Estibaliz Urresola: "Etengabe ari gara galtzen aberastasun eta unibertso posible asko"

Txomin Madina Milikua 2023ko mai. 12a, 14:37

Zinema-aretoetara arrakastatsu heldu den '20.000 especies de abejas' idazten hasi eta estreinatu bitartean bost urte pasatu dira. Eta Berlingo eta Malagako jaialdietan jasotako sariak ikusita, esan daiteke Laudiokoak bete-betean asmatu duela zer eta nola kontatu.

Puntua aldizkariaren 366.alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Lehenengo film luzea oraintxe estreinatu den arren, Estibaliz Urresola (Laudio, 1984) ez da, inondik inora ere, zinemara heldu berria. Hainbat film labur egin ditu aurretik; tartean, azken Goya sarietarako izendapena lortu zuen Cuerdas.

Zenbat urtetako lanaren fruitua ari zara jasotzen azken hilabeteotan?

Luze ereindako bidearen emaitza da guztia. Film luzearen kasuan, lehenengo gidoiarekin 2018an hasi nintzen, eta, ordutik, bi film labur egin ditut: lehenengo, Polvo somos; eta gero, Cuerdas. Asmoa zen azken hori filmatzen hasi ginena baino urtebete lehenago hastea grabatzen, baina pandemiaren osteko murrizketak zirela-eta ezin izan genion filmatzeari ekin 2021era arte; izugarri gerturatzen zen 20.000 especies de abejas-en aurreprodukzio fasera. Oso beldurtuta nengoen, niretzat bi proiektuak zirelako oso bereziak eta garrantzitsuak. Azken hemezortzi hilabeteak zoratzeko modukoak izan dira, bi produkzioetako lanak modu arriskutsuan ibili naizelako uztartzen une oro; baina oso gustura geratu naiz biekin.

Ume trans baten errealitatea kontatzen du 20.000 especies de abejas-ek. Zer zenekien errealitate horretaz pelikula egin aurretik?

Banekien errealitate hori existitu existitzen zela. Baina dokumentazio-faseari ekiteko Naizen elkartera hurbildu nintzenean, ezustekoa hartu nuen jakin nuenean 3 eta 4 urteko neskak eta mutikoak ere bazeudela trantsitua gizarteratzeko prozesuan. Ez nuen imajinatzen hain txikitatik adierazi zezaketenik horrelakorik; baina noski, hizkuntza bereganatu bezain pronto duzu zeure burua identifikatzeko eta adierazteko gaitasuna. Nik neuk ere bidaia handia egin dut arakatze- eta ikerketa-prozesuan zehar.

"Nik ere bidaia handia egin dute pelikula egiteko arakatze- eta ikerketa-prozesuan"

Zein izan zen pelikula egin bitartean zenuen kezka handiena?

Pelikulari eman nahi nion ikuspegia edo tratamendua. Logikoena, edo automatikoena, umearen jarraipen hutsa egitea izango litzateke; ikuspuntu bakarreko pelikula egitea. Baina Naizeneko familiekin egindako elkarrizketetan jaso nuen gauza interesgarrienetakoa, ikuspegia bilatzeko gakoa, izan zen trantsitua familiak bere osotasunean bizi izaten duen prozesua dela. Ume haiek hasieratik ziren zirenak; aldatzekotan,gainontzekoen begirada izan zen aldatu zena. Ideia hark asko mugitu ninduen, gainontzekoak, gizarte osoa, interpelatzen gaituelako. Konplexutasun handiagoa eskatzen zion hark pelikulari, eraldaketa prozesua pertsonaia guztiek bizi dutenez guztiengan jarri behar delako arreta. Ondorioz, oso ondo neurtu behar izan nituen pertsonaia guztien bidaiak eta sakontasunak; bereziki, amaren kasuan, hura delako familia osoaren sintesia. Pelikulak amaren eta alabaren transformazioaz hitz egiten du, bereziki. Bakoitzaren ibilbidea kontatzen du: alabak zenbat eta ozenago adierazi Lucia dela, amak orduan eta gehiago galtzen du nortasuna eta norabidea.

Publikoak erantzun du, eta lehen hiru asteetan Espainiako hamar film ikusienen artean kokatu da, esaterako. Heldu dela esan genezake?

Bai; gauza polit asko ari gara jasotzen, mezu polit asko. Era berean, jendea zinema-aretoetara joateak esan gura du aurrez ikusi dutenak gomendatzen ari direla. Lortzen ari garen emaitzak bost urtean igaro ditugun fase, tunel eta zailtasun guztiak konpentsatzen ditu.

Zailtasun asko izan dituzu pelikula egin ahal izateko?

Bai. Lehenengo film luzea da, eta ez proiektu makala; ez da lokalizazio bakarrean garatzen den bi pertsonaren arteko istorioa. Aktore asko eta ume pila bat daude; fundizioa; erleak, eskultura... Haiek guztiek dimentsio handia ematen zioten proiektuari. Oraindik ere sektorearen konfiantzarik ez duen zuzendari berria izanda, finantzaketa lortzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan.

Ezaguna da Alfred Hitchcokek umeekin eta animaliekin lanik ez egiteko emandako gomendioa. Zuk, baina, ez diozu batere jaramonik egin, ume asko daude-eta pelikulan. Zelako esperientzia izan da?

"Pelikularen emaitzak bost urtean igarotako zailtasun guztiak konpentsatzen ditu"

Aurretik egindako beste bi film laburretan egin nuen lan umeekin, eta asko gozatzen dudan zerbait da, beste bide eta metodologia batzuk pentsatzera behartzen zaituelako. Kasu honetan ere plazer handia izan da, protagonista den Sofia Oterorekin oso ondo komunikatzen naizelako. Neska gardena eta azkarra da eta barne mundu aberatsa du oso. Pelikula egiten konturatzen nintzen apurka-apurka gero eta urrutirago joan nintekeela harekin, ñabardura gehiago sartuz. Hura ere, antzezpenarekin lotutako kontuez gain, zinemagintzarekin lotutako beste gauza batzuk joan zen barneratzen: koreografia espaziala, atrezzoaren jarraikortasuna mantentzeko egin beharrekoak... Zazpi asteko filmaketan zehar Sofia hazten ikusi dut aktore moduan.

Noiz izan zenuen argi Sofia Oterok izan behar zuela protagonista?

Oso kuriosoa da. Sarri, guk geuk programatzen dugu geure burua. Gure kasuan, pertsonaiaren konplexutasuna ikusita, pentsatu genuen asko kostatuko zitzaigula aktorea topatzea. Sofia lehen casting-deialdira agertu zen, baita bigarrenera eta hirugarrenera ere; baina haren izaera pertsonaia nagusiarenarekiko hain da ezberdina, ez nuen ikusten aurrean nuela bila nenbilena. Beste pertsonaia bat egiteko aukeratu nuen orduan. Baina denbora aurrera zihoan, 500 neskatila ikusi genituen eta ez nuen topatzen nahi nuena. Momentu batean konturatu nintzen Sofiari ez niola propio egin pertsonaia nagusirako proba. Berriz ere deitu, proba egin eta orduan gauzatu zen lehen aipatu dudan komunikazio-momentu hura. Askotan pentsatu izan dut pelikulan familiari gertatu zitzaion gauza bera gertatu zitzaidala: parean izan arren ez nuela ikusten aktore moduan eman zezakeen guztia, aurretik beste paper bat eman niolako. Bizitzan askotan erreproduzitzen ditugu horrelako patroiak: pertsona bati lehenengo begiradan egindako analisiarekin geratzen gara, eta, horrela, etengabe ari gara galtzen aberastasun, konplexutasun eta unibertso posible asko.

Familiaren gaineko hausnarketa ere bada pelikula. Eta deigarria da, era berean, gizonezko pertsonaiak oso bigarren mailan daudela.

Ume transei askotan esaten zaie ez direla nahikoa helduak nor diren eta zer nahi duten jakiteko. Baina, era berean, neska dela dioen neska zis bat ez da zalantzan jartzen. Neure buruari galdetzen nion zergatik uste dugun helduok hain garbi dugula zer den emakume izatea eta, hori horrela, ume txiki bati hori ukatzeko zilegitasuna sentitzea. Emakume bat zer den galderari erantzun bat egotekotan, nire ustez, erantzun hori da ez dagoela emakumetasun bat, eta, gainera, emakume izatearen esperientzia klaseak edo arraza bezalako beste faktore batzuek ere definitzen dutela. Hori guztia aitzakia hartuta, gaiaren gainean hausnartuko zuten belaunaldi askotariko emakumeak batu nahi nituen pelikulan.

Hainbat hauts harrotu dituen Trans Legearen onarpena eta pelikularen lehen aurkezpen publikoak ia aldi berean izan ziren. Zelan bizi izan duzu hori? Eta zein iritzi duzu legeaz?

"Emakumezko euskal zinemagileak beti egon gara hor, baina orain bilakatu da zerbait nabarmen"

Gidoia idazten hasi nintzenean ez nuen inondik inora ere pentsatzen gaur egun gauden egoeran egongo ginenik; hau da, gaiaren gaineko lege bat onartuta. Oso berri ona dela uste dut, orain arte gizartearen zati handi baten eskubideak ez direla bermatu erakusten duelako. Deigarri egiten zitzaidan hainbesteko aldiberekotasuna, Berlinen pelikula aurkeztu baino astebete onartu zen-eta legea. Baina, era berean, estreinatu zen egun berean gertatu zen Sallenteko neba-arreba bikien kasua, zeinetan bere buruaz beste egin zuen Ivan deitua izan nahi zuen umeak. Horrek agerian jartzen du legea onartuta egon arren gizarte moduan aurrerapauso handiak eman behar direla, zenbait pertsonarengan sufrimendu handia dagoelako.

Gai aldetik, pelikulak ez du batere antzik zure aurreko lanarekin, Cuerdas-ekin. Ze eratako gaiek erakartzen zaituzte zinemagile moduan?

Nire lanen artean askotariko gaiak daude, baina baita interes edo hausnarketa amankomunak ere: identitatea, gorputza, generoa... Eta nola gurutzatzen diren gai horiek guztiak emakumezko pertsonaietan. Batzuetan, zerbait intimotik abiatzen dira proiektuak; beste batzuetan, errealitatetik kolpatzen nauten gertakizunak izaten dira martxan jartzeko bulkada. Cuerdas-en kasuan, esaterako, jardunaldi ekofeminista batzuetara joan nintzen entzule moduan, beste inolako asmo edo nahi barik, eta han entzundakoek astindu egin ninduten; handik irten zen interesa. Film luzearen kasuan, Ekai Lersundi ondarrutarraren jazoera izan zen mugitu ninduena.

Lara Izagirre, Alauda Ruiz de Azua, zu zeu... Emakumezko euskal zinemagileen loraldi baten aurrean gaudela esango bagenu, ados egongo zinateke?

Beste asko ere badaude: guk iaz Cuerdas-ekin egin genuen bezala, hurrengo Cannesko jaialdian film labur bat aurkeztu behar duen Irati Gorostidi; Maddi Barber; Lur Olaizola; Maider Oleaga... Loraldia? Zergatik ez! Beti hor egon gara, baina, zirkunstantziei esker, orain bilakatu da zerbait nabarmen. Uste dut zenbait eragile eta erakundetatik hartu izan diren neurri batzuen emaitza dela. Emakumeen presentzia ahalbidetzeko eta alde horretatik zegoen desoreka sozial bat konpontzeko neurri zuzentzaileak dira. Nabaria da baita ere gure lanek oihartzuna dutela nazioartean eta jaialdietan; adierazten du ez ditugula egin ahal izan emakume izateagatik bakarrik, balioa dutelako baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak