Aurrekontuak onartu gabe hasi du 2024a Foru Aldundiak; ze balorazio egiten duzue horren inguruan?
Gobernu baten ardura da aurrekontuak aurrera ateratzea. Gobernu honek Gipuzkoari egonkortasuna emango ziola esan zuen, baina ez da ohartu zein den egoera berria. PSE-EErekin ez dio gehiengorako ematen, eta gobernantza ezberdin baten beharra dago. Horren ondorioa da herritarrentzat iraungita dauden aurrekontu batzuk indarrean egotea, ez duelako jakin gehiengoak zabaltzen eta gehiengo berriak osatzen.
EH Bilduk ez du aurrekontu proposamena babestu, eskatzen zenituzten egiturazko neurri batzuk adosteari Foru Gobernuak muzin egin diola argudiatuta...
Era honetan dagoen gobernu batek arduraz jardun behar du, konturatu behar du gehiengoa behar duela. Nafarroan, esaterako, aurrez izan dugu aurrekontuetan esku hartzeko aukera, eta hori ez du eskaini Gipuzkoako Diputazioak; orduan, itxitako aurrekontu bat jaso dugu. Guretzat aurrekontua gestiorako erreminta bat baino gehiago da, Gipuzkoan izango ditugun erronkei bidea irekitzen hasteko tresna, eta hori ez du ulertu Foru Aldundiak.
Bereziki, zaintzan jarri duzue arreta; zein da egiten duzuen planteamendua?
Gai zentrala dela uste dugu, bai Gipuzkoan, bai Euskal Herrian. Guztiok ikusi dugu Gipuzkoako gizartea nola ari zen zahartzen, baina ez zaio aurre hartu egoera horri. Zaintza guztion eskubide bat da, eta, alde horretatik, badira arlo batzuk zaintza komunitario baterantz bidea egiten lagundu dezaketenak.
Badakigu gauden tokitik eta aurrekontuen marko batetik ezin daitekeela bide hori egin, baina neurri estruktural batzuk hartzea nahi genuen. Batetik, zaintzan diharduten pertsonei lan baldintza duinak jartzea; bestetik, dependentzia instituzio publikoetatik egitea, ez EH Bilduren kapritxoz, legeak horrela agintzen duelako; eta, azkenik, zaintza pribatizatzeko eta irabazi asmoarekin egiteko arriskua dagoela ikusten dugu, eta epe bat harri genuen bide honetan igarotzeko, guretzako horiek ezinbestekoak direlako.
Berdintasunean bizitzeko, parekidetasuna eraikitzeko, aldarrikatzen dituzuen gobernantza feministak sustatzeko… nola eragiteko asmoa duzue?
Arlo guztietan feminismotik bultzada emanez. Guk ikusten dugu berdintasunean aurrera egiteko, errotik aldatu behar ditugula gaur egun dauden etruktura batzuk. Hori ez dugu berehalakoan egingo, baina bizitzako arlo guztietan feminismotik eta berdintasunetik eragitea nahi dugu. Gobernantza modu feministak behar ditugu, boterea banatzen jakin, enpatiatik, sen komunitariotik, gure gizartean errotuta dauden modu batzuetan eraldatu behar dugu.
Garraio publikoari dagokionez, iaz izandako abantaila berberak izango dituzte erabiltzaileek; beste neurri batzuk hartu beharko liratekeela uste duzue?
Hemen hausnarketa sakona egin beharra dago. Jendeari garraio publikoa eskainiz gero, erabili egiten du, eta gure etorkizuna da garraio publikoa, auto gutxiago egongo direlako; baina kalitatezko garraio publikoa eskaintzen ez badugu, jendeak ez du horren aldeko hauturik egingo. Hori hobetzeko zer egin behar den pentsatu behar da, eta guk askotan esan dugu bidesarietako diruaren zati bat garraio publikoa hobetzera bideratu beharko litzatekeela, etorkizunean hori erabiltzeko hautua errazagoa izan dadin.
Garraio publikoan bada zer hobetua Debagoienean; beste ze premia nagusi ikusten duzue bailaran?
Hemen, Euskal Herri osoan bezala, eztabaida sakonak ditugu, baina, adibidez, D2030 egitasmoa oso egitasmo sendoa iruditzen zait. Hor gobernantza modu berri bat erakusten da, eta gaur egun ditugun erronkek ezingo dute erantzun egokirik jaso, erakunde baten barneko lau pareten artean hartzen badira. Horregatik, oso garrantzitsua izango da herritarrak zentrora ekartzea eta prozesu parta hartzaile eta deliberatiboak egitea. Paperak gauza asko jasotzen ditu, baina, herritarrak konprometituta ez badaude, gauza batzuk aurrera eramatea ez da posible izango. Alde horretatik, Debagoiena betidanik eskualde eredugarria izan dela eta dela uste dut.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Pello Otxandiano izango da EH Bilduren hautagaia; zu zeu izan zinen 2020an. Zer esango zenuke hari buruz?
Lehendakaria izango dela. Ohorea da orain arte nik izan dudan lekukoa hari ematea. Harekin lan egiteko parada izan dut eta zazpi lurralde dituen herri gisara herri hau maite du. Herri hau aurrera ateratzeko pasioa du, eta, gainera, jakintza teknikoa du herri honek dituen erronkei aurre egiteko.
Zein erronkari aurre egin beharko die Legebiltzar berriak?
Gure osasun zerbitzuak azken urteetan izan duen gainbeherak irakurketa berri bat egitea eskatzen du, datozen urteetan gizarteari nola erantzun jakiteko. Era berean, zaintza, politika industriala, erronka energetikoa, klimatikoa eta euskara bera ere lehen lerroko erronkak dira.