Bihurguneak zuzendu dituztelakoan

Xabier Urtzelai 2024ko urt. 30a, 14:26

Debagoienean egin zen lasterketa berri bakarra Emakumezkoen Ulma Challengea izan zen, Oñatin. Argazkian, ziklistak lasterketako zirkuituak izan zuen maldetako bat gainditzen.

Otsailean normaltasunez hasiko dute ziklismo denboraldia, pasa den astean Jaurlaritzarekin akordioa lortu eta gero. Baina Gipuzkoako lasterketetako antolatzaileak eta Federazioko ordezkariak arduratuta egon dira, duela egun gutxira arte dena kolokan egon delako, iazko arazoek bere horretan jarraitzen zutelako. Pasa den astean Jaurlaritzako ordezkariekin izandako batzarrak lausotu du aldapa.

Puntua aldizkariaren 397. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Arduratuta –eta haserre– egon dira Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko ordezkariak, eta baita lasterketak antolatzen dituzten talde eta klubetako kideak ere. "Aloña Mendiko zuzendaritzara munduko ilusio osoarekin sartu nintzen, baina, urte hauetan izan ditugun traba eta buruhauste guztiak ikusita, gogoa joaten zaizu", adierazi dio PUNTUAri Oñatiko Ziklismo Taldeko presidente Aitor Atorrasagastik. Iaz Oñatin bost lasterketa antolatu zituzten, eta buruhausteak izan zituzten ia lasterketa guztietan: "Gehienetan izan genuen trabaren bat edo beste. Gogoan dut lehenengoz antolatu genuen emakumezkoen Ulma Challengea aurkezten hasi baino bost minutu lehenago ertzainen deia jaso genuela, lasterketa egiteko eskaera egin ez genuela esanaz. Azken orduan egoera bideratu ahal izan genuen, akatsa ez zelako gurea izan, baina urte osoa eman dugu horrela, buruhauste bat bestearen ondoren. Eta horrela ibiltzea oso nekagarria da".

AITOR ATORRASAGASTI: "NEKAGARRIA DA LASTERKETA BAKOITZEAN ARAZOAK IZATEA"

Kadete, gazte, 23 urtez azpiko eta elite mailetako txirrindularitza lasterketak antolatzeko Gipuzkoan egon dira arazo handienak, eta, Gipuzkoako Federazioko ordezkarien esanetan, bereziki bi izan dira motibo nagusiak: hemen inon baino lasterketa gehiago antolatzen dituztela –urtean 80tik gora– eta ez dagoela horietan ibilbidea zaintzeko nahikoa ertzain. Horrekin batera, anbulantzien zerbitzuen garestitzea, moto-zaleen aseguruen afera, aste barruan lasterketak ez antolatzeko erabakia… Halako trabak ere egon dira. "Horrez gainera, lasterketetako ibilbideen egokitasunari buruz irizpide garbiak behar ditugu, ertzainek azken orduan arazoak jar ez ditzaten. Lasterketak antolatzeko orduan eskakizunak garbi izan nahi ditugu, lan administratiboa erraztea eskatzen dugu… Proba bakoitzaren atzean lan handia dago, eta nekatu gara arazoak etengabe izate horrekin", dio Atorrasagastik.

Egoera konpontzeko bidean

Egoera katramilatsu horrek, baina, azken orduko garrantzitsua izan du. Astelehenean bertan Jaurlaritzako ordezkariekin egindako batzarrak korapiloa askatzeko bidean jarri du. "Gipuzkoako Federaziotik helarazi nahi dizuegu bi urteko borrokaren ondoren baikor garela. Gipuzkoako Trafikoko zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ertzaintzako trafiko zuzendari nagusiarekin izandako bileraren ondoren, lasterketetako betebeharrak eta Trafikoko eskaerak asko arindu dira, jarrera aldatu da eta, baikortasunez, 2024ko errepideko denboraldia hasteko moduan gaudela esan nahi dugu. Eta espero dezagun denboraldi osoa bermeekin bukatu ahal izatea". Hala, Federazioko presidente Santi Osorok baieztatu du astelehenean aurrerapauso handia eman zutela: "Nahiz eta oraindik hainbat gairi betirako konponbidea eman behar zaien, moto-enlazeen gaia, anbulantziena, medikuena... baikor gara".

ION UNAMUNO: "IAZKO URTEA PLANTOAK EMATEN PASA GENUEN; DENOK BATU BEHAR DUGU"

Iaz, urte kaotikoa

Iazko denboraldia bereziki izan zen kaotikoa. Egutegian bi eten egon ziren, urte hasieran eta uztail amaieran, eta lasterketa batzuk ezin izan zituzten egin. Moto-zaleen plantoa etorri zen lehenengo, aseguru barik ibiltzen zirelako lasterketetan, eta istripu batek edo bestek agerian utzi zuten horrela ezin zutela jarraitu. Planto hark ekarri zuen lehenengo etena, moto-zaleen laguntza barik Trafiko Zuzendaritzak ez zuelako lasterketak antolatzeko baimenik ematen. Hori horrela, lasterketa entzutetsu batzuk bertan behera geratu ziren –Aiztondoko klasikoa, esaterako–.

Lasterketa bat antolatzeko protokoloa

- Azaroan txirrindularitza elkarteek datorren urtean egin nahi dituzten lasterketen berri ematen diote federazioari. Federazioak egutegi bat zehazten du, eta egutegi hori beste lurraldeetako egutegiekin koordinatu behar da. Hor, kategoria nagusiek dute lehentasuna. Eta jarraian, aurre-egutegi hori Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzara bidaltzen da.

- Trafikotik eskaera horiek bestelako eskakizunekin koordinatzen dituzte: Beste lasterketa batzuetako eskaerak (rallyak, triatloiak…), edota Korrikako ibilbidearekin, esaterako.

- Urte hasieran batzarra egiten dute egutegi definitiboa zehazteko, zer egin daitekeen eta zer ez zehazten dute Trafiko Zuzendaritzatik.

- Hori zehaztuta, lasterketa antolatzen duen klubak, proba baino 40 egun lehenago txosten bat bidali behar dio federazioari lasterketako ibilbidea, ordutegiak eta bestelakoak zehaztuz.

- Federazioak txosten hori Trafiko Zuzendaritzara bideratzen du.

- Dena ondo badago, Trafiko Zuzendaritzaren onespena jasotzen du antolatzaileak. Gerta daiteke arazoren bat egotea, obra batzuk egiten dabiltzalako… Eta aldaketak egin behar izatea.

- Antolatzaileak babesleak, moto-zaleak, boluntarioak, osasun zerbitzuak… Lotu behar ditu lasterketa egunerako.

- Proba baino astebete lehenago antolatzailea Ertzaintzarekin batzartzen da azken ordukoak zehazteko. Esaterako, zenbat moto-zale egongo diren jakiteko.

- Lasterketa egiten da.

Frantziako Tourraren etorrerak behin-behineko baliabide batzuk ekarri zituen, besteak beste, boluntarioen laguntza behar zelako. Hura, baina, estalpe bat izan zen, ez zituen arazoak errotik konpondu, eta abuztu amaieran Gipuzkoako Federazioaren plantoa etorri zen. "Baldintza hauetan ez goaz lasterketa gehiago antolatzera", esan zuen Federazioak orduan. Are gehiago, Aretxabaletan abuztuaren 16rako antolatzen duten Leintz Bailararen itzuliaren 84. edizioa txiripaz egin zuten. "Trafiko Zuzendaritzak adierazi izan digu aste barruan ez dituztela lasterketak nahi. Eta jartzen duten motiboetako bat da lantegietara lanera doazenei traba egiten diegula. Baina, imajina dezakezuen moduan, abuztuaren 16an Debagoienean argudio horrek ez dauka zentzu handirik", dio Osorok.

ALFREDO MEABE: "IAZ AZKEN ORDUAN ESAN ZIGUTEN PROBA EGINGO GENUELA ARETXABALETAN"

Bada, Aretxabaletako lasterketa antolatzen lanean ibili zen Alfredo Meabek ondo gogoan du iaz ze baldintzatan ibili ziren. "Pentsa, hondartzan nengoela deitu zidan UDAko presidente Agurtzane Elkorok, azken orduan lasterketa egiteko baimena eman zutela esanez. Egun batzuk lehenago, bidegurutzeak zaintzen egoten diren lagun guztiei abisatu genien lasterketa bertan behera geratzen zela esanez, eta egun gutxiren faltan ostera ere dena antolatu behar izan genuen. Aurtengo urtera begira garbi daukaguna da lasterketa eguna ez dugula aldatuko. Andramaixetan txirrindularitza lasterketa jaietako bigarren egunean egin dugu beti, eta ez dugu hori aldatzeko asmorik. Lasterketa bertan behera utzi behar badugu, halaxe egingo dugu; eta pena da, abuztuan dauden lasterketa interesgarrietako bat da-eta txirrindularientzat. Gai honetan federazioarekin batera joan gara, zalantza barik".

Sukaldeko lana

Lokatzako presidente Ion Unamunok aitortu du –egunotako akordioaren aurretik hartutako esanak dira– kontu horrekin dagoeneko nekatuta dagoela. "Egia esan behar badut, hordagoak bata bestearen ostean botatzen ibiltzeak ez dakit ze mesede egiten duen, eta sentsazioa dut azkenaldian horrela ibili garela. Uste dut sukaldeko lanak gailendu behar duela; lasterketen bueltan ibiltzen garen eragileok batu eta arazoa zelan konpondu ikusi beharko genuke. Baina horretatik guztiorretatik, galtzaile nagusiak txirrindulari gazteak dira, neguan lanean ibili eta denboraldia hasiko duten ez dakiten ziklistak. Eta horregatik diot sukaldeko lana lehenetsi beharko genukeela".

ITXASO PLAZA: "TXIRRINDULARIAK LASTERKETEKIN MOTIBATZEN GARA, HOR DUGU ILUSIOA"

"Lasterketek motibatzen gaituzte"

Hain zuzen, aurten elite mailara salto egingo duen Igamo Packaging-eko ziklista Itxaso Plaza arrasatearrak garbi dauka halako gorabeherek ziklistengan eragina duela. "Pena da horrela ibili behar izatea, txirrindulariak egunero gabiltzalako entrenatzen eta motibazioa eta ilusioa lasterketek ematen digutelako". Emakumezkoen kasuan, egia da Debagoieneko neskek Espainiako Kopako lasterketekin egutegi betea izaten dutela, baina bertako lasterketetan ere hartzen dute esku, gazte mailako mutilekin batera lehiatzen dira eta. "Zumaian, Zarautzen, Zestoan… lehiatu naiz aurten. Horrekin batera, Ulma Challengea, esaterako, asko gustatu zitzaidan; emakumezkoendako antolatutako lasterketa izan zen hura eta ibilbide oso polita zeukan. Ea, bada, horiek konpondu eta denboraldia normaltasunez egin dezakegun". Bada, badirudi baietz, azken orduan, baina sukaldeko lanak emaitzak eman dituela.

Santi Osoro: "Egoera zuzendu dugulakoan gaude"

Duela egun gutxira arte, Santi Osoro (Ataun, 1969) haserre zegoen 2024ko denboraldia ze itxura hartzen zebilen ikusita. Baina astelehenean Trafiko Zuzendaritzako ordezkariekin izandako batzarra emankorra izan da. Egoera bideratu dutela dio.

Denboraldia hasteko zalantzak uxatu dituzue?

Bai; asteleheneko batzarretik pozik irten ginen. Egutegian genituen arazoak konpontzeko bidean jarri genituen, eta, alde horretatik, pauso handia eman dugu. Oraindik baditugu bestelako arazo batzuk: anbulantzia zerbitzuena, moto-enlazeena... Txirrindularitzak badu dirulaguntza batzuen beharra, baina Jaurlaritzatik jarrera aldaketa ikusi dugu.

Zergatik zegoen horrenbeste arazo Gipuzkoan?

Motibo bat baino gehiago zegoen. Berez, lasterketa gehien antolatzen diren lurraldea da Gipuzkoa; txirrindularitza lasterketak 80tik gora dira. Bizkaiko eta Arabako lasterketak batzen baditugu, ez dira kopuru horretara iristen. Eta horrekin batera, Ertzaintza barruan ere Gipuzkoan daude moto gidari gutxien. Lasterketetara beste lurraldeetako ertzainek etorri behar izaten dute.

Ertzain gutxi daudela lasterketak zaintzeko.

Hori da arazoetako bat. Eta irudipena dugu Ertzaintzatik ere gu erabili izan gaituztela euren aldarrikapenetan presioa egiteko, eurek ere euren lan-gatazkak dituzte eta. Horrekin batera, anbulantzia zerbitzuak ere geroago eta garestiagoak dira, segurtasun neurriak zorroztu egin dituzte, moto-zaleek ere asegurua behar izaten dute… Zailtasunak areagotzen doaz, eta ez digute erraztasunik ematen.

Gipuzkoa erreferente da txirrindularitzan.

Ez izan zalantzarik, baina kontraesanez beteta gaude. Zikloturismoaren bitartez agintariak turismoa sustatu nahian dabiltza, bertako hotelak egokitzen dabiltza turismo mota hori erakartzeko; izan ere, klima aldetik geroago eta inguru aproposagoa da gurea. Bestetik, gazteendako kirol jarduerak sustatu nahi dituzte eta txirrindularitzak gurean arrakasta handia du. Ez hori bakarrik: emakumezkoen ziklismoa bultzatu behar dela sinistuta gaude denak, eta, hain zuzen, azken urteotan hortik etorri da lasterketen hazkundea; neskendako lasterketak eskatzen dizkigute herrietako alkateek, baina gero, lasterketa horiek antolatu ezinda gabiltza, baimenekin arazoak izan ditugulako.

Diozu kanpoan ez dutela hemengo egoera sinisten.

Pentsa, Belgikara joaten garenean hangoek ezin dute sinistu hemen ze arazo ditugun. Han dirua dute lasterketak antolatzeko, baina esaten digute jendea ez dagoela gertu lanerako. Hemen, ordea, jendea gertu dago boluntario jarduteko, baina trabak baino ez ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak