Egutegirik osatuena, Goienakideei opari

Miren Arana Pagaldai 2023ko aza. 20a, 10:15

Azaroaren 23an, Goienakide guztiei iritsiko zaie etxera Goienakide egutegia: "Bailarako egutegirik osatuena". Goienak komunitatearekin sortutako egutegi tematikoak Lanbideak izango ditu ardatz, baina urtez urte aldatuko da gaia.

Azaroaren 23an, lehenengoz oparituko du Goienak, Goienakide egutegia: "2024ko bailarako egutegi osatuena". Etxez etxe banatuta, Goienakide bakoitzak berdinak diren bi egutegi jasoko ditu, eta horren zergatia azaltzen duen eskuorri bat. "Gabonen bueltan opari praktiko bat egin nahian, bailarako egutegi osatuena banatuko du Goienak", azaldu du Puntua aldizkariko erredaktore buru den Monika Belastegik; aste horretan, beraz, Puntua aldizkaria ez dela banatuko ere azpimarratu du.

2024. urteko paretako egutegia izango da Puntua aldizkariaren formatuko 40 orriko egutegi tematikoa. "Komunitatearekin egindakoa da, hilabete bakoitzak debagoiendar argazkizale baten argazkia izango du. Guk esandako irizpideak errespetatu dituzte, eta oso eskertuta gaude; izan ere, besoak zabalik jaso gaituzte herri guztietako ordezkariek", esan du jasotako laguntza Monika Belastegik.

Lanbideak ardatz

Lanbideak izango da egutegiaren aurtengo gaia, baina aldatzen joango da urtez urte. Belastegik azaldu duenez, bi atal nagusitan banatuta dago: "Lehenik, egutegia bera egongo da; hilabete bakoitzak argazki bat izango du, eta, gainera, herri eta auzoetako hitzordu garrantzitsuak, egun seinalatuak, efemerideak, Euskal Herriko jaiegunak, lanbideei loturiko esaera zaharrak, tenporak eta ilargi aldaketak ere jasoko ditu, besteak beste".

Bestetik, lanbideei eskainitako argazki erreportajea ere edukiko duela aurreratu du Puntua aldizkariko arduradunak: "Arrazoi desberdinengatik, etxean transmititzeagatik edo espezializazio maila altua eskatzeagatik adibidez, langile gutxiago dituzten lanbideei tokia eskaini nahi izan diegu". Egutegiari amaiera emateko, orri beteko 2025eko egutegia eta editoriala ere egongo dira.

"Osatua bai, baina osatzen jarraitzeko" eginiko egutegia dela azpimarratu du Monika Belastegik: "Urtero aterako denez, norbaitek zerbait faltan botaz gero, idatzi baino ez du egin behar, hala, komunitatean egutegia hobetzeko eta osatzeko aukera izango dugu".

Zergatik bi?

Goienakide bakoitzak bi egutegi jasotzeak badu bere arrazoia; izan ere, Goienak oparia egin bezala, Goienakide bakoitzari opari bat egiteko aukera eskaintzea da helburua: "Goienakideak nahi duenari opari bat egiteko aukera emateaz gain Goienakide berri bat ekartzea lortzen badu, upategi batera joateko zozketa batean sartuko da". Goienakide izateko, nahikoa da goienakide@goiena.eus-era idatzi edo 943 25 05 05 telefonora deitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak