'Goiena.eus'-ek 20 urte bete ditu

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko abe. 4a, 10:34

Goienako erredakzioa 2013an.

2003ko azaroan sortu zen Goiena.net eta 2014an eman zuen .eus-erako jauzia; komunikazioan teknologien erronkei aurre egin nahiz informazioaren garai berrietara egokitzen jarraitzen du euskara hutsean informazioa ematen duen webguneak.

2003ko azaroan jaio zen Goiena.eus ataria –orduan Goiena.net– eta dagoeneko 20 urte daramatza abiadura bizian etengabeko berrikuntzak egiten. Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi Iban Arantzabalek gogoan du sorrera: "Osagarri ona zen sarea, ordurako lantzen genituen papererako, irratirako eta telebistarako. Nabarmenduko nuke Goienak beti izan duela puntan egoteko gogoa eta ardura. Tren honetara tokiko euskal hedabidegintza goiz igo zen. Asmatu genuen lekua hartzen".

Ordutik geroz eta pisu handiagoa hartzen joan da sarea, eta Arantzabalek azpimarratu du "anaia-arreba nagusia" dela gainerako hedabideendako: "Gure lan fluxuetan ere Internet da lehenengo geralekua, eta ondoren datoz papera eta telebista". Horren emaitza ere erakusten da atariko audientzia datuetan; izan ere, egunean, 6.000 erabiltzaile eta 10.000 bisita ditu Goiena.eus-ek, batez beste. Aipatzekoa da, baita ere, 2014an .eus-erako saltoa eman zuela, euskararen normalizazioaren aldeko lanaren adierazgarri.

"GOIENA.EUS' GEHIAGO BALEUDE, EUSKARA IZANGO LITZATEKE INFORMAZIO-LIDER"

Iban Arantzabalek gaineratu du inork gutxik usteko zuela eskualdeko hedabide liderra izango zenik sarean: "Gaur-gaurkoz, euskarazko toki komunikazioan milaka bisita daude egunero. Iragarki bat jartzeko Tokikomek batzen duen amarauna da efektiboena. Afektiboa den tokikotasuna lantzen da eskualdez eskualde, eta efektibotasuna denok batuta lortzen da. Etorkizunean ere gaur arte beste landuko dugu sinesgarritasuna. Goiena.eus fidagarria da, eta aurrerantzean nahiko genuke pertsonalizatuagoa izatea. Lanean dihardugu".

Tokikomeko webguneen erroa

Tokikom plataformako medio gehientsuenek ere Goienaren webgunearen erro –diseinu– bera daukate, eta horretaz ere berba egin du Goienako zuzendari nagusi nahiz Tokikomeko presidente Arantzabalek: "Eskualde batean irla moduan funtzionatuta ez da behar besteko eraginkor normalizaziorako. Eskualdekako Goiena.eus gehiago baleude, euskara izango litzateke lider informazioan. Hori egiteko dago, eta gure nahia da bai plataformarekin bai bestelako erremintekin euskarazko toki informazioan eraginkorrak izatea Debagoienean zein Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak