Puntua aldizkariaren 390. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Euskalgintzara aro berria iritsi zen 1980ko hamarkadan, eta hor berebiziko ekarpena egin zuen Arrasate Euskaldun Dezagun-ek (AED). Baieztapenak ez du eztabaidarako tarterik uzten. Hamarkada haietako polarizazio politikoak euskalgintzan ere bai baitzuen isla, eta AED aitzindari izan zen euskararen aldeko dinamika ez-alderdikoia eraikitzen. Euskara erdigunean, sentsibilizazio politiko desberdinetako pertsonak batzea lortu zuen, elkarrekin euskararen alde lan egitea posible zela ikusaraztea. 1983. urtea zen, oso garai politizatua. Berehala, 1.000 bazkide batzea lortu zuen elkarteak. 1.000 arrasatear, euskararen bueltan batzea.
Ordura arteko euskalgintzaren ezaugarria herri mugimenduen eta erakundeen arteko etena ere bazen, eta AEDren sortzaileek berehala ikusi zuten euskarak aurrera egingo bazuen udalarekin harremanak izatea ezinbestekoa zela. Emaitzak ez ziren berehalakoan etorri, baina, ekinez, udalarekin hitzarmena sinatzea lortu zuten. Horrek ekarri zituen udaletako euskara batzordeen eta euskara zerbitzuen sorrerak, esate baterako. Harago, euskalgintzako langileen profesionalizazioa ere bada AEDren beste lorpenetariko bat. Ordura arte, euskalgintza borondatezko lanari lotua zegoen erabat, eta asko ziren profesionalizazioaren bidea ulertzen ez zutenak, euskaltzale izanda ere. Gaur egun ez da zalantzan jartzen euskalgintzan langile profesionalek jardutea, baina, sasoi hartan, ez zegoen halakorik.
AEDk aisialdian, hedabidegintzan, lan-arloan zein berdintasunaren alorrean ari diren ezinbesteko erakundeen sorrera ere ahalbidetu zuen: Ekin Emakumeak taldea 1985ean sortu zen AEDtik, emakumeendako gune euskaldunak sortzeko helburuarekin; euskara elkartetik sortu ziren, era berean, Txatxilipurdi eta Arrasate Press –gerora Goiena–, eta ezin ahaztu AEDko Euskalan ekimena izan zela EMUN kooperatibaren sorrera ahalbidetu zuen hazia.
Arrasatetik, Euskal Herrira
Bestalde, AEDren sorrerak eta geroago, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx hizkuntzalariak argitaratu zuen teoriak hurrengo urteetan sortuko ziren hainbat eta hainbat euskara elkarteren oinarriak finkatu zituzten. Motibazioa, ezagutza eta erabilera dira iraultzailea izan zen Txepetx-en teorizazio horren zutabeak. Eta hiru zutabe horiek dira azken 40 urteotako euskalgintzaren jostaleku. Euskararen biziberritzeak behar dituelako hirurak. Zentzu horretan, azaroaren 18an, Euskaltzaleen Topaguneak egindako III. kongresuan datorren hamarkadan erabileran jauzi bat emateko jorratu beharreko lan- ildoak onartu zituen. Datorrena erabileraren aroa izateko lan egingo du Euskaltzaleen Topaguneak, eta hor kokatuko da Euskal Herriko euskalgintza, noski, tokian tokiko beharretara egokituta. Ez baita berdin Nafarroako hegoaldean bizitzea, Iparraldeko hiriburu batean edo Debagoienean. Errealitate soziolinguistikoak askotarikoak dira, eta argi dago, euskararen biziberritze prozesua hizkuntza gutxituen esperientzien artean eredugarri izanik ere, asko dagoela egiteko.
AEDk zapatuan, abenduak 2, ospatu zuen 40 urte hauetan egindakoa, urteurren jaian. Asko dute ospatzeko, ez baitira gutxi urte hauetako lorpenak. Hala ere, aurrera begirako erronkak ere asko dira oraindik. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan euskararen sustapenean ari diren euskara elkarte, ekimen eta proiektuei begiratzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Haien lana, lorpenak, errealitate soziolinguistikoa, erronkak... Horiek dira erreportajean mintzagai ditugunak.
Elgoibarko Izarra 60 urteko ibilbidea duen elkartea da, euskalgintzan erreferente. Kultur elkarte moduan eratu zuten Elgoibarko hiru euskaltzalek 1963ko martxoan. Garai hartan euskarak eta euskaldunek bizi zuten egoera ilunari argi apur bat emateko sortu zuten. Orduan, urtebete lehenago jaio zen Ikastolari laguntzea zen, batez ere, Elgoibarko Izarraren helburua eta zeregin nagusia. Baina Ikastola sendotzen joan zen heinean, elkarteak beste ardura batzuk hartu zituen, eta Elgoibarren euskara eta euskal kultura indartzeko ahaleginari ekin zion. Besteak beste, gau-eskola, dantza- eta txistu-eskola, Aubixa aterpetxea, bertsoaren inguruko ekimenak eta beste hamaika antolatzeari ekin zioten. "Haiek egin zutelako gara, zalantzarik gabe", dio elkartean 30 urtetik gora daramatzan Imanol Larrañagak. Sorrera hartan, elkarteak 1.400 bazkide bildu zituen proiektuaren bueltan –Ikastolako gurasoak derrigorrez egin behar ziren bazkide–; gaur egun, 615 bazkide inguru dira.
Elkarteak sasoi desberdinak bizi izan ditu, eta, bilakaerari dagokionez, bitan banatzen dute elkartearen 60 urteetako jarduna. "Lehenengoan (1963-1990), elgoibartarren euskaltzaletasuna esnaraztea lortu zuten. Bigarren etapan, hau da, 1991tik aurrerakoan, euskara eta euskalgintza Elgoibarko agenda soziopolitikora ekartzea lortu dugu, eta Elgoibar herri euskaldunagoa izateko proiektu sendoak sortu ditugu".
AEDren influentzia
Lehen bi hamarkadatan lan emankorra egin eta gero, 80ko hamarkadan gainbehera etorri zen Elgoibarko Izarra, eta 1990ean desagertzeko zorian egon zen. Egoera zailenean egonda ere, bizpahiru bazkidek elkarteari eustea erabaki zuten, eta AEDk hasitako bideari esker ekin zioten elkartearen bigarren etapa horri. Larrañagak argi du: "AEDk euskalgintzan jarduteko modu berria ekarri zuen, bai egitekoetan eta baita moduetan ere. AEDren praktika eta Txepetx- en teoria izan ziren Elgoibarko Izarra berriz ere tentetzeko bi makuluak. Uste dut euskalgintzak asko zor diela AEDri eta Arrasateko orduko euskaltzaleei". Eta gehitu du: "Egiteko moduei dagokionez, aldaketarik handiena, beharbada, langile profesionalena izango zen. Gaur egun normal-normala da euskara elkarteetako proiektuetan langile profesionalak ikustea, baina garai hartan euskalgintza militantziari lotuta zegoen. Jendeari kosta egin zitzaioan gurea lan profesionala zela ulertzea. Jauzi erabakigarria izan zen, eta ez genuen egin dugun ibilbidea egingo AEDk jardun profesionalaren atea zabaldu izan ez balu. Baina ez hori bakarrik. Janzteko beharra ere Arrasatetik jaso genuen, biziko bagara jantzi beharra daukagulako. Oraindik ere gordeta dauzkagu orduko Jazten aldizkariak. Julen Arexolaleiba zen zuzendaria, eta goitik behera irakurtzen genituen. Amaitzeko, batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako arrazoia ere Arrasaten entzun genuela esango nuke. Hori aintzat hartuta jardun dugu 40 urtean".
Ez da nahikoa
Euskara elkarteek asko eman diote Euskal Herriaren euskalduntze prozesuari: "Dakigun ondoen aritu behar dugu zeregin horretan, baina euskara elkarteek ez dute herri hau euskaldunduko", gogorarazi du Larrañagak. "Asko egin da azken urteotan, eta egin dena oro har ondo egin dela esango nuke, baina ez da nahikoa". Urrats gehiago behar dira euskararen aurrerabidean. "Beste zerbait behar dugu; herri honen izateko nahia blindatuko duten egiturak edo antolamenduak behar ditugu. Herri honek ere badauka zelan berba egin nahi duen erabakitzeko eskubidea, batzuen eta besteen baimenen zain egon gabe. Euskaldun izateko nahiak eusten gaitu, eta beti egon gara horren alde egiteko prest, era batera edo bestera".
Baxenabarreko Amikuze bailaran euskararen sustapena xede ari dira Zabalik Elkartetik. Iaztik dira Euskaltzaleen Topaguneko kide, eta Iparraldean topagunera batu diren sei elkarteetatik bat da. 12 bat lagun ari dira elkartearen bueltan.
Duela 26 urte, Otsail Ostegunak izeneko euskara hutsezko hitzaldi ziklo bat antolatzeari ekin zioten bi lagunek. Tartean zen Mattin Irigoien. "Ordura arte ez zen horrelakorik eremu honetan. Nik pertsonalki jarraiki nuen AEDren sorrera, eta horrek eta Txepetx-en teoriak bultzatuta ekin genion zikloa antolatzeari. Hiztun osoen zentralitate horretara begira beharrezkoa baita gauzak euskara hutsez antolatzea".
Iparraldeko egoera "desolazioa" dela dio, euskararen ikuspuntutik. Euskaldun zaharrak badoaz, eta D ereduko eskolatze-tasa apala da, %11koa. Ez dago ofizialtasunik, eta euskara kultura ekintzetan izaten da soilik. "Gure erronka orain da aisialdi zentro bat sortzea Amikuzen, umeek izan dezaten aisialdian euskaraz aritzeko aukera". Euskalduntzea koordinatzen ere ari dira, "loturak egiten euskal hiztunekin; ikastolak, gau-eskolak, antzerkikoak, aisialdikoak... biltzen ortzi muga baten barruan". Sentsibilizazioa ere lantzen dute, eta soziolingustikaz formazio bat ere egingo dute 2024an. "Ulertarazteko hizkuntza bat ez dela berez galtzen eta ez dela berez berreskuratzen ere"
Zenbat Gara elkarteak 1990eko hamarkadan hasi zuen ibilbidea, AED ordurako martxan eta Txepetx-en teoria ere hedatzen zebilen garaian. "AED oso garrantzitsua izan zen, batez ere, sorreran, lehenetarikoak izan baitziren euskara elkarte moduan eratzen, eta lehena izatea beti da zailena. Zenbat eta zenbat eztabaida saio egin genituen sasoi hartan arrasatearrekin". Kafe Antzokia, Bilbo Hiria Irratia, Algara konpartsa, Gazteola edo Gabriel Aresti euskaltegia –Euskal Herriko euskaltegirik handiena– dira Zenbat Gara elkartearen lorpenetako batzuk; halere, "nahi baino apalagoak", azaldu du Isa Isazelaiak. "Inguru erabat erdaldundean gaude, eta oso zaila da espazio euskaldunak gureganatzea. Hiri izateak zaildu egiten du Bilboko euskaldunok saretzeko aukera, eta administrazioak ez ikusia egiten du. Euskararen herrian, atzerritar komunitate bat baiginan bizi gara Bilboko euskaldunok". Bilbo Handian heren bat baino ez da euskalduna, eta demolinguistika ez da aldeko. Horregatik, ezagutzan lan handia egin beharra nabarmendu du Isazelaiak: "Etorriko direnei erakutsi behar diegu nazio kultural bat existitzen dela gurean bere musika, literatura, dantza, antzerki... Mundua ikusteko forma propioa duena. Beraz, motibazioan lan handia egin behar dugu, ez dakitenek euskaraz ikasteko erabakia har dezaten".
Duela 32 urte Gasteizen elkartu ziren hainbat euskaltzaleren ekimenez sortu zen Geu Elkartea. Garai hartan bazegoen mugimendu euskaltzale bat Gasteizen, eta hainbat lagun elkartu ziren aldizkari bat egiteko. Aldizkaria izan zen hasiera hartan elkartearen ardatza. Gero hasi ziren bestelako ekimen batzuk antolatzen. Geu Elkartea sortu eta hiru hamarkadara, Gasteiz da euskara gehien hitz egiten den bigarren hiriburua. "Azkenean gasteiztarrok dugun topiko batekin amaitzeko bidea eman digu. Euskararen bilakaera oso positiboa izan da Gasteizen, eta bilakaera horrek jarraitzen du. Elkartea erreferente da hirian euskalgintzan ari direnendako, elkartzeko elementu bat: "Harreman onak ditugu, eta saiatzen gara guztien arteko elkarrekintzak sortzen".
Transmisioa bermatzea
Aurrerantzean ere, euskalgintzan ari direnak harremanetan jartzea izango da Geu Elkartearen estrategietako bat. "Auzoetan talde dinamika berriak sortu dira, sekulako lanketak egiten ari direnak, eta badago euskarak auzoetan dinamika jarrai bat izateko aukera. Azken 30 urteotan eskolan euskaraz ikasi dutenek transmisioa euskaraz egin dezaten oso garrantzitsua da. 30 urte hauetako inbertsioa kapitalizatzeko abagunea dugu, eta aprobetxatzen ez bada, aukera galdua izango da", azaldu du Azaitz Unanuek.
Ipar Euskal Herriko gizartearen egunerokotasunean euskara presenteago egitea du helburu 2024 hasieran kooperatiba bilakatuko den Plazara elkarteak. "%80k ez daki euskaraz eta euskaldunak diren %20 horietatik zenbaitek konplexuak ditu euskaraz mintzatzeko. Hori da frantses estatuak luzaz eraman izan duen politika linguistikoaren ondorio", dio Eneko Gorrik. Halere, bada euskararen aldeko mugimendua Iparraldean, eta euskalgintzako egitura horiek euskara erdigunera ekar dezaten laguntzera dator Plazara. Esate baterako, aisialdia euskaraz egiteko tresnak sortzen ari dira, edota baita udaletarako ere: "Zinegotziek esaten digute euskaltzaleak direla, baina ez dakitela zer egin erabilera eta transmisioa azkartzeko. Guk baliabideak sortzen dizkiegu".
Iparraldea jostaleku
Plazarak Ipar Euskal Herria du jostaleku, nazio maila eredu eta mundu mailako hizkuntz aktibistak inspirazio iturri. "Asko dugu elkarrengandik ikasteko. Uste dut Hego Euskal Herriko euskalgintzak balukeela Nafarroan edo Iparraldean gertatzen ari denaz ikasteko. Izan hizkuntza eta identitatea lotzeko dugun tendentzia, izan gure herri kulturak biziarazteko dugun gaitasuna. Uste dut Iparraldean eta Nafarroan atxiki ditugula komunitate sentimendu batzuk, EAEn ahuldu direnak".
Xan Alkhat: "Ez dugu ulertzen kultura euskararik gabe"
Etxebarre eta Lexantzü-Zunharreko Elgebarrena elkartea
Elgebarrena Elkarteak duela zazpi urte ekin zion Xiberoan kulturaren eta euskararen inguruko lanari. Etxebarre eta Lexantzü-Zunharre herrietan ari da elkartea: "Aukera gutxi genituen elkar ikusteko eta elkarrekin gauzen antolatzeko, eta parada ederra ikusi genuen elkartearen sorrerarekin", dio Alkhat-ek, elkarteko kideak.
Kultura da euskararekin atxikimendua izateko bideetako bat. "Batzuentzat, kultura da euskara baino garrantzitsuagoa, baina askok ez dugu kulturarik ikusten euskararik gabe. Herritar guziek ez dute besteok dugun ber atxikimendua euskararekiko, baina saiatzen gara euskarari hauspoaldi ederra ematea". Hala, maskaradak hartzen dituzte, bertso-barrikadak antolatzen, trikitilariekin eta bertsolariekin bertso-bazkariak egiten. Filmak ere ematen dituzte, eta gaualdi bat edo beste ere antolatzen dute. Bi herrietako euskararen egoera ez da beste batzuetan bezain txarra. "Erran nezake euskara erabiltzen dugunok herritarren erdia osatzen dugula. Zaharren gehienek ezagutzen eta erabiltzen dute; 20-50 urte artekoetan, erdiek emaiten dute eta besteek ez, eta gazte gehienek erabiltzen dute, ikastolan ibiltzen baitira asko". Halere, "zaindu behar den egoera dugu", dio Alkhatek: "Euskararen egoera oro har zalantzan da gure lurraldean. Eguneroko borroka dugu, erabiltzea eta erdaldunen aintzinean euskaldunen artean erabiltzea"
Iruñeko Gazteluko plazan euskarak badu bere txokoa. Bertan baitago Laba izeneko espazioa. Kafetegia du, denda, terraza, eta ekitaldi kulturalak egiten dira, eta aurrera begira, hedatzea eta espazio horretatik kanpo bestelako ekitaldiak antolatzea ere bada asmoa. Espazioa erabiltzeko aukera suertatu zitzaien euskararen bueltan aritzen ziren hainbat laguni, espazio hori familia euskaltzale batena baitzen. 40 bat lagunek parte hartu zuten prozesuaren ondoren, Laba definitu zen. Kafetegi eta denda gisa, baina, bereziki, kulturgune eta informazio gune gisa. Ondoren, elkartea ere sortu zen eta bazkideak ere badituzte. "Guretzat euskara bidea da. Ez dugu geratu nahi euskaraz bizi nahi dugulako aldarri horretan. Labara bazatoz, badakizu hemen euskaraz egiten dela, baina euskararen sustapena bidea da".
Proiektu jaioberria da Laba – duela hiru urte sortua–, eta erronka, orain, egonkortzea da, bai ekonomikoki eta baita hedapenari dagokionez ere. "Badugu norengana iritsi, ezagutzera ematen jarraitu behar dugu, sozialki zabaltzen eta proiektu bezala hiriari ekarpen berriak egiten. Kultur arloan eta baita beste arlo batzuetan ere. Elkarlanak bultzatu gura ditugu". Izan ere, Iruñean une honetan euskararen bueltako proiektu dezente daude, eta inoiz baino gehiago programatzen da euskaraz. "Laba ekarpen bat gehiago da hiriko euskal komunitatearendako".