Leintz Bailarako Ekiolak eguzki plaken instalazioa amaitu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 14a, 13:03

Leintz Bailarako Ekiolak amaituta du parkea, baina oraindik ez dago martxan. 2024ko apirilean jar dezakete abian, aurreikuspenen arabera; bazkideekin, ordea, lehenago jarriko dira harremanetan. Proiektura batzeko aukera zabalik dago oraindik; egun, 220 bazkide dira.

Leintz Bailarako Ekiola kooperatibak eguzki plakak instalatu ditu dagoeneko, eta, beraz, bukatuta dago parkea. Bostehun watteko 2.520 panel ezarri dituzte Arrasateko Garaia Gunean, eta, aurreikuspenen arabera, gai izango dira 1.375 megawatt sortzeko orduko, 550-600 familiaren beharrak asetzearekin batera. "Kontsumo horren kostua jasangarria eta egonkorra izango da bazkideentzat, merkatu elektrikoan gertatuko diren aldaketak ekidingo direlako", adierazi du Jon Loitik, kooperatibako lehendakariordeak.

JON LOITI: "GURE ESKU DAUDEN FASEAK AMAITU DIRA; KANPOKO ERAGILEEN JARDUKETEN MENPE GAUDE"

Hain justu, gaur egin du proiektuaren berri emateko agerraldia Leintz Bailarako Ekiolak, Garaia Gunean, eta han eman ditu azalpenak. Alabaina, oraindik ez da martxan. Loitiren hitzetan, euren esku dauden faseak amaitu dituzte, baina kanpoko eragileen jarduketen "menpe" daude: parkean sortuko den energia elektrizitatea banatzeko sare orokorrean injektatzea ahalbideratuko duen konexioa martxan jartzeko zain daude. "Hori banatzailearen [I-DE] lana da, eta urtarrileko lehen astean egitea espero da. Sarera konektatzea posible denean, administrazio bidezko legeztatze prozesua hasiko da". Baimen hori "ezinbestekoa" baita instalazioa bazkideentzat energia ekoizten has dadin.

Ez dute data zehatz baten berri eman, baina, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste Ekiola batzuetako epeak aztertuta, gutxi gorabeherako data baten berri eman du Maite Iturbe komunikazio arduradunak. "Epe horiek gure egiten baditugu, 2024ko apiril aldera jar liteke martxan". Are gehiago, erantsi du "aste batzuen buruan" joko dutela bazkideengana. "Instalazioa martxan jarri baino lehen, harremanetan jarriko gara hornitzailearen kontratu berriak nola eragingo duen jakinarazteko, jasoko dugun faktura eredua azaltzeko eta gure kontsumo ohiturei buruz aholkatzeko, ahalik eta probetxu handiena ateratzeko".

Bazkidetza, 18tik aurrera

Webgunea birmoldatzen ari da Leintz Bailarako Ekiola, eta izen-emate prozesua online egiteko "erraztasunak" jarriko dituzte. Zehazki, abenduaren 18tik aurrera egongo da bazkidetza prozesua behar bezala egiteko aukera; Iturbek aurreratu duenez, lau urratsetan.

MAITE ITURBE: "2024KO APIRIL ALDERA JAR LITEKE MARTXAN LEINTZ BAILARAKO EKIOLA"

Bazkide egin nahi dutenek inprimakia betetzea izango da lehen urratsa, eta helbide elektronikoan jasoko duten formularioa osatzea, berriz, bigarrena. Urteko kontsumo elektrikoa adierazi beharko dute, edo, bestela, kontsumoaren aurreikuspen bat egiteko azalerari, instalazio elektrikoei eta etxebizitzaren edo lokalaren erabiltzaileei buruzko galdetegi bat erantzun beharko dute. Bada, datu horiek beteta, interesdunei kooperatibara batu ahal izateko gehitu beharko duten kapitalaren zenbatekoa bidaliko zaie, estatutu sozialekin batera, eta bi aldeen artean formalizatu beharreko kontratuaren baldintza orokorrekin.

Hirugarren pausoari dagokionez, "hamar egun baino gutxiagoko epean" mezu elektroniko bat jasoko dute interesdunek, eta, bazkide izateko interesa izaten jarraituz gero, nortasun agiriaren kopia –bi aldeetatik– eta egindako banku transferentziaren egiaztagiria –zenbateko ekarpenarekin– bidali beharko dute. Hala, azkenik, kontratua bidaliko zaie bazkide kontsumitzailetzat. "Horrela, eskaera erabat formalizatuta egongo da Kontseilu Errektoreari aurkezteko, eta hark, onartu ondoren, kooperatibarekin bat egiten duela jakinaraziko dio interesdunari".

Kontzientziazioan eragiten

Bazkide izateko aukera, beraz, oraindik, badago, proiektua ekonomikoki babestuta dagoen arren kontzientziazioan eragin nahi baitute, Iñaki Aranburu Leintz Bailarako Ekiolako lehendakariaren arabera: "Kooperatibaren helburua Leintz Bailarako herritarren artean energia jasangarrien kontsumoa sustatzea da, eta, ondorioz, bazkide gehiagorekin gure oinarri soziala zabaldu nahi dugu, bereziki, ezinbesteko energia trantsizioan protagonista izan nahi duten familiekin".

IÑAKI ARANBURU: "BAZKIDE GEHIAGOREKIN GURE OINARRI SOZIALA ZABALDU NAHI DUGU"

Aranburuk, gainera, erantsi du komunitatearen kontzientzian ere eragin nahi dutela. "2024an Leintz Bailarako biztanleok ditugun erronka energetikoen inguruan kontzientziatzeko ekimenak jarriko ditugu martxan". Izan ere, uste dute "gizarte osoaren erantzukizuna" dela trantsizio energetikoari ekitea. "Itxaropen izpiak ikusten ditugu eta eskualdeko familiak, norbanakoak edo negozio txikia animatu nahi ditugu aldaketarekin bat egin dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak