Bere komunitatearen iritzia jaso du Goienak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 7a, 12:58

Goiena Komunikazio Taldeari eta haren hedabideei buruzko online inkesta 500 erabiltzailek baino gehiagok erantzun du; Goiena politikoki plurala nahiz sinesgarria dela diote, eta gertuko informazioa ematea da gehien baloratu dutena.

Goiena Komunikazio Taldeak bere komunitatearen iritzia –bezero, erabiltzaile, irakurle edota ikus-entzule– jaso du, beste behin. Goienarekiko eta Goienako hedabideekiko komunitateak daukan iritzia eman dute erabiltzaileek online bidezko inkesta baten bitartez. Azkenengo urteetan, urtero edo bi urtetik behin egin du asebetetze inkesta Goienak. Modu horretara, komunitatea bera eta haren iritziak hobeto ezagutzeko.

500 lagunek baino gehiagok erantzun du inkesta. Gehienak dira 46 eta 55 urte bitartekoak (%32,5) eta 35 eta 45 urte bitartekoak (%30,4). Halaber, gehienak emakumezkoak dira; hain zuzen ere, %62,2. Ikasketa mailari dagokionez, inkesta erantzun dutenen %64k ikasketa unibertsitarioak ditu eta %30,5ek ikasketa ertainak. Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusia pozik agertu da jasotako emaitzekin: "Goienak etenbako neurketak egiten ditu, eta gogobetetasun inkesta hau da horietako bat. Lagin garrantzitsua da 500 erantzunekin osatutakoa. Emaitzek jarraipena adierazten dute. Aurreko urteetan ere sinesgarritasuna, gertutasuna edota pluraltasuna oso baloratuak izan ziren, eta azkenengo honetan ere bai".

Goienari buruz duten pertzepzioaren gainean, honakoak dira jasotako erantzun aipagarrienak: Goienako hedabideetan –Goiena.eus, Goiena telebista, GOIENA aldizkaria, Puntua, Goiena aplikazioa eta Arrasate Irratia– zabaltzen diren edukien balorazio orokorrean galdetuta, %63arendako ona da eta %12arendako, berriz, bikaina. Hedabide edo euskarri ezberdinei dagokienez, GOIENA aldizkaria, Puntua eta Goiena.eus dira baloratuenak eta horiei buruz jaso dira erantzun gehiago; bereziki, GOIENA aldizkariari buruz. Inkesta erantzun dutenen %23k balorazio bikaina dauka Puntua-ri buruz, eta %48k ona. GOIENA aldizkaria, berriz, bikaina iruditzen zaio %21i, eta ona %63ri. Eta Goiena.eus webgunea, bikaina %16ri, eta ona %62ri.

Gaurkotasuna eta sinesgarritasuna

Edukiari buruz galdetzerakoan, gaurkotasuna; gaien interesa; aniztasuna; pluraltasuna; testuen egokitasuna; diseinua eta aurkezpena; argazkien eta ikus-entzunezkoen kalitatea, eta sinesgarritasuna kontzeptuez galdetu zaie. Gaurkotasuna eta sinesgarritasuna dira gehien baloratu dituzten kontzeptuak. Ostean datoz gaien interesa, gaien aniztasuna edota testuen egokitasuna. Inkestan agertu dira proposamenak ere esaten duenak komunikazio taldeak baduela hobetzeko tartea banaketan eta ikus-entzunezkoen kalitatean.

Sare sozialei buruz –Instagram, X, Facebook, Whatsapp, Telegram– eta Goienak sareko edukia zabaltzeko erabiltzen duen buletinari buruz galdetzean, buletina, Whatsapp eta Facebook erabiltzen dituzte gehien.

Beste hedabide batzuk

Goienaz aparte, gainerako euskal hedabide aipagarrienen gainean ere galdetu zaie, eta gustukoenak dituzte Euskadi Irratia, ETB1 eta ETB2. Ostean, Berria eta beste hamar bat hedabide ere baloratu dituzte. Horien guztien gainetik dago Goiena; hau da, baloratutako gainerako hedabideek baino nota hobea du; "oso ona" edo "ona".

Azken emaitza horretaz, honela mintzatu da Arantzabal: "Gainontzeko hedabideei ematen zaien balorazioen gainetik egotea arduraz hartzen dugun gaia da, eta horrek gure lana bezeroen zerbitzura jartzeko bultzada izaten jarraitzen du. Badugu konpromisoa kazetaritza lana hobetzen jarraitzeko; baita gure lana ikus-entzule-irakurleengana heltzekoa ere. Gero eta plaza gehiagotan gaude, gero eta modu ezberdinagoetan heltzen gara. Goiena aplikazioa da horietan berrikuntzetako bat; baita Primeran plataforma ere. Goiena egongo da bezeroak dauden leku guztietan, gure zeregina baita ahalik eta txoko guztietara heltzea kalitatezko toki-kazetaritza euskaraz eginez".

Gertuko informazioa

Zentzu honetan, Goiena zergatik kontsumitzen duten galdetuta, gehienek diote gertuko informazioa ematen duelako dela (%94,5). Informazioa euskaraz ematen duelako kontsumitzen ditu Goienako hedabideak %64k, eta sinesgarria delako %34,1ek.

Goiena plurala

%66k dio Goiena politikoki plurala dela. Beste %21ek erantzun du ez dakiela, eta %13k dio Goiena ez dela plurala. Azken erantzun hori eman dutenen artean, Goiena zein alderdi edo joerarekin lerrokatzen den galdetzean, %64k uste du EH Bilduri lerrokatzen zaiola; %49k, EAJri, eta %5ek, Ahal Duguri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak