'Konponbiderako giltzak' lelopean milaka lagun elkartu dira gaur Bilbon

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urt. 13a, 17:22

Presoen "etxerako bidea" aldarrikatzeko Sarek deitutako mobilizazioak erantzun zabala izan du aurten ere. Manifestazioa 16:00etan irten da, Casillatik, eta orain minutu gutxi heldu da burua udaletxera. Debagoieneko zazpi herritatik irten dira autobusak. Deitzaileek "sakabanaketa politikaren amaieraren ostean ireki den fase berrian behin eta berriro ikusten dituzten oztopoak" salatu dituzte.

Konponbiderako giltzak irakur zitekeen pankartaren atzean egin dute Casillatik udaletxerainoko ibilbidea manifestariek. Presoen "etxerako bidea" aldarrikatzen du Sarek mobilizazioarekin. Pankarta eraman duten ordezkarien artean izan dira Béatrice Molle, Txetx Etcheverry –Bake artisauak–, Ramon Agirre –aktorea–, Jose Luis Elkoro –Bergarako alkate ohia–, Anaiz Funosas –Bake Bidea–, Eztizen Artola –senidea–, Arantza Isasmendi –legelaria–, Endika Guarrotxena –Athleticeko jokalari ohia–, Itziar Ituño –aktorea–, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa –Sare–.

"Indarkerien zikloa itxi eta egiazko baketzea lortu"

Manifestazioa 17:30ak aldera heldu da udaletxera. Orduan iritsi da hitzartzeen txanda. Sareko Anaiz Funosasek hitz egin du lehenengo eta Joseba Azkarragak hartu dio ondoren lekukoa. "Gaur, berriz ere, erreibindikazio demokratikoz bete ditugu Bilboko kaleak. Hemen, manifestazio handi honetan, euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe arauei bukaera emateko ilusioa eta esperantza sentitzen dira", hasi da Funosas. Manifestazioarekin bat egin dute eragile, sindikatu eta alderdi politikoei eskerrak eman ostean ahalegin kolektiboaz aritu da. "Ahalegin kolektibo honi esker bidea irekitzen ari gara euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxera itzul daitezen. Eta hori lortzeko modu bakarra da denok eskutik helduta joatea, edonor dela ere ondoan duguna, presoen eskubideak defendatuz. Horixe da elkarbizitzan oinarritutako gizarte baterantz aurrera egiteko modu bakarra".

Indarkeriaren zikloa itxi eta egiazko baketzea lortzearen garrantziaz ere egin dute berba bai Funosasek eta bai Azkarragak. "Indarkerien zikloa itxi nahi dugu eta egiazko baketzea lortu, elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan, giza eskubideen eta bakearen kultura ezar dezagun. Indarkerien zikloa ez errepikatzeko benetako bermea litzateke hori. Garaile eta garaituen mendekuzko agertoki bat marrazten tematzen diren horiei esan behar diegu agertoki hori asmakeria dela eta, gainera, ez duela zerikusirik euskal gizartearen gehiengoak duen bake nahiarekin".

Hurrengo etapa, salbuespen espetxe politikarekin amaitzea

Gaurko manifestazioaren goiburuari egin diote jarraian erreferentzia bi bozeramaileek. "Urteetan egindako lanketaren emaitza izan zen urruntze politikaren amaiera eta presoak Euskal Herriko kartzeletan daude orain. Etapa hori bete dugu. Hurrengoa etapa salbuespen espetxe politikarekin erabat amaitzea dagokigu euskal presoak etxera bidea egin dezaten ateak zabaltzea. Har ditzagun gure eskuetan konponbidearen giltzak".

Funosasek eta Azkarragak adierazi dute ez direla utopiaz ari. "Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek diseinatu eta erraztu behar dute euskal presoak etxera itzultzeko ibilbidea. Euskal gizarteak definitu behar du hauen etxera bidea. Eta horrek erabaki politiko ausart eta zuzenak eskatzen ditu. Horregatik, espetxe politikan eta politika judizialean salbuespeneko arauak desagertzea exijitzen dugu. Ez dira pribilegioak. Legezkotasun arrunta aplikatzea eta askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, ez besterik. Eta Fiskaltzan eta Entzutegi Nazionalean irizpide politikoekin jokatzen eta justiziazkoak baztertzen jarraitzen dutenei esan behar diegu aurrean izango gaituztela eta segituko dugula behin eta berriz salatzen haien jokabidea, arbitrarioa eta sesgatua delako. Ez dezatela eskatu errespeturik beren erabakietarako, erabaki horiek haien ideologia politikoaz kutsaturik baitaude. Errespetua lortu egin behar da, ez inposatu".

Hitzak presoendako

Euskal presoendako hitzak ere izan dituzte Funosasek eta Azkarragak. "Zaballan, Iruñean, Martutenen eta Basaurin eta Frantziar espetxeetan dauden euskal presoei esaten diegu jarraituko dugula lanean etxera itzul daitezen. (...) Venezuelan, Cabo Verden eta Kuban deportaturik daudenei ere esaten diegu lortuko dugula gainditzea etxera itzultzea oraindik eragozten dizkieten oztopoak. Eta munduan sakabanaturik dauden iheslariei gure elkartasuna helarazi nahi diegu, eta haien itzulera lortzeko ahaleginetan jarraitzen dugula esan".

Indarkeria guztien biktima guztiak

"Ekitaldi honetan ez ditugu ahantzi nahi gure herrian nahiz hemendik kanpo sortutako indarkeria guztien biktima guztiak. Horregatik, salatzen ditugu biktimen minaren erabilera politikoa etengabe egiten dutenak. Biktimei errespetua, sostengua, aitortza, erreparazioa eta haien sufrimenduan elkartasuna zor dizkiegu. Esan nahi diegu haiek ere ezinbestekoak direla elkarbizitza berreraikitzeko prozesuan bake sendoa lortzeko. Gure gizartea plurala da eta giza eskubideen defentsa du helburu, baina oso garrantzitsua da defentsa hori modu kolektiboan egitea. Azken urteetan lorpen handiak izan ditugu gure herrian, gai izan garelako euskal gehiengo politiko, sindikal eta sozialean kontsentsua eraikitzeko, bai instituzioetan baita kalean ere".

Elkartasuna bakigileei

Funosasen eta Azkarragaren azken hitzak apirilaren 2an eta 3an Pariseko auzitegian epaituak izango diren Txetx Etcheverry eta Bea Molle bakegileendako zein bidean joandako Mizel Bergouignan, Michel Berrokoirigoin eta Michel Tubianarirendako izan dira. "Auzi hori ez dugu onartzen! Zuen errugabetzea exigitzen dugu! Gure eskaera da segi dezazuela bultzaka bide horretan, elkarbizitzara, bakera eta preso, iheslari eta deportatu guztien itzulerara eramango gaituelako. Denon artean egitea beste aukerarik ez dago".

Eragile askoren babesarekin

Hainbat izan dira manifestazioarekin bat egin duten eragileak. Euskal Herrian ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, HNE, eta CGT/CNT sindikatuak; EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta EH Bai alderdi politikoak; eta Gure Esku Dago, Ernai, Hitz&Hitz, Bilgune Feminista, Paz con dignidad, Frente Polisario, eta Bake Bidea eragileak.

Katalunia, Aragoi, Madril eta Galiziako hainbat eragilek ere bat egin dute aldarrikapenarekin. Horien artean nabarmentzen dira Assemblea Nacional Catalana, Òmnium Cultural, Coordinadora de l’Advocacia Catalunya defensa dels drets i llibertats fonamentals dels catalans i les institucions, SOA –Sindicato Obrero Aragones–, Amigos de Euskal Herria eta Acercar y convivir. ERC, Juntsxcat, Cup eta BNG alderdi politikoek ere bat egin dute mobilizazioarekin.

Argazkiak: Sare.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak