Zaintzaren auzia erdigunean jarri asmoz, greba feminista orokorra deitu du gaurko Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta hala, goizean goizetik ibilki dira piketeak bai lantokietan eta baita herrietako kaleetan ere. Debagoienean izandako erantzuna baina, oso ezberdina izan da sektorearen arabera.
Bailara mailan, Debagoieneko Mankomunitateko langileek bat egin dute grebarekin eta itxita egon da gaur egun guztian zehar. Debagoieneko Ospitalean, bestalde, greba egin edo ez norbanakoaren erabakia izan da.
Goiena Komunikazio Taldeko langileek ere bat egin dute deialdiarekin, nahiz eta grebaren jarraipena egiteko zerbitzu minimoak egon diren.
Arrasate
Arrasateri dagokionez, hemen ere greba egitearen aldekoak izan dira Udaleko langileak eta ondorioz, udal biblioteka eta Musakola kiroldegia itxita egon dira. Hezkuntzan, Arizmendi ikastolako gune guztiak itxita egon dira gaur, baita Arrasate Herri Eskola eta Institutua ere. Debagoieneko AEKn ere bat egin duten grebarekin, eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakasleek ere bai.
Industrian, Polmetasako zein JMAko langileek bat egin dute Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin, ez horrela Fagor taldeko lantegiek.
Bergara
Bergaran, Udaleko langileen babesa izan du greba feminista orokorrerako deialdiak, eta ondorioz, bertako zerbitzuak itxita egon dira gaur. Aranzadi Ikastolako, Mariaren Lagundia Ikastolako eta Ipintza Institutuko langileek ere ez dute lanik egin gaur, eta ezta Musika Eskolak ere.
Industriako Lantegiei dagokienean, baina, Arcelor izan da grebarekin bat egin duen bakarrenetakoa. Lacor Ibilin, Soralucen eta Lazpiurren deialdiak ez du aurrera egin eta Labegaraietako industrialdean ere, lantokien artean normaltasuna izan da nagusi.
Oñati
Oñatin, Udaleko langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin, nahiz eta hainbat arlotan, esaterako etxez etxeko laguntza zerbitzuan, zerbitzu minimoak lanean egon diren. Zubikoa kiroldegia eta kultura etxea, baina, itxita egon dira. Txantxiku Ikastolan. Elkar Hezi ikastetxean eta Urgain eskolan ere zerbitzu minimoak bakarrik eskaini dituzte, eta Zuazola-Larraña Institutuan erabakia ez da loteslea izan. Enpresagintza fakultatean, bestalde, langileek bat egin dute.
Oñatiren kasuan, Natra izan da herriko lantegi handien artean grebarekin bat egin duen bakarra. Ulma taldeko lantegietan ez du babes nahikoa jaso, eta ondorioz, horietan normaltasunez aritu dira gaur lanean, baita Fagor Industrialen ere. Hijos de Juan de Garay eta Txintxurreta lantegietan, langile bakoitzak erabaki du grebarekin bat egin edo ez.
Oñatiko greba batzordeko kideek grebak erantzun ona izan duela esan dute, baina desoraketua izan dela gaineratu: "Industria sendoa dugu hemen, Kooperatibetan, adibidez, gizonak nagusi direnetan apenas egin da jarraipenik. Kooperatibak izanda, zer pentsatu eman beharko liguke horrek. Balio etiko eta ardura soziala duten kooperatibak dira eta horregatik onura onura sozial eta ekonomiko batzuk jasotzen dituzte, esaterako ogasunetik. Eta gaurkoan ez dute erantzun. Ez dakigu interes faltagatik izan den edo ulertzeko gogorik ez delako egon, baina ez da jarraipenik egon"
Gainerako herriak
Debagoieneko gainerako herrietan gutxi gora-behera Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko argazkia errepikatu da. Industrian diharduten lantegi handietan, Antzuolako Orelikon Balzers eta Aretxabaletako Mondragon Assembly bezalako salbuespenak salbuespen, grebak eragin txikia izan du. Bailarako udal guztietan egin dute bat grebarekin, Leintz Gatzagan langile batzuk lanera joan diren arren. Ikastetxeei dagokionez, erantzun zabal izan du deialdiak.
Komertzioak eta ostalaritza
Ostalaritzan eta komertzioetan, erantzuna askotarikoa izan da. hainbat komertziok egun osoz ixtea erabaki dute, esaterako, Arrasateko Musakolako Eroskik. Beste denda batzuek, aldiz, mobilizazioak izan diren garaian itxi dituzte ateak.