Batera Jauzi leloarekin, aro berri bati ekitea erabaki du Euskaltzaleen Topaguneak. Bazkideekin eta hainbat instituzio eta erakundeetako ordezkarien aurrean egin du hirugarren kongresua gaur Arrasaten, eta hantxe hartu dute erabakia.
Aro berri horrek euskararen erabileran goranzko jauzi bat ematea du helburu eta hori lortzeko hurrengo hamarkadarako Topaguneko zuzendaritzak proposatuko helburu eta estrategia berriak aho batez onartu dira Kongresuan. Bost ardatzetan oinarrituko den estrategia izango da:
- Mugimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa izatea eta
herritarrak ahalduntzea: nazio mailan zein tokian toki. - Harreman sare sendoak izatea, askotariko eragile eta mugimenduekin.
- Euskal identitate askotariko ireki eta inklusiboa sendotzeko, imajinarioa,
diskurtsoak eta jokaerak berrikusi eta gizarteratu. - Euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko, ekimenak plazaratu eta
eragin. - Erabileran jauzia emateko akordio sozio-politiko-instituzional berriak
bultzatu.
Astelehenetik aurrera
Ibilbide luzea duten taldeen esperientzia –AEDk 40 bete ditu aurten, Loramendik 3o urte–, talde jaio berrien asmoak, gizartearen aniztasuna... askotariko gaiak eta heldulekuak landu dituzte kongresuan. Lehena izan da, adibidez, Irati Iciar Topaguneko presidentearendako eta oso pozik dagoela adierazi du kongresua amaitzean: "Oso beteta eta emozionatuta, pertsonalki. Eta taldean ere, giroan, nabaritu dut ilusioa handitzen joan dela. Ponentziak oso ondo aurkeztu dira. Euskalgintzan ez dago gelditzerik eta gaur aurkeztutako gogoetan eta prozesua ikusi dugu euskarak aurrera egiteko jauzi egin behar duela eta jauzi hori erabilera izango da, hori izango da indargunea. Orain, egunerokotasunera ekarri behar dugu hori, astelehetik aurrera bakoitzak badu lana".