Itun soziopolitikoa bideratzeko konpromisoa hartu du Kontseiluak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko aza. 7a, 16:13

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du gaur goizean, Bilbon. Irudian, Idurre Eskisabel eta Manex Mantxola.

Hilaren 4ko manifestazioaren balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta Idurre Eskisabel idazkari nagusiak aitortu du aurreikuspenak "gainditu" egin zirela. Era berean, hiru interpelazio egin ditu: botere judizialari, erakunde publikoei eta gizarte eragileei.

Milaka izan ziren pasa den larunbatean Bilbon elkartu ziren herritarrak euskararen aurkako oldarraldia salatzeko, eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak aitortu du "pozik" daudela deialdiak izandako erantzunarekin. "Batik bat, gure kezka eta larritasuna gizartean itsatsita dagoela ikusi dugulako. Badagoelako kezka bat euskararen sustapenari jarritako oztopoek eragindakoak, eta, aldi berean, badago gogo bat euskararen normalizazioan aurrera egiteko". Are gehiago, erantsi du manifestazioarekin bat egin zuela "uztai sozio-politikoaren zati handienak", eta "euskararen normalizazioa adostasun sozialak handitzetik eta sakontzetik" etorriko dela. Haren arabera, hor dago noranzkoa, baina nabarmendu du Kontseiluak ardura bat gehiago duela: "Indar hori guztia ahalik eta ondoen bideratzeko konpromisoa, beti ere euskararen normalizazioaren alde eta kontsentsu sozialean sakontzearen alde". Hala, itun soziopolitiko baten premia azpimarratu du.

Ituna, etorkizunari eusteko

Eskisabelen arabera, itun soziopolitikoa "ezinbestekoa" da euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta, era horretan, etorkizuneko erronkei heltzeko. Bada, jardun horretan arituko da aurrerantzean, "adostasunen bilaketa eta lanketatik".

Horretarako, hiru interpelazio egin ditu. Batetik, botere judizialari. "Uste dugu botere judizialaren eremuan hizkuntz eskubideen gaineko gogoeta eta lanketa bat egin beharko litzatekeela: sentsibilizazio eta kontraste bat". Bestetik, erakunde publikoei ere zuzendu zaie: "Bi arlotan egin dezakete ekarpen handia: normalizazioaren kontrako epaiak datozenean auzibideak azken bururaino eramaten; hau da, helegite bide guztia aurrera eramanez. Baina baita oldarraldiari kasurik egin gabe, euskararen normalizazioak behar dituen arau eta legeak abian jartzen (…) Eta, jakina, alderdi politikoei politika publiko ausart horien berme izan daitezen eta judizializatzen jarraitzea eragozteko". Eragile sozialak eta herritarrak interpelatu ditu, azkenik. "Euskararen normalizazioak denok behar gaitu (…) Bide luze baten hasieran gaude".

Protokoloaren sorrera

Manex Mantxola Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaileak, berriz, Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa dokumentua aurkeztu du. Haren esanetan, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak bere bigarren artikuluan zehazten du "inor ezin dela diskriminatu" bere hizkuntzarengatik, baina "oraindik euskal hiztunen eskubideak ez daudela guztiz bermatuta egunerokoan" arlo askotan. Bada, protokoloak helburu du "oldarraldi judizialari erantzun irmoa emateko tresna" izatea. "Hizkuntza eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta sartzeko balioko duena, euskalgintzaren eta hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten askotariko eragileen arteko harremana eta elkarlana hauspotuz".

Protokoloaren funtzionamenduari dagokionez, adierazi duenez, bi kasutan aktibatuko litzateke: arau, kontratazio edo deialdi bati hizkuntza-eskubideei loturiko helegitea jartzen zaionean, jarraipena egiteko; eta, hizkuntza eskubideen edo euskararen normalizazioaren aurkako sententzia baten berri jasotakoan, erantzuna emateko. Bi kasuetan ere Kontseiluak jasoko luke berria, eta bere ardura izango litzateke euskalgintzarekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin harremanetan jartzea, baina urratsak eragileekin zehaztuko lituzke. Nolanahi ere, aurreratu dutenez, erantzunak bi eremuren arabera aurreikusten dituzte: udal edo tokiko kasuak, eta foru erakunde edo administrazio orokorragoetakoak.

Hala ere, jakinarazi dute protokoloa ez dela dokumentu itxia, eta erantzun eta esperientziak jaso ahala, aberasten eta egokitzen joango direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak