Etxeko berotasuna eta konforta mantentzen

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko abe. 12a, 14:31

Urteko energia kontsumoaren %40 inguru etxea berotzeko erabiltzen dugu. Bada, neguaren atarian, berokuntza sistemarik egokiena bilatzeko gakoak azaldu ditu Uhin enpresako energia aholkulari Rafa Irastorzak. Eraikin bakoitzarentzat sistema egokiena bilatuz gero, %35 aurrez daitekeela dio.

Puntua aldizkariaren 391. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Etxeko energia kontsumoaren ia erdia neguko hilabeteetan izaten da; hau da, etxea berotzeko erabiltzen dugu energia hori guztia. Hortaz, energia kontsumoa eta, ondorioz, horrek ekonomikoki eragiten duen faktura txikitzeko, garrantzitsua izango da berokuntza sistema egokiena aukeratzea. Bilaketa horretan laguntzeko eta hainbat gomendio emateko hitzaldia egin zuen joan zen astean Uhin enpresako energia aholkulari Rafa Irastorzak Oñatin, Diputazioko Energia Argitu programaren baitan.

Irastorzak nabarmendu nahi izan du ez dagoela sekreturik, ez eta denendako egokia den sistema bakarra ere. Eraikin bakoitzaren kasuistika begiratu behar dela dio; izan ere, sistema bakoitzak bere berezitasunak ditu. Energia kontsumoan eragingo du etxean dugun energia beharrak eta instalazioaren etekinak.

Kontsumoa, energiaka

Energia kontsumo hori murrizteko bi modu daude: energia beharra gutxitzea, behar-beharrezkoa den energia bakarrik kontsumituz; eta erabiltzen diren makina eta instalazioen etekina handitzea. Horrez gain, zentzuz jokatzea da gomendio nagusia; hau da, etxea ez hoztea, behar baino denbora luzeagoan leihoak zabalik utzita.

GALDARA BERRIA JARRI BEHAR IZANEZ GERO, EGUN, KONDENTSAZIOZKOA JARRI BEHAR DA

Etxebizitza sektorean erabiltzen den energia motari erreparatuz, gehiengoa gas naturala da; ondoren egongo lirateke energia elektrikoa, petroliotik eratorritakoak eta, azkenik, berriztagarriak. "Orokorrean, gure inguruan, gune urbanoetan, arruntena da pisuetan bizitzea, eta orokorrean gehiengoak gas naturala dugu berokuntzarako edo ur beroarentzat", dio Irastorzak. Hala ere, adierazi du erradiadore elektrikoekin edo termo elektrikoekin berotzen duten sistemak ere geratzen direla.

Arruntena, galdarak izatea

Gas naturalaren kasuan, galdarak erabiltzen dira ura berotzeko. Orain arte erabili izan diren galdara arrunten ordez, gaur egun kondentsazio galdarak erabiltzen dira. "Orain, galdara berria jarri beharko bagenu, kondentsazio galdara jarri beharko genuke", dio Irastorzak. Galdara arruntaren eta kondentsazio galdararen arteko ezberdintasuna zera da: "Galdara arruntek soilik erregaia erabiltzen dute ura berotzeko, eta kondentsaziokoak, konbustioa erabiltzeaz gain, kea kanpora botatzean sortzen den energia jasotzen du ura aurre-berotzeko. Horrek egiten duena da sistemaren etekina hobetu gutxi gorabehera %15. Baina, hobekuntza horretaz baliatzeko, oso garrantzitsua da berotu behar dugun ura tenperatura baxuan etortzea", argitu du Irastorzak. Berotu behar den ura 50 gradutik gora baldin badago, galdarak ez du kondentsatzen; hortaz, ez da aprobetxatzen keak botatzen duen energia. "Ur beroa dutxarako berotu behar dugunean ez dago arazorik; izan ere, urte sasoiaren arabera, sarean 12-16 gradu bitartean egoten da ura; baina, berokuntzarako berotu behar dugunean, aldiz, etxeko erradiadore guztietan zirkulatu ondoren, sistemara tenperatura altuan iristen da ura. Hortaz, oso garrantzitsua da sistemak tenperatura baxuan funtzionatzea".

10 aholku berokuntzan energia aurrezteko

 Zirrikituaren bila. Kanpoko airea nondik sartzen den bilatu behar da, eta hori ez gertatzeko modu seguru eta egoki bat bilatu.

Behar dena aireztatu. Gomendioa da leihoak asko jota hamar minutu irekita uztea, hormak eta zorua hoztu gabe airea berritzeko nahikoa denbora baita.

Argia beroa da. Pertsianak eta errezelak irekita eduki egunez, eta gauean itxi isolamendua sendotzeko.

Berogailuaren barruko aireak ez du berotzen. Purgatu erradiadoreak.

Berogailuak ez estali, nahiz eta itsusiak izan. Efektu konbektiboa gutxitzen du.

Berogailua ez da lehorgailua. Arropa berogailuen gainean jartzean, berogailuaren eraginkortasun energetikoa murrizten da.

Termostatoaren garrantzia. Ia nahitaezkoa da berogailua etxeko tenperaturaren arabera automatikoki piztu eta itzaltzen den sistema.

Erosotasun tenperatura. Gusturago gauden tenperatura 19 eta 21 gradu bitartekoa da; lotarako 15 eta 17 graduko tenperatura gomendatzen da. Tenperatura gradu bat igotzeko erregaiaren gastua %7 igotzen da.

Galdara 70 gradutan izan. Instalatzaileari galdetu behar zaio galdararen tenperatura egokia zein den. Orokorrean, galdarak 70 gradutan izatea gomendatzen da

Tenperatura bakoitza bere orduan. Berogailuaren funtzionamendua programa daiteke; eta, etxean ez gaudenean, itzalita izan.

Galdara konbentzionalek – atmosferikoak edo hermetikoak direnak– 70 gradutan funtzionatzen dute. Gaur egun, merkatuko eraginkorrenak kondentsazio galdarak dira. "Horiei behar bezala lan eragin behar zaie, eta horrela %110eko etekina lortuko da", dio Irastorzak. Kearen ur lurrinen energia latentea aprobetxatzen dute galdara horiek, baina soilik 50 gradutik behera kondentsatzen dute; hortaz, oso garrantzitsua da tenperatura baxuetan lan egitea ur beroan eta berokuntzan.

Aerotermia: arazoa, makina non kokatu

Aurrez aipatu ditugun galdarak ordezkatuko lituzkeen beste sistema bat aerotermia edo bero-ponpa deritzon teknologia izango litzateke. Airean dagoen energia termikoa aprobetxatzen duen energia-sistema da aerotermia, eta eraikin barruko berokuntza eta hozte sistemarako eta ur bero sanitarioa hornitzeko erabil daiteke. Aerotermiaren etekina berotu behar duen eta kanpoko tenperaturaren araberakoa izango da. "Interesgarria da kasu batzuetan, tenperatura egokian lan eginez gero etekina altua delako, baina makina non kokatu izaten da arazoa, gehienbat gune urbanoetan", dio Irastorzak. Aerotermia sistemak bi gailu izaten ditu: etxe barruan jartzen dena, eta kanpoan jartzen dena –aire girotuaren moduko aparatuak–: "Araudi urbanistikoek arazoak jartzen dituzte horrelako gailuak ipintzeko. Paperaren gainean erraza izan daiteke sistema, baina gero kokatu egin behar da makina, eta kasu batzuetan zaila izan daiteke lekua topatzea. Baserrien kasuan, familiabakarreko etxeetan… samurragoa izan daiteke".

OBRA BERRIAN ZORU ERRADIATZAILEAK SUPOSATZEN DUEN GAIN INBERTSIOA EGITEAK MEREZI DU

Beroa transmititzeko modua

Ura berotzeko, hainbat sistema daudela azaldu du Irastorzak, eta eraikin bakoitzarentzat egokiena zein den zehaztea izango litzateke gakoa. Horrez gain, berokuntza sistema bera egongo litzateke; hau da, berotutako ur hori transmititzeko modua. Berotzeko modu ezberdinak eta sentsazio ezberdinak emango dituzte beroa transmititzeko modu horiek.

Etxe askotan, berogailu sistema ohikoena erradiadore bidezkoa izaten da. Horiek tenperatura altuan funtzionatzeko diseinatuta daude, eta presa dugunean tenperatura altuan funtziona dezakete, denbora tarte txiki batean etxeko tenperatura egokia edo konfort egoera lortuz. Aldiz, funtzionatzeko modu ohikoena den arren, ez da eraginkorrena izaten. Berotzeko presarik ez dagoenean, tenperatura baxuan funtziona dezakete erradiadoreek. Tenperatura altuan funtzionatzea baino eraginkorragoa da, eta erosotasun gehiago eskaintzen du.

Balbula termostatikoen aukera

Erradiadoreetan balbula termostatikoak jartzea interesgarria da. Balbula horiek erradiadorean sartzen den emaria kontrolatzen dute nahi den tenperaturaren arabera. Inbertsio txikiarekin etxea guneka berotzeko aukera dago. Gainera, berotze sistema erregulatuta edukiz gero, asteko zazpi egunetako 24 orduak programa daitezke.

Tenperatura baxuan ordu gehiagoz lan egitea eraginkorragoa izaten da: "Lortzen da behar dugun tenperatura ordu gehiagoz funtzionatuz, baina tenperatura baxuan eta potentzia baxuan. Askotan, zaila izaten da jendeari ulertaraztea zela funtzionatu behar duen denbora luzeagoan… Zenbat eta ordu gehiago funtzionatzen egon, gehiago kontsumitu behar duela uste dute. Baina hobe da potentzia baxuan denbora luzean funtzionatzea, denbora gutxian tenperatura altuan baino. Egoera hori erraz uler daiteke ibilgailuen kasuarekin: auto batekin orduko 150 kilometrora baldin bagoaz, azkarrago iritsiko gara, baina gehiago kontsumituko dugu; aldiz, presarik ez baldin badaukagu, joan gaitezke orduko 100 kilometrora, eta gehiago tardatuko dugun arren, eraginkorragoak izango gara. Helburua zein da? Puntu batetik bestera iristea. Bada, hemen ere gauza bera da. Helburua da konforta mantentzea, eta tenperatura baxuan lan eginez gero, eraginkorragoak izango gara".

Beroa transmititzeko beste modu bat zoru erradiatzailea da. Sistema horrek ere tenperatura baxuan lan egiten du: "Metodo eraginkorra da, eta erosotasun maximoa eskaintzen du". Zoru erradiatzailea gero eta gehiago jartzen den sistema da: "Obra berrian, merezi du zoru erradiatzailea jartzea, horrek dakarren gaininbertsioa egitea. Baina, orokorrean, jendea bizi da dagoeneko eraikita dauden etxeetan. Kasu horietan, batetik, inbertsio dezentea suposatzen du; eta, bestetik, beti ez da posible izaten. Zoru erradiatzailea jartzeko, bota behar da bost bat zentimetroko hormigoizko kapa bat, eta izan daiteke eraikinak hori ez aguantatzea. Horregatik diot ez dagoela formula magikorik".

Energia berriztagarriak

"Ahal den neurrian, interesgarria da berriztagarriak jartzea; eguzki energia, edo biomasa ala egur bidezko galdarak", dio Irastorzak. Berriztagarrien kasuan ere, baserri edo eraikin familiabakarrekoetan samurragoa izango da leku egokia topatzea; aldiz, gune urbanoetan, konplikatuagoa izan daiteke, bizilagunen adostasuna eta baimena izan behar delako. Eguzki energia termikoan, negutegi efektuaz baliatuz, eguzki izpiek duten energia eguzki paneletara igortzen da. Sistema horri gehitu ahal zaio gasifikaziozko biomasa galdara. Modu horretan, abantaila izango litzateke berriztagarriekin hibridatzeko aukera, soberakin fotovoltaikoak aprobetxatzeko aukera, CO2 isuri gabekoa izatea eta erregaiaren prezioa doakoa edo konbentzionala baino merkeagoa izatea. Aldiz, desabantailak dira: hasierako inbertsio altua eta instalazioa jartzeko tokia izatea.

Irastorzak ez du aipatu gabe utzi nahi Passivhaus estandarra: "80ko hamarkadan egon zen krisi energetikoaren ostean Alemanian arkitekto batzuek eraikinak diseinatzeko idatzi zuten protokolo bat. Helburua? Konforta mantentzea ia kontsumo energetiko barik". Estandar horretan, eraikina estankoa da, galera gabekoa.

Garbiñe Olaberria: "Herritarrak ahalduntzea da asmoa"

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen teknikaria

Aldundiaren Energia Argitu programako teknikaria da Olaberria. Herritarrak energia gaietan ahalduntzeko sortutako programa da.

Zer da Energia Argitu eta noiztik diharduzue lanean?

Energia Argitu programa da herritarrak energia gaietan ahalduntzeko 2017an sortutako programa bat, ikusten genuelako gai korapilatsua dela. Faktura bidez bakarrik jasotzen dugu energiaren berri etxeetan; bada, herritarrei energiaren inguruko informazioa eman eta ahalduntzea da asmoa, energiaren inguruan hartu behar diren erabakiak modu egokian hartu ahal izateko.

Zein gai lantzen dituzue zuen tailerretan?

Hasi ginen fakturari buruzko tailerrarekin. Etxean faktura jasotzen duzunean, zure energia kontsumoaren inguruko zerbait jasotzen duzu: hilabete guztian zenbat gastatu duzun, zenbat kW orduko… Baina hori ere ulertzen jakin behar da. Errealitatean, herritarrak ez du ikusten zertan ari den kontsumitzen edo ze ordutan… Hasi ginen herritarrei erakusten nola iritsi zitezkeen euren elektrizitate datu horietara, badaudelako plataformak horren berri ematen dutenak. Hortik abiatuta joan gara urtero-urtero interesaren araberako tailer ezberdinak antolatzen.

Zein tailer dituzue orain?

Bost tailer eskaintzen ditugu: Ezagutu zure etxeko kontsumo elektrikoaren gakoak; bigarrena, efizientziari buruzkoa: Nola aurreztu energia erosotasuna galdu gabe; hirugarrena, energia berriztagarriak norbere etxean instalatzeari buruzkoa; laugarrena, Komunitate energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute; eta, azkena, berokuntza sistemei buruzkoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak