Pantailekiko mirespenari irtenbide bila

Miren Arregi Amasorrain 2024ko urt. 23a, 14:31

Nerabe bat eskuko telefonoa eskuetan duela. Irudia: Freepik.

Gurasoen, hezkuntzako adituen zein osasun arloko profesionalen ahotan dabil aspaldian haurrek eta nerabeek sakelako telefonoari ematen dioten erabilera. Teknologia abantailekin eta arriskuekin iritsi da gure arora, eta azken horiek dira kezka iturri nagusia. Noiz? da galdera, eta baita nola? ere.

Puntua aldizkariaren 396. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Nerabeek eskuko telefonoari ematen dioten erabilera kezkaz bizi da gizarteko hainbat sektoretan, eta, kezka horretatik abiatuta, hainbat galdera jarri dira mahai gainean azkenaldian. Lehena, honako hau: Mugikorra noiz? Eta ondoren, besteak: Ez ote dute haurrek eta nerabeek pantailaren aurrean denbora gehiegi ematen? Zer egiten dute mugikorrarekin daudenean? Nola lagundu ba ote dakite gurasoek? Non jarri behar da arreta? Gaia ez da gaur-gaurkoa, pantailek nerabezaroan eta haurtzaroan eragin dezaketen inpaktua kezka iturri izan baita zinema bera sortu zen une beretik. Gero, telebistaren, bideojokoen, ordenagailuaren eta, bereziki, Interneten sorrerarekin, kezka horri ertz askotarikoak batzen joan zaizkio eta, batez ere, pisu handia hartu du, haurrek eta nerabeek gailu inteligenteetara eta mugikorretara sarbidea dutenetik. Sarbide erraz eta sarri irizpide bako horrek zaildu egin du nerabeek kontsumo orekatu eta osasuntsua egitea, eta, kasu batzuetan, pertsonaren osasunean, harremanetan eta ikasketetan ondorio kaltegarriak ekarri dituela uste dute adituek. Egoera hori kezka-iturri bilakatu da eta egoerari irtenbideak bilatzen hasteko beharra sortu du. Horren adibide, Gipuzkoan lehenik, baina Euskal Herrian orain, hedatzen ari den Altxa Burua guraso mugimendua. Baina nola iritsi da haurrek eta nerabeek eskuko telefonoari egiten dioten erabileraren gaia gaur egun hartu duen sona hartzera?

AMAIA ARROYO: "ADINAREN GAINEKO EZTABAIDA NORMALA DA, BAINA, HALA ERE, HARAGO JOATEA ESKATZEN DU"

Nola iritsi gara hona?

Huheziko hezkuntzan eta komunikazio digitalean aditu Amaia Arroyo dio pandemiak izan duela eragina hor ere: "Datu zehatzik ez dut, baina susmoa dut pandemiak ere eragina izan duela. Pandemian gure helduleku bakarra teknologia izan baitzen, harremantzeko, lan egiteko... Gehiegizko erabilera bat egon zen, beste modurik ez zegoelako. Hor inertzia batzuk hartu ziren eta orain ondorio batzuk ikusten ari gara". Izarkom telekomunikazio kooperatibako Yaiza Arrizabalagak beste aldagai bat ere aipatu du: "Gertatu dena sinplea da. Teknologia hauek berriak dira eta guk, orain guraso edo heldu garenok, ez dugu honen erabileraren gaineko heziketarik jaso, eta moldatu gara ahal izan dugun moduan. Denok ez ditugu konpetentziak garatuak horrelako teknologiak erabiltzeko, eta, horregatik, arreta ez da bakarrik nerabeengan jarri behar, mugikorraren erabilera osasuntsua etorriko delako lehen-lehenik hausnarketa egitetik". Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio kooperatibak oraintsu argitaratu du Nerabeek mugikorra izate bidean laguntzeko helduendako gida. Gida horrek helduak gonbidatu gura ditu hausnarketa egitera eta eredu izatera; mugikorraren emate mailakatua proposatzen du.

Nerabezaroa, arrisku-aroa

Baina kezka nagusia ez da helduek mugikorrari egiten dioten erabilera, baizik eta haurrek eta nerabeek egiten diotena, eta horrek badu arrazoi bat. Honela azaldu du Debagoieneko ESIko neurologo Begoña Belarrinagak: "Arrisku handieneko aroa nerabezaroa da, nerbio sistema zentralaren garapen uneagatik. Oso une garrantzitsua da, horrek esperientzia berrien kontrolean eta erabileran, inpultsibitatean eta erabakiak hartzeko gaitasunean eragina izan dezakeelako. Gainera, gehiegizko erabilerak, mugarik gabekoak, pertsona kalteberengan sindrome klinikoa sor dezake, kimika-mendekotasun ezagunen antzeko ezaugarriak dituena eta eguneroko bizitzako betebeharrak garatzea konplikatu dezakeena. Teknologien erabilera oker eta abusiboak lo-nahasmenduekin lotu dira, baita errendimendu akademikoko arazoekin eta arreta faltarekin ere. Era berean, harreman zuzena eta paraleloa dago teknologien abusuaren eta haurren obesitatearen artean, kirola egiten edo ariketa fisikoa egiten ematen duten denbora gutxitu egin baita", gehitu du. Halere, Amaia Arroyoren iritziz, gauza bat bestearekin lotuta egoteak ez du esan gura kausa zuzena horixe denik: "Pantailen eraginez umeek hizkuntzaren garapenean atzerapenak dituztela argudiatzen dutenak badira, eta badago korrelazio bat, baina ez da kausalitate bat; alegia, gauza batek ez dakar bestea. Gertatzen dena da pantailan denbora gehiago ematen badute helduekin interakzio gutxiago izango dutela, eta helduak dira hizkuntza garapenerako helduleku eta ereduak. Beraz, errua pantailena da? Ez. Zerikusia dute? Seguru asko, bai. Azken finean, daramagun bizitza erritmoa, familia ohitura, denak du eragina mugikorrari egozten dizkiogun arrisku horiekin. Teknologia aldagaietako bat da, baina ez bakarra", dio Arroyok.

"BEGOÑA BELARRINAGA: "ARRISKU HANDIENEKO UNEA NERABEZAROA DA, NERBIO SISTEMA ZENTRALAREN GARAPEN UNEAGATIK"

Gurasoak, martxan

Nerabeek pantailei dieten mirespena da herrietan sortzen ari diren guraso mugimenduen abiapuntua; besteak beste, Oñatin sortu berri den Altxa Burua guraso taldearena. Gurasoek badakite teknologia berriak onuragarriak izan daitezkeela, zuzen erabiliz gero, baina erabilera "goiztiar edo desegokiak garapenean eragina, aurrez aurreko gaitasun komunikatiboetan eragina, distrakzio akademikoa edo antsietatea, depresioa, autoestimu baxua eta halako arazoak sor ditzakeela ikusirik" erabaki dute herri mailako hausnarketa bati ekitea. Hala, Oñatiko hiru ikastetxeetako gurasoak elkartu dira, eta asmoa da herriko beste eragile batzuekin batera –tartean, hiru ikastetxeak eta Udala– 2024rako plan orokor bat diseinatzeko.

14 urtera atzeratzea

Mugimendu horren lehen emaitza herri askotan gurasoek mugikorra emateko adina 12 urtetik 14ra atzeratzeko erabakia hartzea izan da. Iker Larrañaga Oñatiko taldeko kide da; haien helburua hausnarketa sakon bati bide ematea da, eta lehentasunezkotzat dute seme-alabek mugikorra beranduago jasotzea: "Oñatin hedatua eta onartua dago mugikorra 12 urterekin ematea, eta adin hori luzatzea da helburu nagusia. Zergatik? Askotan, haurrari mugikorra beste guztiek dutelako ematen zaiolako, hausnarketa barik. Gura duguna da modu kolektiboan hausnarketa bat abiatzea. Azaro bukaeran herri mailara zabaldutako inkestan ikusi dugu badagoela mugikorra emateko adina gutxienez bi urte atzeratzeko gogoa. 445 gurasok hartu dute parte inkesta horretan eta %92,2k 14 urtetik aurrera eman nahiko liekete". Arrazoi nagusia denbora irabaztea da, guraso, familia, ikastetxe eta herri mailan gaiaren inguruan hausnartu eta kontzientziazio, konpetentzia eta konpromiso maila handitzeko eta teknologiaren desabantailak eta onurak orekatzeko".

Mugikorra emateko adina atzeratzearen aldekoak dira, baita ere, Izarkom telekomunikazio kooperatibako langileak. Kooperatiban duela urte eta erdi inguru ikusi zuten gizartean aholku behar handia zegoela. "Izarkomen aholkularitza ere ematen dugu, eta 2022ko Gabonetan aholku eskaera mordoa jaso genuen gurasoen partetik. Ikusi genuen guk ere ez genuela erantzun motz eta argi bat emateko, eta lanean hasi ginen. Hortik sortu genuen gida, erabilera egokiak sustatzeko eta gailuarekin erlazio osasuntsua eraikitzeko. Eta iritsi gara ondorio horretara, zenbat eta beranduago egin hobeto dela, gura garunak prest ez daudelako", dio Yaiza Arrizabalagak.

"YAIZA ARRIZABALAGA: "HELDUOK ERE, SARRI, EZ DITUGU KONPETENTZIAK GARATUTA TEKNOLOGIA ERABILTZEKO"

Noiz edo nola?

Noiz? baino gehiago, nola? da Amaia Arroyoren ustez egin beharreko galdera: "Beste barik ematen diegu mugikorra umeei, izan 2, 6 edo 11 urterekin, eta hori egiten dugunean ari gara askatasuna ematen eurek estrategiarik ez duten eremu batean. Hori da arazo larriena, pentsatzea eurak natibo digitalak direla, jaio diren testuinguruan jaio direlako". Horregatik dio eztabaidak sakontasun handia eskatzen duela. "Zer ari gara suposatzen, 14 urtera arte atzeratuta berez etorriko direla estrategiak? Atzeratu genezake 16ra arte, nahi badugu, baina ez badago eredu edo estrategiarik poliki-poliki autonomia garatzen hasteko, berdin da zein zenbaki jartzen dugun, ez baitira gai izango". Hori horrela, argi du arreta debekuetan eta mugetan barik hezkuntzan jarri behar dela. "Pentsa dezagun zein eredu eman gura diegun gure seme-alabei. Ezin duguna da debekatu, mugikorra eman ez eta gu laneko posta elektronikoak erantzuten ibili afaltzen gauden bitartean. Mezu bat ematen ari gara eta beste bat egiten dugu". Beraz, Amaia Arroyoren iritziz, egin beharreko galdera ez da noiz?, baizik eta nola? "Normala da gauden puntuan egotea eta galderak horiek izatea: Zenbat denbora? Zein adin? Errazagoa da, eta tangibleagoa. Noski pentsatu behar dela horretan, baina harago joatea eskatzen du".

Etorkizuna, digitala

Kontuak kontu, etorkizuna digitala izango da, eta hor zalantza gutxi dago. Hezkuntza-curriculumean ere funtsezko konpetentzia da digitalizazioa Haur Hezkuntzatik hasi eta batxilergora arte. Helburua da etorkizuneko belaunaldiak konpetente digitalak izatea. Ez soilik gailuak erabiltzea, baizik eta informazioa nola bilatu jakitea, teknologia erabilita komunikatzen jakitea, segurtasuna nola bermatu jakitea. Amaia Arroyok argi du: "Etorkizuneko lanbideak, izan irakasle, kazetari... guztiak daude teknologiari lotuak. Batzuetan, haserretu egiten naiz teknologiaren kontrako muturreko diskurtsoak entzuten ditudanean; konparatzen dugu kokainarekin, tabakoarekin... Baina zelan izango da curriculumean dagoen oinarrizko konpetentzia bat droga batekin konparatzeko modukoa? Kontuz ibili beharra dugu diskurtso sinple eta populistekin". Hain justu ere, teknologiaren erabilera abusiboak adikzioekin ere lotzen dira sarri; halere, gaur- gaurkoz, ez da horrelako diagnostikorik existitzen. Honela azaldu du Begoña Belarrinaga neurologoak: "Nahiz eta azken urteotan literatura zientifikoa hazi egin den teknologia berriekiko adikzioarekin lotutako argitalpenetan, ez dugu ahaztu behar orain arte ez dagoela nazioarteko komunitate zientifikoan adostasunik zibermendekotasunak gaixotasun gisa tratatzeko. Gainera, komorbilitate psikiatrikoak diagnostikoa nahas dezake kasu askotan".

IKER LARRAÑAGA: "OÑATIN 445 GURASOK PARTE HARTU DUTE INKESTAN ETA %92,2K 14 URTERA ATZERATU GURA LUKETE ADINA"

Harreman osasuntsuak eraikitzera

Soluziobideak proposatzean dago gakoa, eta, alde horretatik, eztabaidarako tarte txikia dago erreportajean parte hartu dutenen artean. Guztien ustez, gakoa heziketan dago, prebentzioan, formakuntzan eta komunitate osoaren inplikazioan. Familian eredugarri izatean, edukien kontrolean eta erabiltzen den denboran: "Denborarena funtsezkoa da ohitura sortzeko orduan", dio neurologo Begoña Belarrinagak. "Pentsamendu kritikoa sustatu behar dugu", erantsi du Altxa Burua guraso elkarteko Iker Larrañagak. "Orekak bilatu, online segurtasunean eta pribatutasunean hezi, edukiak gomendatu, arau argiak ezarri eta eredu izan", dio. Izarkom telekomunikazio kooperatibak kaleratu berri duen gida ere argia da aholkuak ematerakoan: "Egunean ordu erdi baino gehiago ez ikustea, erabilera adostua izatea, esnatu eta ordu eta erdi igaro arte pantailarik ez erabiltzea, ohera joan baino bi ordu aurretik ere ez, bazkalorduan ez erabiltzea... Eta zenbat eta beranduago egin hobeto, gure garunak ez baitaude prest", argudiatu du telekomunikazio kooperatibako Yaiza Arrizabalagak. Amaia Arroyok gazteen hitza ere kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu du: "Eurekin hitz egitea ezinbestekoa da, eta mugikorra eurekin erabiltzea. Erabili eurekin bideojokoak, tableta, bilatu informazioa elkarrekin, lagundu, disfrutatu, egin esperimentuak mugikorretan ideiak hartuta. Fokua ikaskuntzan jarri, elkarrekin egiten den zeozertan. Analogikoaren eta digitalaren arteko oreka bilatzea oso polita da. Sekulako aukera politak eskaintzen ditu mundu birtualak, erabili eurekin, eta guk geuk ere asko ikasiko dugu".

Izarkomen gidatik ateratako 'Familiendako ideia nagusiak'

  • Norbere smartphonea emateko momentua ahalik eta gehien atzeratzea.
  • Eskuko telefonoaren arriskuez eta erabilera motez jabetzea –helduak eta gazteak–.
  • Eskuko telefono pertsonala emateko ibilbide mailakatua definitzea eta edukien egokitzapen progresiboa egitea.
  • Gailu partekatu batekin hastea –gurasoena, familiakoa–.
  • Lehenengo eskuko telefono pertsonala deiak egin eta jasotzseil gailua izatea –ez smartphonea–.
  • Smartphonea nerabeak gutxieneko heldutasuna duela frogatzen duenean ematea.
  • Erabilerarako eta adostastutako mugen araberako tarifa aukeratzea.
  • Eskuko telefonoaren erabileraren hasiera erabilera-itun baten ostean egitea eta gailua emateko bidean aurrera egin ahal hura berrikustea.
  • Denbora, ordutegiak eta erabilera-espazioak mugatzea. Erabilera narkotikoa saihestea.
  • Intimitatea pixkanaka kudeatzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak