Milaka eta milaka lagunek egin dute bat Bilbon euskararen aurkako oldarraldia salatzeko

Txomin Madina Milikua 2023ko aza. 4a, 19:31

Bilboko Udalaren arabera 70.000 lagun baino gehiago elkartu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako mobilizazioak. Hainbat euskalgintzako eragilek, sindikatuk eta alderdi politikok adierazi diote babesa manifestazioari; azken horien artean, EAJko, EH Bilduko eta Sumarreko ordezkariak ere egon dira Bilboko kaleetan.

17:00etan abiatu da Bilboko Euskalduna Jauregitik Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa eta milaka eta milaka lagun, Bilboko Udalaren arabera 60.000 baino gehiago, izan dira Oldarraldiaren aurrean, euskaraz bat, euskararekin bat pankarta nagusiaren atzetik udaletxerainoko bidea egin dutenak. Hainbat sindikatuk eta euskalgintzako zein herri eragileek ere babesa adierazi diote mobilizazioari eta EAJ, EH Bildu, Sumar, Geroa Bai eta EH Bai alderdietako ordezkariak ere izan dira bertan. Erakundeetako ordezkarien artean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Ramiro Gonzalez eta Eider Mendoza Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere manifestazioan egon dira.

Argazkia: Monika del Valle (FOKU)

Epaitegietatik azkenaldian heldu diren euskararen aurkako sententziak salatzea eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta herritarren eskubideak erdian jartzeko aldarrikatzea izan dira mobilizazioaren helburu nagusiak, eta autobusez zein euren kabuz joanda, ehunka debagoiendar ere Bilbon egon dira.

Akordio soziopolitiko berri bat

Ruper Ordorikak Zaindu maite duzun hori abestuz hasi da  Bilboko udaletxera heltzean heltzean egin duten amaierako ekitaldia eta bertan  Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu du hitza. Esan du euskararen normalizazio prozesua oztopatzea milaka herritarren hizkuntza eskubideak oztopatzea dela, baita"“justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan atzera egitea” ere.

Argazkia: Monika del Valle (FOKU)

Kontseiluak, era berean, "ezinbestekoa" ikusten du akordio soziopolitiko berri bat. "Oldarraldiaren aurrean hesia jarriko duena ez ezik, euskarak eta euskararen komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko moduko zorua eratuko duten hizkuntza politikak bideratuko dituena. Olatu erreakzionarioari eutsiko diona ez ezik, aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko itun politiko eta soziala", esan du Eskisabalek akordioaz eta "duten ardura eta gaitasunagatik", erakunde eta indar politikoei dei egin die horren parte eta bultzatzaile izan daitezen, "sen onez, etorkizun oparo bat bermatzea helburu hartuta".

Bernat Etxeparek 1545an argitaratutako Kontrapas bertsoa oinarri duen kantuarekin bukatu da ekitaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak