John Andueza: "Liburu gordina, baina gustura irakurtzekoa da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko aza. 7a, 15:04

Hamargarren liburua idatzi du Elgetan bizi den Arrasateko idazleak; Para bellum izenburua du eleberriak, eta Elkar argitaletxearen Traola bilduman argitaratu du. Arrasate Irratiko gaurko, martitzena, Zaku bete kontu saiora gonbidatu dute.

Elgetan kokatuta dago, eta bi familiatako belaunaldi ezberdinetako kideak dira protagonista Euskal Herrian ehun urtetan izan diren gertakariak batzen dituen fikziozko kontakizunean.

Hamargarren liburua duzu; pozik?

Oso pozik; 2012an idatzi nuen lehenengoa eta nekez aurreikusten nuen egin dudan ibilbidea.

Ze sentsazio dituzu berriarekin?

Sentimendu askoren nahasketa dut; ordu asko eta ilusio handia daude liburuaren atzean, eta egia bihurtu dela ikusita, poza eta harrotasuna, baina urduritasun apur bat ere bai, jendeak nola hartuko duen.

Si vis pacem para bellum esaldi ezagunetik abiatzen da istorioa?

Bakea nahi baduzu prestatu zaitez gudarako esaldia da abiapuntua. Elgetako bi familia urteetan elkarren kontra ibiliko dira borrokan, lubakiaren alde batean batzuk, eta beste aldean, besteak. Euskal Herrian urte asko pasatu ditugun gerra giroaren erakusle.

Dena dela, euskal historiako pasarte asko jasotzen badituzu ere, argi utzi gura duzu fikzioa dela.

Bai; ez da gertatutakoei buruzko saiakera bat, oinarrian Euskal Herriko 100 urtetako pasarte asko badira ere. Asmatutako bi familiaren arteko tirabira eternoaren kontakizuna da.

"Hemengo azken 100 urteetako gertakariak batuta, fikziozko istorio bat idatzi dut"

Zelakoak dira pertsonaiak?

1922an abiatzen da, eta elkarren lagun diren Elgetako Txapartegi eta Otalora baserrietako familiak dira protagonistak. 1936an frankisten altxamendua izan zenean, baina, elkarren etsai bihurtuko dira, eta hala izango dira hurrengo belaunaldietan.

Intxortan 1937an gertatutako guda pasartea ekarri duzu; bestelako zer gehiago, adibidez?

Sarraski horretatik abiatuta, gerraosteko eta ondoren sortu ziren biolentzia kasuak, ETAren jarduna eta Estatu terrorismoa... Gure eskualdean ere une oso latzak eta istorio gogorrak bizi izan ditugu, kontatu beharrekoak, nire ustez.

Zure aurreko liburuekin alderatuz, barre gutxi egingo dugu.

Hasieratik oso argi izan nuen liburu honek diziplina handia eskatzen zuela idazlearen partetik; izan ere, nahiz eta fikzioa izan, ez nuen inor mintzerik nahi, eta uste dut liburua hasi eta bukatu artean izpiritu horrekin idatzita dagoela. Liburu gordina da, baina, fikzioa den neurrian, gustura irakurtzekoa dela esango nuke; neurri batean, urte askotan hemen bizi izan dugunaren kronika ere bada.

Eleberri batek eskatzen dituen osagaiak alboratu barik, ezta?

Kontsumitzaile moduan, intriga osagaia izan behar dute, niretzako derrigorrez, liburuek edo ikus-entzunezkoek; beraz, nire lanetan beti dut presente hori, eta oraingoan ere istorioaren bukaeraraino saiatu naiz intriga hori mantentzen.

Irune Izquierdoren irudia ekarri duzu liburuaren azalera.

Liburua begietatik sartzen da lehenengo; beraz, ondo zaindu behar da hori. 100 urteko istorioa barne hartuta, ez zen samurra momentua aukeratzea. Ilustratzaileak proposamen bat bidali zidan, non bi mutil agertzen ziren, eta oso aproposa iruditu zitzaidan; izan ere, liburua irakurtzen ari zarela jakiten da zein diren bi pertsonaia horiek.

Eskuragarri dago liburua?

Bai, esaterako, Arrasateko eta Bergarako Elkar dendetan dago eskuragarri, eta laster izango da liburu denda gehiagotan, orain ari gara-eta zabalpena egiten.

Zelan doaz promozio lanak?

Hasi berritan, baina zurrunbiloan sartuta dagoeneko; oso eskertuta nago, eta pozik ari naiz hango eta hemengo hedabideetan askotariko elkarrizketak egiten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak