Martxoaren 14tik 24ra Irundik Baionara egingo den 23. Korrika antolatzeko herriz herri lan-batzordeetan ari dira urratsak egiten, euskararen aldeko ekimena ondo antolatzeko. Korrikaren mezuaren lehenengo lerroek honela diote: Harro herri, euskaraz jakin zein ez, har dezagun dimentsio orotan eragiteko konpromisoa, herria batuta–. Hain zuzen, horiei eta bide horri segika, hala ari dira ekintzak prestatzen.
Bailarako herrietatik martxoaren 20an eta 23an igaroko da; ordu txikietan gehienetatik. Hori horrela, lanketarekin ari direla azaldu du Ainhoa Arregik, Korrikako Debagoieneko dinamizatzaileak: "Zenbait herritatik gauez pasako da Korrika; beraz, afaria egitea pentsatu dute hainbat herritan; kontzertuak egitea ere ez dute baztertzen… Hala ere, guztia martxan dagoen arren, zehaztu gabe dituzte oraindik ekintzak. Horrekin batera, Korrika Txikiko egitarauak ere prestatzen ari dira".
Aramaioko Korrika Batzordeko kideek egindako bilera baten osteko talde argazkia.
Arropak eta kilometroak salgai
Arropa saltzeko egunak herriz herri ere zehaztu dituzte herri batzordeek aste honetan. Otsailaren 2an Bergaran; otsailaren 3an Aretxabaletan eta otsailaren 8an Eskoriatzan egingo dituzte Korrikako arropa salmentak; otsailaren 9an, Aramaion eta Antzuolan; otsailaren 10ean, Gatzagan; otsailaren 13an, Oñatin; eta otsailaren 17an, Arrasaten –ordutegiak eta lekuak goiena.eus-en ikusgai–. Gainerako egunetan Arrasateko AEKn ere erosi ahal izango dira arropak, goizez 11:00etatik 13:00etara bitartean eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara bitartean –egubakoitzetan, itxita–.
Horrez gain, kilometro salmenta martxan dagoela ere azaldu dute AEKtik. "Aurreko edizioko prezio berak dira. Administrazio publikoek 600 eurotan erosi dezakete kilometroa eta gainontzeko eragile, kuadrilla, familia edo norbanakoek, 425 eurotan". Hala ere, ezarritako preziotik gora ordaintzea librea da. Hala, interesdunek mezua idatzi dezakete korrikadebagoiena@gmail. com helbidera informazio gehiago eskatzeko.
Batzorde bilerak herriz herri
Arrasaten, Antzuolan, Bergaran eta Elgetan aste honetan egin dituzte batzorde bilerak, aurrera begirakoak zehazteko. Gainontzeko herrietan honako hauek dira batzartuko diren egunak eta orduak: Gatzagan, gaur, egubakoitza, 19:00etan, eskolan; Oñatin, urtarrilaren 29an, astelehena, 18:00etan, euskaltegian; Eskoriatzan, urtarrilaren 29an, 18:00etan, kultura etxean; Aramaion, urtarrilaren 30ean, martitzena, 19:00, KZgunean; eta Aretxabaletan, otsailaren 1ean, 18:00etan, Loramendi elkartean.