'Konponbiderako giltzak' lelopean, Bilbon izango dira debagoiendarrak ere

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 10a, 14:59

Sare Herritarrak antolatuta, urteroko moduan, manifestazioa egingo da zapatuan, hilaren 13an, arratsaldeko lauretan. Dozenaka autobus antolatu dira Debagoienetik.

Euskal presoen etxerako bidea, konponbidea eta bizikidetza irekiko dituzten giltzak hartzeko gonbidapena egiteko asmoz, Konponbiderako giltzak lelopean, mobilizazioa egingo da zapatuan Bilbon, eta han izango dira debagoiendarrak ere. Txarli Garcia bailarako Sareko kidearen arabera, "urruntze politikaren amaierarekin batera", "fase berri bat" ireki da euskal presoen etxeratzean, baina salatu du "nahiz eta euskal preso askok baldintza guztiak beteta izan eta espetxeetako tratamendu batzarrak ere baldintzapeko askatasuna edo graduaren progresioa ezartzea proposatu, oztopoak" jartzen dituela Espainiako Audientzia Nazionalak. "Edozein gradu aldaketaren aurrean, errekurtsoa jartzen du, eta hirugarren graduan dauden pertsona horiek, esate baterako, de facto bueltatzen dira espetxera. Bada garaia euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia bertan behera uzteko". Haren arabera, gaur egungo testuinguruan ez baitu "inolako zentzurik", eta, beraz, gainontzeko presoei aplikatzen zaien lege berbera aplikatzea dute aldarri.

Horrez gain, baina, hizpide dituzte konponbidea eta bizikidetza ere. "Konponbidea ere gogoan dugu, ikusten dugulako bide honetan ere biktima ororentzat beharrezkoa diren aitortza eta erreparazioa sartzea ezinbestekoa dela". Konponbidearen bidean aurrerapausoak emateko, gainera, euskal gizartearen protagonismoa "ezinbestekoa" dela nabarmendu du Garciak, "sakabanaketarekin amaitu genuen bezala".

Debagoienean ekintzak

Eskuartean duten mezuaren berri ematen aritu dira azken asteotan bailaran, hamaika ekintza egin baitituzte herrietan. Are gehiago, Debagoieneko egoeraren berri ere eman dute. "Hemen, zoritxarrez, nire ustez, gaur egungo espetxe politikaren adibide latzena edo argiena dugu. Joseba Arregi preso oñatiarrak 77 urte ditu eta horietatik 32 kartzelan pasatu ditu. Nahiz eta baldintza guztiak bete eta espetxeetako tratamendu batzarrak bi aldiz hirugarren gradua ezarri, [Espainiako] Audientzia Nazionalak bi aldietan jarritako errekurtso baten ondorioz espetxera bueltan da".

Bada, Arregiren kasua zein beste hainbat euskal presorena eskubide urraketak direla nabarmenduta, euskal instituzioei inplikazio gehiago eskatu diete, eta baita mobilizatzen jarraitzeko deia egin ere. Zapatuan, adibidez, goizez zein arratsaldez, dozenaka autobus antolatu dira Debagoieneko herrietatik, eta espero dute erantzuna ona izatea. "Euskal gizartea aktibatzea eta giltzen olatu erraldoi bat sortu behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak