Urtebeteko epean, behera egin du langabeziak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 3a, 12:18

2023ko abenduko langabezia datuen berri eman du Gipuzkoako Lan Behategiak, eta, jasotakoren arabera, 2.348 pertsona daude lanik gabe bailaran; hain justu, duela urtebete baino 75 gutxiago. Langabezia tasa ere, beraz, baxuagoa da: %7,65ekoa da, eta 0,23ko jaitsiera izan du urtebetean, gorabeherak izan dituen arren.

Langabeziak behera egin du urtebeteko epean Debagoienean, eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez: "2023a amaitzeko, langabeziak behera egin du Euskadin sektore guztietan, adin denetan eta emakume eta gizonen artean. Baina baita gizarte segurantzan ere, 19.000 afiliatu gehiagorekin. Enplegu portaera bikaina islatzen duten zifrak dira, izan diren zailtasun guztiak gainditzea lortu dutenak".

Hego Euskal Herria aintzat hartuta, eta SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren datuen arabera, 2023aren hasieran baino 4.641 langabe gutxiago izan dira urte amaieran, eta %9,89koa da langabezia tasa.

Bailarako datuak

Debagoieneko datuei dagokienez, 2.423 langabe zeuden 2023aren hasieran, urte amaieran baino 75 gehiago, 2.348 baitziren abenduan. Bada, behera egin du langabezia tasak ere ordutik, %7,65ekoa baita. Hala ere, ez da joera argia izan, gorabeherak egon baitira 2023an: martxoa, apirila, maiatza, ekaina, uztaila, iraila eta azaroa, esaterako, langabe gutxiagoko hilabeteak izan dira.

Herriz herri ere aldakorra izan da egoera. 2023a, ordea, langabe gutxiagorekin amaitu dute herri gehienek: Antzuola (-11); Arrasate (-34); Elgeta (-3); Eskoriatza (-9); eta Oñati (-22). Aramaion ere urte hasieran baino langabe gutxiago daude: urtarrilean sei pertsona zeuden lanik gabe; abenduan, aldiz, bost baino gutxiago izan direla jakin arren, ez da jakinekoa kopuru zehatza, bost baino gutxiago direnean ez baitute ematen.

Aretxabaletan eta Bergaran, berriz, urte hasieran baino pertsona gehiago izan dira lanik gabe amaieran: Aretxabaletan, sei gehiago; eta Bergaran, lau. Azkenik, Leintz Gatzagari dagokionez, berdinetan bukatu dute urtea: bost langabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak