Energiaren prezioa izango da kontuan hartu beharreko aldagaietako bat. Madrilgo gobernuak kendu egingo ditu Ukrainako gerrak eragindako energiaren gorakadari aurre egiteko hartutako neurri batzuk. Urtarrilaren 11tik aurrera, argindarraren BEZa gaur egungo % 5etik 10era pasatuko da. Eta gasaren BEZa ere igoko da, baina pixkanaka: % 10etik 21era igaroko da urtarriletik apirilera bitartean.
Inflazioarekin jarraituz, Madrilek ziurtatu du ekainera arte luzatuko dela oinarrizko elikagaietan BEZik ez ordaintzeko hartutako erabakia. Ogia, irina, esnea, gazta, arrautzak, barazkiak eta frutak, beraz, BEZik gabe izango dira ekainera arte. Neurri horrek urtebete daraman arren indarrean, erosketa saskiak %9 garestiagoa izaten jarraituko du, besteak beste, olioaren prezio altuak eraginda.
Euriborrari dagokionez, behera egiten jarraituko du, baina mantso; adituek diote jaitsiera hori ez dela izango igoera bezain malkartsua. Datuetara etorrita, abenduan martxoko balioetara bueltatu da eta, hala, 2023ko abenduko urtebeterako batezbestekoa % 3,68 izan da, ekainean %4ko langatik gora zegoen bitartean.
2023an garraio publikoak % 50eko hobaria izan zuen. Estatuak % 30 hartu zuen bere gain eta erkidegoek gainerako % 20. 2024an Sanchezen gobernuak laguntza mantentzea onartu du erkidegoek (eta gainerako administrazio publikoek) haien zatiari eusten badiote. Gipuzkoak hobaria mantendu egingo du, baina soilik Mugi garraio txartel pertsonalizatuetan, ez ordea, anonimoetan, eta erabaki hori gogor kritikatu du oposizioko talde nagusia den EH Bilduk, zaurgarrienei bizkarra ematea dela argudiatuta. Erabaki horri buruz, Gipuzkoako Diputazioan Mugikortasun sailaren ardura duen alderdi sozialistatik adierazi dute ez dela behin betikoa.