Konponbiderako giltzak lelopean egingo da bihar Sarek deitutako manifestazioa. Arratsaldeko lauretan irtengo da, Casillatik, eta Sarek adierazi du helburua dela "milaka pertsonak giltzak hartzea euren eskuetan; presoen etxerako bidea, konponbidea eta bizikidetza irekiko dituzten giltzak".
"Sakabanaketa politikaren amaieraren ostean", beste fase bati ekin zion Sarek, baina bailarako Sareko kide Txarli Garciak adierazi du fase berria ireki arren behin eta berriro ikusten dituztela oztopoak Espainiako Auzitegi Nazionaletik "euskal presoek etxerako bidea" garatzeko orduan: "Guk salatzen duguna da ez dugula ulertzen nola den posible espetxeko tratamendu-batzarrak [espetxeetako organoa da; hango profesional guztiak elkartzen dira] presoen eboluzioa egin, presoa "berriro ere gizartera itzultzeko prest" dagoela dioen txostena egin eta Auzitegi Nazionalean 500 kilometrora dagoen pertsona batek erabakitzea presoak berriro ere de facto kartzelara itzuli behar duela". Era berean, azaldu du Espainia dela Europako estatu bakarra ez duena kontuan hartzen beste herrialde batean betetako zigorra ondoren zigorra Espainiako Estatuan betetzerakoan.
Horrekin batera, "salbuespen legediak" bertan behera uzteko eskatzen dutela azaldu du Sareko kideak: "Orduko testuinguruak ez du zerikusirik egungoarekin, eta ikusten dugu aurrera egiteko ezinbestekoa dela lege berezi horiek ere bertan behera uztea. Argi utzi nahi duguna da gu ez garela ari pribilegioak eskatzen. Baizik eta nahi duguna da gainontzeko presoei aplikatzen zaien legea euskal presoei aplikatzea. Salbuespen legediak bertan behera uztea eta presoei ere lege arruntaren aplikazioaren bidez etxeratze ibilbide horretan ere oztoporik ez egotea. Horrez gainera, aldarrikatzen dugu biktima guztiendako ere beharrezkoa den aitortza eta erreparazioa ematea".
Aurtengo leloa
"Guk ikusten dugu konponbidea aipatzen dugunean ere, gure ustetan, ezinbestekoa dela etorkizuna eraikitzeko eta aurrera egiteko gatazkak utzitako ondorioei ere erreparatzea eta nolabaiteko afera hori ere konpontzea. Ezinbestekoa ikusten dugu presoen aferari konponbidea ematea", dio Garciak Konponbiderako giltzak leloaz galdetuta.
Hori guztia lortzeko "ezinbesteko" ikusten ditu, baita ere, euskal gizartearen protagonismoa eta, horren baitan, herri aktibazioa: "Kasu honetan ere, sakabanaketarekin amaitu genuen bezala, ezinbestekoa da euskal instituzioak zein gizartea eskutik joatea aurrera egiteko".
2021eko urria ezkero, Eusko Jaurlaritzak du EAEko espetxeen kudeaketaren eskumena. Baikor agertu da Sareko kidea, kudeaketa "profesionala" egiten ari direla iritzita, baina azpimarratu du faltan igartzen dutela euskal instituzioek ere Auzitegi Nazionalaren erabakien aurrean "ausardia pixka bat" erakustea.
Debagoieneko egoera
150 euskal presoetatik deba goiendarrak lau direla esan du Garciak: Joseba Arregi oñatiarra –32 urte preso, kondenaren hiru laurdenak beteta, bi aldiz jasan du gradu erregresioa–, Marixol Iparragirre eskoriatzarra –19 urte preso, horietatik 15 Frantzian–, Garikoitz Garcia aretxabaletarra –13 urte preso, zigorraren erdia beteta– eta Unai Parot arrasatearra –34 urte beteko ditu espetxean, 7/2003 Salbuespen legea, hil arteko kartzela zigorra–. Jose Manuel Pagoagaren eta Eugenio Barrutiabengoaren kasua ere aipatu du: "Arrasateko iheslariek hamarkadak daramatzate EHtik kanpo, eta aterabide bat eman behar zaie. Linbo batean daude, ez dakite zein den euren egoera juridikoa; Auzitegi Nazionalak ez du ezer argitzen".
Autobusak Debagoienetik Bilbora
Debagoieneko zazpi herritatik irtengo dira Bilborako autobusak; aurrez, ordea, izena eman behar izan da. Manifestazioa arratsaldeko lauretan bada ere, Sareko kide Txarli Garciak debagoiendar guztiak animatu ditu goizean goizetik Bilbora bertaratzera, egun osoko egitaraua antolatu baitute. Honako hau da autobusen ordutegia, herririk herri: Arrasaten, ospitale ondoko autobus estazioa, 11:00etan eta 14:30ean; Bergaran, Torrekuako geltokia, 11:00etan eta 14:30ean; Oñatin, Mondragon Unibertsitatearen egoitza, 10:00etan eta 14:30ean; Aretxabaletan, Azbeko geltokia, 11:00etan; Eskoriatzan, autobus geltokia, 10:45ean; Antzuolan, autobus geltokia, 10:45ean eta 14:15ean; eta Elgetan, herriko plaza, 14:45ean.