Puntua aldizkariaren 387. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Kantatzeko ohitura handia duen herria da Euskal Herria. Izan kalean, izan mahaiaren bueltan... belaunaldiz belaunaldi transmititu dira modu horretan abestiak. Ahozkotasunaren ondare dira abesti horiek, herri baten kulturaren eta izaeraren adierazle. Kantatzeko dinamika leku askotan egon da, baina Kantu jira edo Herrian kantuan bezalako ekimenak orain dela bi hamarkada baino gehiago egin ziren lehenengo aldiz Baionan. Ondoren, dinamika horiek herriz herri zabaltzen joan dira, eta kantu taldeak sortzen.
Durangon, abenduan
Talde horiek guztiak batzen dituen sarea ere badago: Euskal Herria Kantuz. "Kantuzale elkartetik ikusi genuen behar bat bazegoela, eta zen kantuzale talde horiek guztiak elikatu, dinamizatu, koordinatu eta elkarrekin ekimen bateratuak bideratzeko aukera", dio Euskal Herria Kantuz taldeko Juanlu Aranburuk. 2010eko abenduaren 5ean elkartu ziren Durangon: "Gogoan dut Xabier Lete hil zela aurreko egunean. Durangoko Azokan elkartu ginen, omenaldia egin genion, eta aurrera begirako dinamika bateratu bat martxan jartzeko erabakia hartu genuen". Beharrezko ikusten zuten kontzientzia sortzea kantu taldeen artean: "Kantu talde asko elkartzen ziren gustuko zutelako kantatzea, baina ez ziren kontziente zertan zebiltzan; hau da, zer egiten zuten. Kontzienteki jakinarazi behar zitzaien ez dela berdina euskaraz abestea, gazteleraz edo ingelesez.
Euskaraz abestea hautu politiko bat da; euskarazko kantuek ematen digute guri nortasun bat, gure bizipenaren izaera, eta esaten digute euskaldunok zela bizi izan dugun gure bizitza. Horregatik, horren kontziente izatea eskatzen genuen".
Euskal Herria Kantuz dinamikak dituen helburuak dira: euskal kantagintzaren transmisioa, eta kultur transmisioa bideratu ahal izatea; kantuaren dinamika kalera ateratzea; eta, azkena, kantuaren bitartez euskararen erabilera bultzatzea.
Urtean behin, topaketak
Euskal Herria Kantuz elkarteak kantu topaketak antolatzen ditu urtean behin, hiriburu batean; aurtengoa Bilbon egin zuten, ekainaren 17an. "Bilbo batean Kantu jira indartsu egotea oso garrantzitsua da euskararendako, eta baita Tafalla batean ere… edo Burlatan. Kantu dinamika zabaldu eta jai modura euskaraz abestea oso garrantzitsua da euskara indarberritzeko eta baita kultur dinamikarako ere", nabarmendu du Aranburuk. Bilbon, 2014an izan zuten topaketa, eta 2020an berriro ere egitekoa zen, baina, pandemia dela medio, bertan behera gelditu zen. Aurten … eta elkartuko gara berriro leloari heldu diote antolatzaileek Bilbora bueltatzeko.
Aipatutako urteroko topaketaz gain, Euskal Herria Kantuz taldeak laguntza eskaintzen du, adibidez, harremanetan jartzeko batzuk eta besteak. "Horrez gain, kantu liburuxkak editatzen ditugu. Orain, sortu ditugu plataforma digitalak non sakelakoan ditugun partitura guztiak", azaldu du, eta nabarmendu du talde bakoitza independentea dela eta herri bakoitzak bere dinamikak sortzen eta antolatzen dituela.
Debagoien mailan gero eta herri gehiagotan daude kantu taldeak. Arrasateko Portaloia taldea da bailarako talde beteranoena; haren atzetik etorri dira beste talde eta dinamika batzuk: Aretxabaletako Basotxo kantu taldea, Aramaioko Alaiak Kantuan, Oñatiko Herrixa Kantuan eta aurten Bergaran sortu duten Bergara Kantuan. Elgetan, esaterako, egin izan dituzte horrelako dinamikak, baina azkeneko urteetan ez dute horrelakorik egin.
Transmisio lana
Aranburuk dio osasun ona dutela kantu dinamikek. Gaur egun, Euskal Herri mailako 72 bat talderekin dituzte harremanak Euskal Herria Kantuz taldekoek. Aranburuk nabarmendu du jende helduak parte hartzen duela kaleko kantu saioetan, baina transmisioa badagoela eta adin bakoitzak bere beharrak dituela. "Dinamika hauetan batez ere jende helduak parte hartzen du. Nik beti esaten dut jende gazteari dagokiola sorkuntza lana; hala ere, baldin badaude transmisio lan hori egiten, ba, primeran". Gaineratu du gazteen artean badagoela kanturako zaletasuna: "Ikusten ditugu gazteak euren afarietan kantatzen, eta gogotsu gainera, baina euren errepertorioa kantatzen dute, eta euren lagunekin. Bakoitzak bilatzen ditu bere adin tarteko ingurunea eta ekimenak". Kalean egiten dituzten kantu dinamika horietan jende helduak parte hartzen duela dio, eta oso ondo pasatzeaz gain, lagunak egiteko balio duela gehitu du.
Elkarte guztien egoera ere ez da berdina izaten. Urteetan aurrera egin ahala aldaketak izaten dira antolatzaileen artean, eta horrek eragina izan dezake elkartearen egoeran bertan. Batzuetan dinamikak osasuntsuago egongo dira; eta beste batzuetan, esaterako, geldialdian. Aranbururen esanetan, taldeak duen erronka da hasieran aipatutako hiru helburuei jarraipena ematea, eta herri txikietan eta batez ere euskara erabiltzen ez den eremuetan euskal errepertorioa kantatu ahal izatea garrantzitsua dela dio. "Aurten, esaterako, Bilbon elkartu ginen milaka kantuzale, eta denak elkarrekin kantuan aritzeak ematen dio Bilbori bestelako erreperkusio bat".
'... eta elkartuko gara berriro'
Ez da kasualitatez sortutako leloa aurtengo Euskal Herria Kantuz topaketan erabili dutena. Pandemia garaian eta batez ere etxeratze garaian zenbat galdu zen nabarmendu du Aranburuk: "Etxeratzean egon ginenean, asko galdu genuen; euskarak ere galdu zuen, eta konturatu ginen, euskararik gabe eta kantura irteteko espaziorik gabe, galdu genuela euskaraz kantatzeko aukera". Konturatu ziren ze garrantzitsua den kaleak kulturaz janztea eta elikatzea; kasu honetan, euskal kulturaz. "Kaleko espazioak aukera ematen du jarraipena emateko gure kulturari, hizkuntzari eta kantagintzari", gehitu du Aranburuk. Horregatik, poliki-poliki beldurrak alde batera utzi, eta kalera irteteko beharra aldarrikatu dute.
Gazteengana iristea ere erronka garrantzitsu bat da. Ikastetxeen bitartez sor daiteke harreman hori: "Proiektu asko egin daitezke, baina errealitatea da boluntarioak garela eta ezin garela toki guztietara iritsi; egia esan, ikastetxeetara iristea izugarria izango litzateke". Euskal musika ikastetxeetara iristea izugarria izango litzatekeela dio, baina eurek ez dutela baliabiderik. Horren aurrean, Aranburuk eskatzen du egitura bat sortzea; izan ere, egun, "irakasle bakoitzak heltzen dio eskura daukan horri", eta egitura egonkor bat izatearen garrantzia nabarmendu du: "Falta da planifikazioa eta helburu zehatzak adostea".
Abesten duen herria ez da inoiz hilko dio abesti ezagunak; bada, esaera hori kontuan hartu eta abesten jarraitu nahi dute bailarako eta Euskal Herriko kantuzaleek. Kontua egin zen kantu, eta ahots bidez herri.
Bailarako talde beteranoena da Arrasateko Portaloia taldea. 2004an sortu zuten; beraz, datorren urtean 20 urte beteko ditu. Lehenengo aldi haietan, Donostiatik Itziar Zamora abeslaria etortzen zen Arrasatera zuzendari lanak egitera. "Donostian klaseak ematen zituen eta Donostiako kaleko kantaldietan beti ibili izan da Itziar zuzendari moduan", azaldu du Xalva Dalmauk. Euskal abestien inguruan asko dakiela dio Dalmauk, eta ondo gogoratzen du zelakoak izan ziren lehenengo urte haiek: "Otsailetik maiatzera bitartean etorri zen, lau aldiz. Donostiatik trenez etortzen zen Zumarragara, eta ondoren haren bila joaten nintzen", dio Dalmauk. Kantu saioak Hotel Mondragonen egiten zituzten domeka arratsaldetan, eta saioak bukatu ondoren berriro ere Zumarragara eramaten zuten autoz Zamora.
Zamoraren ondoren, Maixa Lizarribar hasi zen taldea zuzentzen: "Gure komisioko bat trikiti eskolako ikaslea zen, eta haren bitartez hasi ginen Maixarekin, 2004ko urrian". Tolosatik etortzen zen Lizarribar, eta zazpi urtez ibili zen domeketako joan etorriak egiten.
Hileko lehenengo barikua
Gaur egun, Angel Astondoa aramaioarra dabil zuzendari lanetan Portaloian. Hilean birritan elkartzen dira; batean, entsegua egiten dute Kulturolan; bestean, hileko lehenengo barikuan, kalera irteten dira kantuan egitera.
"Portaloian hasten gara, eta abesten dugu bi edo hiru tokitan", azaldu du taldeko kide den Mari Tere Larrañagak. Arrasateko taldeak ere musikarien laguntza izaten du; izan ere, musikaz girotuta erakargarriagoa izaten da kantu jira. Baina Arrasaten bakarrik ez dira mugitzen Portaloia taldekoak: "Urtero joaten gara Bilbora, baita Gernikara ere urriko lehenengo zapatuan... Egia esan, Euskal Herri guztian mugitzen gara".
Nabarmendu du herri askotara joaten direla eta gero eta talde gehiago daudela Euskal Herrian.
Aurrera begira, Portaloiak badu erronka bat: nahi dute gitarra ikastaro bat antolatzea. "Gure asmoa da gitarrarekin laguntzea euskal kantak abesten; ez da ohiko gitarra ikastaro bat izango. Nahi duguna da jendeak oinarrizko ezagutza batzuk izatea euskal kantuak abesterakoan lagundu ahal izateko", gehitu du Larrañagak.
Musikaren bitartez eta kantatzeko duten zaletasuna aprobetxatuz euskal abestien ondarean sakondu nahi dute, eta ondare hori hedatu, transmisioan eragin dezan. Gazteek ere euskal abestiak ezagutu eta kantatu ditzaten.
Alaiak jubilatuen elkarteko kantu tailerra da Alaiak Kantuan. Betiko abestiak eta berriak abesten dituzte, eta urtean pare bat ekintza egiten dituzte; Euskararen Egunean, besteak beste.
Aramaio herri kantuzalea da. "Azken urteetan, hainbat auzotatik deitu digute kantuan egiteko, eta egia da planteatu izan dugula maiztasun finko batekin egitea", azaldu du kantu tailerreko zuzendari Larraitz Arriolabengoak.
Eskolako umeekin
Eskolako umeekin ere egiten dute transmisio lana. Euskararen Egunaren bueltan, kantuan irteten dira kalera, eta une politak bizitzen dituztela dio: "Aramaio herri txikia da, eta kointziditzen dute kantuan aitona-amonek ilobekin. Gainera, eskolako ume guztiek ikasten dituzte kantuak, baita hiru urtekoek ere, ahal duten neurrian".
Kaleko kantu jiretan gazteak erakartzea zailagoa dela dio; hala ere, haren arabera, egun seinalatuetan, kuadrilla handiak batzen dira kantuan egitera, herrian giro polita sortuz.
2015ean hasi zuten Oñatin Herrixa Kantuan ekimena; garai hartan, Txantxiku Ikastolak eta Musika Eskolak elkarlanean abiatu zuten proiektua. Hilean behin elkartzen ziren, zapatu eguerditan. Azken urteetan, aldiz, Musika Eskolak berak hartu du ekimena aurrera eramateko ardura.
Musika Eskolako musikarien laguntza ere izaten dute kantariek. "Soinua, gitarra, txistua... izaten ditugu laguntzen. Batzuetan, baita trikitia, biolina edo pianoa ere", azaldu du Musika Eskolako irakasle Arantzazu Bikuñak.
Urtean, lau ekitaldi
Bikuñak nabarmendu du azkeneko hitzorduetara gero eta "jende gutxiago" joaten dela; dio hori izan daitekeela herrian ekitaldi asko daudelako. Hori horrela, hausnarketa txiki bat egin dute, eta erabaki dute aurrerantzean urtean lau hitzordu egitea; egubakoitz arratsaldetan izango dira. Gainera, plazan bertan egingo dituzte kantaldiak, kalean gora eta behera ibili barik.
Ekimenaren helburua da kultur transmisioa bermatzea, eta garai batean hain ezagunak ziren abestiak gazteei ezagutaraztea.
Aretxabaletako erretiratuen Basotxo elkartearen barruan dago Basotxo kantu taldea. 2010ean sortu zuten, eta ordutik hona hiru zuzendari izan ditu: Jose Luis Errasti, Imanol Aranzabal eta gaur egungo Jose Ramon Quintanilla. "Abestea gustuko dugulako etortzen gara; ez dugu musika formaziorik, ezta belarri onik ere...", azaldu du Basotxoko kide Pedro Etxebarriak.
Herririk herri, kantuan
Aretxabaletan bertan hainbat ekitaldi egiten dituzte, batez ere, data esanguratsuen bueltan; baina herritik kanpo ere asko ibiltzen dira kantuan. "Otxandion izan gara, Eibarren, Elgoibarren, hiriburuetan... Azkenekoz Gernikan izan ginen", azaldu du. Autobusa Basotxok jartzen diela dio, eta beti Basotxoko zapiarekin joaten direla, modu horretan elkartearen irudia kanpora ateraz.
Kantu berriak ikasi behar dituztenean, Quintanillak lan handia izaten du: "Nik musika badakit; hortaz, tonua hartzen dut eta kantatzen diet ahots bakoitzari bere tonua". Musikarien laguntzarik ez dute gaur egun, eta gustura hartuko lukete instrumentuen laguntza.
Aurten sortu dute Bergara Kantuan taldea; Jardun Euskara Elkartea dago taldearen atzean, eta Udalaren laguntza izan dute ekimena aurrera ateratzeko. Hasieratik izan dute argi zerbait herrikoia egin nahi zutela. "Nahi genuen euskal kantutegia bultzatzea eta belaunaldien arteko transmisioa egotea", azaldu du Jardun Euskara Elkarteko Maitane Arizabaletak.
Maiatzean egin zuten lehen kantu jira Bergaran, eta ondoren etorri dira ekainekoa, irailekoa eta urriaren 28an egin zuten azkena. "Kontuan hartu ditugu auzoak. Ez gara erdiguneko kaleetan bakarrik ibili; auzoetara ere iritsi gara", azaldu du Arizabaletak. Entseguak egin dituzte astean behin edo birritan San Josepeko lokalean, batez ere abesti berriak entseatzeko.
Jarraitzeko gogoz
Ordu eta erdi inguruko kantu jirak egin dituzte, eta Arizabaletak nabarmendu du askotariko jendea elkartu izan dela kantuan. Gainera, liburuxkak aldiro atera dituzte ezberdinak. Jardunen asmoa da aurtengo maiatzean hasitako ekimenari jarraipena ematea.