Araba lotzen dituena eskaera garrantzitsua da, baina hamazazpi kilometroko bidegorria izango litzateke eta hamabi tunel birgaitzea eskatzen du. Inbertsio ikaraga- rria da. Antzuola Zumarragarekin lotzea ere geroago etorriko litzateke.

Eskoriatza eta Araba artekoa, Antzuola eta Zumarraga... Ze lehentasun-maila dute?

Eskoriatza eta Araba lotzen dituena eskaera garrantzitsua da, baina hamazazpi kilometroko bidegorria izango litzateke eta hamabi tunel birgaitzea eskatzen du. Inbertsio ikaragarria da. Antzuola Zumarragarekin lotzea ere geroago etorriko litzateke.

Turismoaren Mundu Erakundeak 2023ko herri turistiko onenaren saria eman zion Oñatiri. Hori da eredua turistak barrualdera erakartzeko?

Oso harro sentitu gera izendapen horrekin. Hori bada eredua. Askotan esaten dugu Gipuzkoa oso erakargarria dela, eta ez soilik Donostia. Turismoa egonkortzeko eta orekatzeko, lurralde osora hedatu behar dugu. Erakargarria da gure lurraldea gure kulturagatik, hizkuntzagatik, ereduarengatik eta jendea erakartzeko gaitasunagatik.

Datozen lau urteetarako baduzue inbertsiorik aurreikusta bailaran?

Eraso matxista edo indarkeria jasan duten emakumeei bideratutako zentroa irekiko dugu Arrasaten datozen hilabeteetan. Erantzun integralak emango dizkie emakumeei eta senideei zerbitzuak: erantzun psikologikoa, behar dituzten baliabideak…

Nola babestuko duzue lehen sektorea eta belaunaldi erreleboa?

Legealdi honetan ere sortu dugu departamentu berri bat lehen sektoretik gertuago egon edo gehiago ikusarazteko. Nik uste dut hori ere lortu dugula. Gertu egon gara, ikusi dugu nola eltxoen bidez behi asko eta asko gaixotu eta hil egin direla. GFAk hasieratik elkarlanean oinarrituta izan zuen kontaktua abeltzainekin, eta dirulaguntzak gehitu genituen. Lehen sektorean ere badugu basogintzaren esparrua. Gure lurraldean %61 basoa da, eta Basotik Fundazioa sortu dugu baso haien jabetza dutenei zerbitzua eskaintzeko.

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako EAJren hautagaia Imanol Pradales da. Zer esan dezakezu hari buruz?

Ezaugarri oso onak ditu lehendakari izateko, baldin eta gure herritarrek botoa ematen ba- diote. Herriarekiko atxikimendua, maitasuna eta leialtasun ikaragarria dauka. Bere burua herriaren zerbitzura jartzeko prest dago, jakinda horrek ze konpromiso eta sakrifizio pertsonal eta familiarra eskatzen duen.

Lehia estua ikusten duzue?

Demokraziak ez digu inolako beldurrik ematen. Herritarren alde lan egiten dugu egunero, gure onena eskaintzeko lurraldeari eta herriari. Ez dugu lehia bezala ikusten, baizik eta ariketa demokratiko bezala. Herritarrei eskatzen diet botoa ematera joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak